2017ko apirila

 
«Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu» (Lk 24, 29)

Gonbidapen hau egin zioten ezezagun bati, Jerusalemdik Emausera zihoazen bi bidelagunek, aurreko egunetan hirian gertatutakoaz beren artean «hizketan eta eztabaidan» ari zirela.

Zirudienez, ezezaguna zen bakarra horretaz ezer ez jakiten, eta horregatik konpainian hartzen duten bi bidaideek azalpen ematen diote «hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan profeta handia zen» batez, harengan konfiantza handia jarri zuten batez. Nola apaizburu eta agintari juduek erromatarren esku utzia izan zen eta gero hila eta gurutziltzatua (ik. Lk 24,19 eta hur.). Ikaragarriko tragedia huraxe, haientzat esanahi ulergarririk gabea.

Bidean zehar, ezezagunak laguntzen die gertaera haien esanahia ulertzen Liburu Santuen esanak erabiliz, eta pizten du berriro itxaropena haien bihotzetan. Emausa iristean, etxean sarrarazi zuten afaltzeko: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Elkarrekin mahaian zeudela, ezezagunak bedeinkatzen du ogia eta ematen die. Adierazpen-keinu horrek Hura ezagutzea ematen die: Gurutziltzatua hila zen eta orain pizturik da! Eta berehala biek planak aldatzen dituzte: Jerusalema bihurtzen dira beste ikasleengana, haiei berri handia ematera.

Gu ere senti gaitezke gogogabetuak, amorratuak, ezintasun-sentipen tragikoak joak, pertsona errugabe eta babesgabeek jasaten dituzten bidegabekeriengatik. Gure bizitzan ere ez da falta minik, ziurtasun faltarik, iluntasunik… Eta nolako gogoz nahiko genituzkeen beroriek aldatu eta bake, itxaropen eta argi bihurtu geuretzat eta besteentzat.

Aurkitu nahi dugu, barru-barruraino konprenituko gaituen eta bizitzako bidea erakutsiko digun Norbait?

Jesus Jainko-gizonak, gutako bakoitzarengan sartzen zela ziur jakiteko, libreki onartu zuen gu bezala minaren tuneletik pasatzea. Min fisikotik eta barrukotik, adiskideen traiziotik, aita deitzen zuen Jainkoak abandonatua sentitzeraino (ik. Mt 27, 46; Mk 15, 34). Jainkoaren maitasunean zuen uste on hautsi-ezina horrengatik, gainditu egin zuen min ikaragarri hori, eta berriro bere burua Aitari eskaini zion (ik. Lk 23, 46). Eta Harengandik bizi berria hartu zuen.

Gu ere bide horretatik bertatik eraman gaitu eta gure bidelagun izan nahi du:

«… Oinaze-kutsua duen guztian dago Hura… Saia gaitezen bizitzako larri eta gabetasun guztietan Jesus ikusten, edozein iluntasunetan, norberaren eta besteen ezbeharretan, inguratzen gaituen gizadiaren sufrimenetan. Horiek Bera dira, zeren eta Berak bere egin baititu… Nahikoa izango da pobreen sufrimenak arindu nahiz zerbait zehatza egitea… bizi-osotasun berria aurkitzeko»[1].

Zazpi urteko neskatxa batek kontatzen du: «Min handia eman zidan nire aita espetxean sartu zutelako. Maitatu nuen Jesus aitarengan, eta horregatik ez nuen negarrik egin haren aurrean, berari bisita egitera joan ginenean».

Eta emazte gazte batek: «Neure senar Robertorekin egon nintzen bere bizitzako azken hilabeteetan, etsipenezko diagnostikoa egin ziotenetik. Ez nintzen segundo batean ere haren ondotik aldendu. Hura ikusiz, Jesus bera ikusten nuen… Roberto gurutzean zegoen, benetan gurutzean». Haien bien arteko maitasuna argi bihurtu zen beren adiskideentzat. Eta haiek solidaritate-lehia batean sartuak aurkitu ziren; eta lehia hori ez da harrezkero eten, baizik eta beste batzuengana zabaldu da eta sustapen sozialeko talde batean gauzatu, «Planeta-mailako besarkada». «Robertorekin bizitako esperientziak –dio haren adiskide batek– benetako bide bat egitera eraman gaitu Jainkoarenganantz. Sarritan galdetzen diogu geure buruari, zer zentzu daukan sufrimenak, gaixotasunak, heriotzak. Nire ustez, Robertoren ondoan bidaldi hau egiteko oparia izan dutenek oso argi daukate orain, zein den erantzuna».

Hil honetan kristauek Jesusen heriotzaren eta piztueraren misterioa ospatuko dute. Aukera bat dugu berori, oinazea maitasun bihurtzen duen Jainko-maitasunean geure fedea suspertzeko; edozein ezbehar, banantze, porrot eta heriotza bera bihur daitezke guretzat, aldi berean, argi eta bakearen iturri. Jainkoa edozein egoeratan gutako bakoitzarekin dugula ziur egonez, errepika dezagun konfiantzaz Emausko ikasleen erregua: «Egon zaitez gurekin, berandu baita eta gainean da iluna».

Letizia Magri


 

[1] Ik. C. Lubich, 1999ko apirileko Bizi-hitza  in: Ciudad Nueva 1999/4, p. 27.

 


Normas(500)