2018 Ekaina

 
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko». (Mt 5, 9).

Zoriontasunen aldarrikapen txundigarriarekin hasten da Mateoren Ebanjelioa Jesusen predikua kontatzen.

Jesusek «zoriontsu», hau da, guztiz dohatsu eta bete, direla dio munduak galtzailetzat eta zoritxarrekotzat jotzen dituenak: behartsuak, nahigabetuak, otzanak, zuzentasunaren gose-egarri direnak, errukitsuak, bihotz garbiak, bakegileak.

Horientzat agintzari handiak ditu Jainkoak: Berak aseak eta kontsolatuak izango dira, eta lurraren eta bere Erregetzaren oinordeko.

Goitik beherainoko kultur iraultza bat da hau, noski, eta azpikoz gain jartzen du gure ikuskera, maiz itxia eta miopea, zeinetan kategoria horiek boterea eta arrakasta lortzeko borrokaren parte hutsal eta erkin baitira.

«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko».

Ikuskera biblikoaren arabera, bakea Jainkoak dagien salbamenaren fruitu da; hots, batez ere jainkoaren dohaina da. Jainko beraren ezaugarria da, mundua eta kreazio osoa maite dituen eta denentzat onginahi eta harmoniazko proiektua duenarena. Horregatik, bakearen alde jokatzen duenak halako «antza» du Harekin, seme-alaba batek bezalakoa.

Chiara Lubich-ek zera idazten du: «Bere baitan bakea duena, hura izan daiteke bakegile. Batez ere uneoroko portaeran izan behar da bakegile, Jainkoa eta Haren nahiarekin bat eginda bizituz. […] “… haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko”: izen bat hartzeak, izen horrek adierazten duenarekin bat egitea esan nahi du. Paulok Jainkoa “bakearen Jainko” deitzen zuen, eta honela esanez agurtzen zituen kristauak: “Bakearen Jainkoa zuek guztiokin”. Bakegileek Jainkoarekin duten ahaidetasuna adierazten dute, Jainkoaren seme-alaba gisa dute jokatzen, Jainkoaren testigutza ematen, eta Jainkoak […] markatu du gizartean ordena, fruitutzat bakea ematen duena»[1].

Bakean bizitzea ez da, besterik gabe, gatazkarik ez izatea; ez eta bizitza patxadazkoa ere, besteen onarpena beti eta nolanahi bilatuz baloreetan amore emanez; hobeki bizi-estilo txit ebanjelikoa da, korronte kontrako hautapenak egiteko ausardia eskatzen duena.

«Bakearen alde lan egitea» onezkoak egiteko aukerak sortzea da norbere eta besteen bizitzan, maila guztietan: lehenik eta behin Jainkoarekin eta gero gertukoekin, familian, lanean, ikasgelan, parrokian eta elkarteetan, harreman sozialetan eta nazioartekoetan.

Horixe da, hain zuzen, Jorge Venezuelako nerabeak ikastetxean egitea erabaki zuena: «Egun batean eskolak amaitzean, ikusi nuen nire ikaskideak organizatzen ari zirela protesta-manifestaldi bat egiteko, bertan indarkeria erabiltzeko asmoarekin, autoak errez eta harriak jaurtiz. Berehala pentsatu nuen jokaera hori ez zetorrela bat nire bizi-estiloarekin. Beraz ikastetxeko zuzendaritzari gutun bat idaztea proposatu nien: horrela eskatu ahalko genuen beste era batean beraiek indarkeriaren bidez lortzea pentsatzen zutena. Idatzi genuen, bada, gutuna zenbaiten artean eta zuzendariari eman genion».

«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko».

Garai honetan bereziki urgentea agertzen da elkarrizketa eta topaketa bultzatzea, historiaz eta kultur tradizioz eta ikuspegiz ezberdinak diren pertsona eta taldeen artean, eta horrela estimua agertzea eta hor dagoen aniztasuna eta aberastasuna onartzea.

Orain gutxi Frantzisko aita santuak esan bezala: «Bakea ezberdintasunen koruan eraikitzen da [ … ]. Eta ezberdintasun horietatik abiatuz, batak besteagandik ikasten du, anai-arrebek ohi dutenez … Bat da gure Aita, gu anai-arrebak gara. Maita dezagun elkar anai-arrebek bezala. Eta eztabaidatzen badugu, izan dadila senideen antzera, zeren eta berehala adiskidetzen baitira eta berriro anai-arreba izatera etortzen»[2].

Saia gaitezke, halaber, gure hiriak jada irekiagoak eta gizatiarragoak egiten dituzten bake- eta senidetasun-kimuak ezagutzen. Ardura gaitezen haietaz eta lagun diezaiegun hazten; horrela esku hartuko dugu hiri horietako haustura eta gatazkak sendatzen.

LETIZIA MAGRI


 

[1] Cf. C. Lubich, «Constructores de paz», Ciudad Nueva 153 (2/1981), p. 21.

[2] Ik. Aita Santuaren agurra; Erlijioetako gidarien arteko topaketa Myamar-en, 28-11-2017.

 

 

Normas(500)