2017ko abuztua

 
«Ona da Jauna guztientzat, gupidaz betea bere sorkari guztientzat» (Sal 145, 9)

Salmo hau goratzarre bat da, historia osoa mendean duen Jaunaren erregetza ospatzeko: erregetza hori betikoa eta ospetsua da, baina zuzentasunean eta onginahian adierazten da, eta antz gehiago du aitaren hurbiltasunarekin menderatzailearen boterearekin baino.

Jainkoa da protagonista goratzarre honetan, eta Jainkoaren samurtasun oparoa, amarena bezalakoa, agertzen da bertan: Hura bihozbera da eta errukiorra, haserre-gaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea.

Jainkoaren ontasuna Israel herriari azaldu zaio, baina bere eskuetatik sortu den guztira zabaltzen da, pertsona bakoitzarengana eta sorkari guztiengana.

Salmoaren azken aldera, autoreak bizidun oro gonbidatzen du kantu horrekin bat egitera, horrela bere aldarrikapena ahots askoko abestalde harmoniatsu batean ugal dadin.

«Ona da Jauna guztientzat, gupidaz betea bere sorkari guztientzat».

Jainkoak berak gizon eta emakumearen esku langileetan utzi zuen kreazioa, bere ontasuna idatzita duen liburu ireki bat balitz bezala. Eta gizakiak deituak daude Sortzailearen obran lankide izatera eta zuzentasun eta bakezko orrialdeak eranstera, Haren maitasunezko asmoen arabera bide eginez.

Baina, zoritxarrez, gure inguruan ikusten duguna zera da: asko eta asko direla frankotan defentsarik gabeko pertsonei eta natura-ingurumenari egindako zauriak. Eta hori askoren axolagabekeriari zor zaio, eta ingurumeneko ondasun handiak beren intereserako soilik eta denen onaren kalterako ustiatzen dituztenen egoismo eta salokeriari.

Azken urteotan kristau elkartean kontzientzia eta sentiberatasun berri batek ireki du bidea kreazioarekiko errespetuaren alde; ikuspuntu honetatik gogora ekar ditzakegu adituen hamaika dei, zeintzuek akuilatzen gaituzten, natura Jainko-ontasunaren ispilu gisa eta gizadi osoaren ondare gisa berriro ikustera.

Horrela adierazten du Bartolome I. patriarkak iazko bere Kreazioari buruzko Ekitaldirako Mezuan: «Behar-beharrezkoa da etengabeko zaintza, heziketa eta irakaspena, horrela argi gera dadin egungo krisi ekologikoak giza grinekin duen zerikusia […]; eta horren emaitza eta fruitua da bizi dugun ingurumen-krisia. Beraz, aspaldiko edertasunera itzultzea da bide bakarra […], neurritasun eta aszesiak zutenarena, berauek eraman gaitzaketelarik natura-inguramena zuhurki kudeatzera. Batez ere ondasun-goseak, premia materialak asebete beharrarekin batera, darama ziurki gizakia espiritu-pobreziara, beronek dakarrelarik natura-inguramenaren suntsipena»[1].

Eta Frantzisko aita santuak idatzi du Laudato si’ dokumentuan: «Natura zaintzea bizitza-estilo baten parte da, elkarbizitza- eta elkartasun-gaitasuna berekin daraman bizitza-estilo batena. Jesusek gogorarazi zigun Jainkoa dugula denon Aita, eta horrek anai-arreba egiten gaituela. Anai-arreba arteko maitasuna doakoa izan daiteke bakarrik […]. Doakotasun horrek berak garamatza haizea, eguzkia edota lainoak maitatzera eta onartzera, gure kontrolpean jartzen ez badira ere. […] Beharrezkoa dugu berriro sentitzea elkarren premian garela, besteekiko eta munduarekiko erantzukizuna dugula, merezi duela onak eta zintzoak izatea»[2].

Horrela, bada, erabil dezagun lanetik libre daukagun edozein tarte, edo egunean zehar ditugun astialdi guztiak, zeruaren sakonari begiratzeko, gailurren maiestateari eta itsasoaren azkengabeari, edo bestela bide ertzean atera den belar-izpiari. Horrek lagunduko digu biziaren maitale den Sortzailea aitortzen, eta gure itxaropenaren iturria haren ontasun azkengabean, dena biltzen eta laguntzen duenean, aurkitzen.

Hauta dezagun geuretzat eta geure familiarentzat bizitza-estilo neurritsu bat, ingurumenaren eskabideekin eta besteen premiekin proportzionatua, horrela maitasunean aberastu gaitezen. Parteka ditzagun lurraren eta lanaren ondasunak behartsuekin, eta eman dezagun bizitza eta poz bete honen testigantza, samurtasuna eta onginahia eta berradiskidetzea eramanez ingurumenari.

LETIZIA MAGRI


[1] Cf. Bartolomé I, Mensaje para la Jornada de la Creación, 1-9-2016.

[2] Cf. Francisco, carta encíclica Laudato si’, 24-5-2015, nn. 228-229.

 

 

 


Normas(500)