2017ko urria

 
«Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak» (Flp 2, 5)

Paulo apostoluak gutun bat idazten dio Filipo hiriko kristau elkarteari, bere predikua dela-eta espetxean dagoenean. Hain zuzen bera izan da lehenbizikoa Ebanjelioa hara eramaten, eta askok hartu dute fedea eta asko konprometitu dira eskuzabaltasunez bizitza berri horretan, kristau maitasunaren testigantza ematen jarraituz, Paulok ihes egin beharra izan ondoren. Berri hauek poz handia ematen diote, eta horregatik afektuz beteab dago bere gutuna korintoarrei.

Paulok aurrera egitera animatzen ditu, haziz joatera pertsonalki eta elkartean, eta horretarako bere eredua gogoratzen die, horretatik ebanjelioko bizimodua ikas dezaten.

«Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak»

Eta zein «sentipen» dira horiek? Nola ezagut daitezke Jesusen nahi sakonak, horrela Hari jarraitu ahal izateko?

Paulok ulertu du Kristo Jesus, Jainkoaren Semea, hustu egin zela beretik eta gure artera etorri; gizon egin zen, erabat Aitaren zerbitzura, gu Jainkoaren seme-alaba  bihurtzea ahalbidetzeko[1].

Bere misioa, bizitza osoan honela jokatuz burutu zuen: etengabe behera jaitsiz bere burua txikienen, ahulen eta kolokan jarrien parean jartzeko, eta horrela haiei zama arindu eta maitatuak eta salbatuak sentiarazteko: legenarduna, alarguna, atzerritarra, bekataria.

«Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak»

Jesusen sentipenak ezagutzeko eta geuregan lantzeko, aitor dezagun geuregan, batez ere, Haren maitasunaren presentzia eta Haren barkamenaren indarra; gero begira diezaiogun Berari eta geure egin dezagun Haren bizi-estiloa, zeinak geure bihotza, gogoa eta besoak irekitzera premiatzen gaituen, pertsona bakoitza den bezala onar dezagun. Saihets dezagun edozein juzgu besteei egitea, eta horren ordez utz dezagun aberats gaitzan aurkitzen dugun pertsona bakoitzaren alde positiboak, berori miseria- eta erru-piloaren atzean ezkutuan badago ere, eta haren bila ibiltzea «denbora galtzea» iruditzen bazaigu ere.

Doako maitasuna da geure egin dezakegun Jesusen sentipenik indartsuena, geure burua bere talentu txiki edo handiekin besteen gogara jartzeko borondatea, horrela bizi garen lekuetan ausardiaz eta zehazki harreman positiboak eraikitzeko; eta, gainera, zailtasun eta ez-ulertze eta dibergentziei aurre egiten jakitea da, otzantasun-espirituz eta elkarrizketa eta adostasunerako bideak aurkitzeko erabakiarekin.

«Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak»

Chiara Lubich-ek, bere bizitza osoan Ebanjelioaren gida onartu eta haren indarra esperimentatu zuenak, hau idatzi zuen: «Jesusi imitatzeak zera konprenitzea esan nahi du: kristauok, zentzua izateko, besteen alde bizi behar dugula, geure bizitza anai-arrebei zerbitzatze gisa ulertu, geure bizitza osoa oinarri horren gainean planteatu. Orduan egin izango dugu Jesusi gehien axola zaiona; konprenitu izango dugu Ebanjelioa. Orduan izango gara benetan zoriontsu»[2].

LETIZIA MAGRI


[1] Ik. Ga 4, 6: «Hona hemen seme-alaba zaretenen seinalea: Jainkoak bere Semearen Espiritua bidali du gure bihotzetara, eta Espirituak «Abba», hau da, «Aita» dio oihuka»; eta Jn 1, 12an: «Onartu zuten guztiei, ordea, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien».

[2] Cf. C. Lubich, Palabra de vida, abril de 1982: comentario a Jn 13, 14: Ciudad Nueva n.166 (1982/4), p. 26.

Normas(500)