2018 Maiatza

 
«Espirituaren fruitua, berriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jabe izatea». (Ga 5, 22-23).

Paulo apostoluak Galazia eskualdeko kristauei idazten die; hauek beragandik hartua zuten Ebanjelioaren aldarrikapena, baina orain haserre egiten die, kristau askatasuna zertan datzan ulertu ez dutelako.

Israel herriarentzat, askatasuna Jainkoaren dohain bat da: Jainkoak Egiptoko esklabutzatik atera zuen, lurralde berri batera eraman, eta harekin elkarrekiko leialtasun-hitzarmena egin zuen.

Era berean, Paulok irmoki aitortzen du kristau askatasuna Jesusen dohain dela, zeren eta Berak ahalbidetzen baitigu Maitasuna den Jainkoaren seme-alaba izatea Beragan eta Bera bezala. Guk ere, Jesusek bere bizitzaz irakatsi eta erakutsi zigun bezala Aita imitatuz[1], ikas dezakegu guztiekiko erruki-jarrera bera, geure burua besteen zerbitzari eginez.

Paulorentzat, «zerbitzatzeko askatasun» horrek itxuraz duen zentzugabea Espirituaren dohainak, Jesusek gizadiari gurutzean hilez eman zionak, gainditzen du.

Izan ere, Espirituak ematen digu indar geure egoismoa -berekin dakartzan zatiketa, bidegabekeria, traizio eta indarkeriarekin- atzean uzteko, eta zuzentzen gaitu egiazko askatasunerantz.

«Espirituaren fruitua, berriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jabe izatea».

Kristau askatasuna, opari izateaz gain, konpromiso ere bada. Lehen eta behin, Espiritua gure bihotzean hartzeko konpromisoa, tokia Hari eginez eta haren ahotsa gugan ezagutuz.

Honela zioen Chiara Lubich-ek: «[…] Batez ere, gero eta kontzienteago izan behar dugu Espiritu Santuak geuregan duen presentziaz; geure barru barruan altxor handia daramagu, baina ez gara horretaz behar bezala konturatzen. […] Horrez gain, Haren ahotsa entzun eta jarrai ahal izateko, ezetz esan behar diegu […] tentazioei, berorien gonbitei bidea errotik eragotziz; eta baietz esan Jainkoak gure esku utzi dituen egitekoei; baietz lagun hurko guztiak maitatzeari; baietz bidera datozkigun probaldi eta zailtasunei … Horrela egiten badugu, Espiritu Santuak gidatuko gaitu eta gure kristau bizitzari benetakoa izan ezean eduki ezin duen zapore, kemen, indar, argitasun hori emango dio. Era horretan gure ingurukoek ere jakingo dute, geure giza familiako seme-alaba izateaz gain, Jainkoaren seme-alaba ere bagarela»[2].

Espirituak, horrela, geure burua geure kezken zentro egitetik aldentzera deitzen gaitu, besteei onarpen eman eta adi egoteko, eta ondasun material eta espiritualak haiekin partekatzeko, barkamen emateko, edo denetariko pertsonen ardura izateko, egunero bizi ditugun askotariko egoeratan.

Eta jarrera horrek ematen digu Espirituak bere-berea duen fruitua bizitu ahal izatea: geure gizatasunaren aurrerabidea egiazko askatasunerantz, zeren eta gugan agerian jartzen baititu eta lorarazten hainbat gaitasun eta baliabide, geugan bilduak biziz gero lurperatuak eta betirako ezezagunean geldituko ziratekeenak.

Gure egite bakoitza, bada, berebiziko aukera da esklabutzari ezetz esateko, eta baietz maitasunaren askatasunari.

«Espirituaren fruitua, berriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jabe izatea».

Espirituaren eragina bihotzez hartzen duenak esku hartzen du, gainera, giza harreman positiboak eraikitzen, egunero familian nahiz gizartean egiten duenaren bidez.

Carlo Colombino enpresari, senar eta aita da, eta enpresa bat dauka Italiako iparraldean[3].

Enpresak dituen hirurogei enplegatuetatik laurdenak ez dira italiarrak, eta haietako batzuk esperientzia dramatikoak daramatzate arrastaka. Elkarrizketa egiten dion kazetariari zera kontatzen dio: «Lan postuak ere lagun dezake eta lagundu behar du integrazioa egiten. Estrakzioak egitea eta eraikuntzako materialak birziklatzea da nire lana, eta erantzukizuna daukat ingurumenarekin, bizi naizen lurraldearekin. Orain urte batzuk kolpe latza eman zuen krisiak: enpresa salbatuko dugu ala pertsonak? Pertsona batzuk aldatu egin genituen tokiz, hitz egin genuen beraiekin, konponbiderik gutxien mingarriena bilatu genuen; baina gauza dramatikoa izan zen, gauetan lorik ez egiteko modukoa. Hobeto edo okerrago egin nezakeen lan hura, eta ahal nuen ondoen egiten saiatu nintzen. Ideia positiboak transmititzearen alde jokatu nuen. Enpresa batek fakturazioan eta zenbakitan bakarrik pentsatzen badu, ikuspegi estuko etorkizuna dauka: lan-egite ororen zentroan pertsona dago. Sinestun naiz eta konbentzituta nago, enpresa eta solidaritatearen arteko sintesia ez dela utopia bat»[4].

Abiaraz dezagun, bada, ausardiaz libertaterantz egiten zaigun dei pertsonala, gure bizilekuan eta lantegian.

Horrela bideratuko dugu Espirituak gure inguruko beste pertsona askoren bizitza ere atzematea eta berritzea, historiari bultzada emanez «poz eta bakearen, pazientzia eta bihotz onaren … zeruertzerantz».

LETIZIA MAGRI


[1] Mt 5, 43-48; Lk 6, 36; Mk 10, 45

[2] Cf. C. Lubich, «Possediamo un Tesoro», Città Nuova 44 (10/2000), p. 7.

[3] Enpresa hori AIPC izeneko eta elkartasun Ekonomian loturiko enpresari-elkarte  italiarrean esku-hartzaile da. Ekonomia-modelo hori partekatze- eta elkarrekikotasun-baloreetan oinarritzen da. Ikus http://www.edc-online.org.

[4] Cf. C. Colombino, «Nella mia azienda economia ed etica vanno a braccetto», en Credere, periodici San Paolo, 26-11-2017, n. 48, pp. 24-28.

 

Normas(500)