2017ko Abendua

 
«Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala» (Lk 1, 38).

Erromatar Inperio boteretsuaren periferiako Palestina bezalako leku izen gutxiko batean, emakume gazte batek ezusteko bisita astintzailea hartzen du bere etxean: Jainkoaren mezulari batek gonbidapen bat dakarkio eta erantzunaren zain dago.

«Poztu zaitez» esaten dio aingeruak agurtzean; eta gero Jainkoak dion maitasun doakoaren berri ematen dio eta eskatzen, lagun dezala gizadiari buruz Hark duen asmoa betetzen.

Mariak harriduraz eta pozez onartzen du Jaunarekin pertsonalki aurkitzeko dohain hori eta, Jainkoaren maitasunean jartzen duen konfiantza osoaren bidez, berak ere osoki ematen du bere burua oraindik ez-ezaguna zaion proiektu horretarako.

Bere «Hona hemen» eskuzabal eta betearen bidez, erabaki handiz jartzen da Jainkoaren eta gizadiaren zerbitzura eta, bere etsenpluz, guztiei seinalatzen die Jainkoaren nahiarekin bateratzeko modu argitsu bat.

«Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala».

Ebanjelioko esan hau meditatuz, Chiara Lubich-ek idatzi zuen: «Bere asmoak betetzeko, Jainkoak beharrezko ditu soilik Berari beren burua emandako pertsonak, mirabe baten apaltasuna eta prest egotea dutenak. Jarrera honen bidez Mariak, -gizadiaren egiazko ordezko denak eta gizadiaren xedea hartzen duenak- espazioa uzten dio Jainkoari bere lan kreatzailerako. Baina nola «Jaunaren mirabea» hitzek, apaltasun adierazle izateaz gain, salbamen-historiako zerbitzari handiei (Abraham, Moises, David eta profetak) egozten zitzaien noblezia-titulu ere bazen, Mariak hitz horiez bere handitasuna baieztatzen du».[1]

«Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala».

Guk ere aurki dezakegu Jainkoaren presentzia geure bizitzan, eta entzun, gu historian zehar, hemen eta orain, Haren maitasun-asmoaren ataltxo bat gauzatzera gonbidatzeko gutako bakoitzari zuzentzen zaion «hitz» hori. Baina senti gaitezke blokeatuta geure ahulezia eta ezgaitasun-sentsazioagatik. Kasu honetan har dezagun geuretzat aingeruaren hitza: «Jainkoarentzat ez da ezer ezinezko» (Lk 1,37) eta izan dezagun uste on gehiago haren indarrean geurean baino.

Esperientzia horrek liberatu egiten gaitu baldintzapenetatik eta geure burua nahikotzat hartzeko presuntziotik, eta agerian jartzen ditu geure kemenik onenak eta ez genituela uste genuen baliabideak, eta gai egiten gaitu maitasunaren bidez erantzuteko.

Bikote ezkondu batek kontatzen du: «Ezkondu eta berehala geure etxea ireki genien bizi garen hirian ospitaleratutako haurren familiartekoei. Ehun baino gehiago familia pasa dira etxetik, eta beti saiatu gara haientzako familia bat izaten. Sarriro lagundu digu Probidentziak harrera hori ekonomikoki mantentzen, baina geure aurretiko prest egotea kontuan harturik. Orain gutxi, diru-kopuru bat hartu genuen eta erreserban uztea erabaki genuen: seguru norbaiti ondo etorriko zitzaiola. Eta gertatzez, handik gutxira etorri zitzaigun beste eske bat. Dena maitasun-joko bat da Jainkoarekin, eta guk soilik esaneko izan behar dugu eta okasiorako adi egon».

«Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala».

Ebanjelioko esaldi hau bizitzeko, lagun diezaguke Chiararen iradokizunak Jainkoaren Hitza Mariak bezala onartzeko: «… prest egote osoz, jakinik ez dela giza hitza. Jainkoaren Hitza izanik, berekin dauka Kristoren presentzia. Beraz, onar ezazu Kristo bere Hitzean. Eta bizkortasun eraginkorrez, jar ezazu praktikan unez une. Hori egiten baduzu, munduak berriro ikusiko du Kristo gure gaurko hirietako kaleetatik igarotzen; Kristo zuregan, denek bezala jantzita, lanean bulegoetan, eskoletan, askotariko lekutan, denen artean»[2].

Eguberritarako prestatzeko aldi honetan, guk ere Mariak egin zuen bezala bila dezagun une bat aurpegiz aurpegi Jaunarekin egoteko, adibidez Ebanjelioaren pasarte bat irakurriz.

Ahalegin gaitezen haren ahotsari antzematen geure kontzientzian, horrela Hitzak argituan eta sentiberatuan, gurutzatzen zaizkigun senideen premien aurrean.

Galde diezaiogun geure buruari: nola izan naiteke gaur Jesusen presentzia eta horrela lagundu, bizi naizen tokian, giza elkarbizitza familiakoa egiten?

Erantzungo dugun «hona hemen ni» horrek egingo du Jainkoak beti gure inguruan bakea ereitea eta gure bihotzean poza haztea.

LETIZIA MAGRI


 

[1] C. Lubich, «No pierdas esta ocasión»: Palabra de vida, diciembre 1981: cf. Ciudad Nueva n. 162 (1981/12), p. 21.

[2] Ibid.

Normas(500)