2018 Uztaila

 
«Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita bete-betean». (2 Ko 12, 9).

Korintoko kristau elkarteari egindako bigarren gutunean, Paulo apostoluak aurre egiten die bere apostolu-lanaren zilegitasuna zalantzan jartzen duten batzuei. Baina bere defentsa ez du bere meritu eta lorpenak pilatuz egiten; aitzitik Jainkoak beragan eta bere bitartez aurrera atera duen lana nabarmentzen du.

Paulok Jainkoarekin izan duen harreman sakoneko esperientzia mistiko bat aipatzen du (cf. 2 Ko 11, 1-7), baina berehala denen aurrean jartzen du oinazea ematen dion «arantza» baten sufrimena. Ez du berori zer den zehazki azaltzen, baina ulertzen da oztopo handia dela, ebanjelizatze-lanean mugak jar diezazkiokeena. Horregatik aitortzen du, Jainkoari eragozpen horretatik libre gelditzea eskatu diola. Baina Jainkoagandik hartzen duen erantzuna artegagarria da.

«Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita bete-betean».

Denok sentitzen ditugu etengabe geure eta besteen ahulezia fisiko, psikologiko eta espiritualak, eta ikusten dugu geure inguruan gizadia sarritan nahigabetua eta desbideratua. Ahul eta ezgai sentitzen gara zailtasun horiek konpontzeko, are beroriei aurre egiteko; eta asko emanda, inori kalterik ez egitera mugatzen gara.

Baina Pauloren esperientziak horizonte berri bat zabaltzen digu: geure ahulezia aitortuz eta onartuz, jar dezakegu geure burua oso-osorik Jainkoaren eskuetan, Hark garen bezala maite baikaitu eta geure bidea egiten lagundu nahi baitigu. Eta esan ere honela dio gutun honetan aurrerago: «Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu» (2 Ko 12, 10).

Esan horri buruz Chiara Lubich-ek hau idatzi zuen: «[…] baieztapen horren aurrean, gure arrazoimena oldartu egiten da, zeren eta kontraesan nabarmen bat baita edo besterik gabe paradoxa ausarditsu bat. Errealitatean, kristau fedeko egiarik altuenetako bat adierazten du. Jesusek berori bere bizitzaz eta batez ere bere heriotzaz azaltzen digu. Noiz bete zuen Aitak emana zion egitekoa? Noiz berrerosi zuen gizadia? Noiz garaitu zuen bekatua? Hain zuzen gurutzean hil zenean, ezerez bihurtua, oihu honen ondoren: “Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?”. Jesus, hain zuzen ahulen zenean izan zen indartsuen. Jesusek sortu ahal izango zukeen Jainkoaren herri berria predikuz bakarrik, edo mirari gehiagoz, edo mirarizko seinale apartekoren baten bidez. Baina ez. Ez, zeren eta Eliza Jainkoaren egintza baita, eta hain zuzen saminean, eta soilik saminean, ematen dute fruitu Jainkoak eginek. Horrela, bada, gure ahulezian, gure hauskortasunaren esperientzian, aparteko aukera bat gordetzen da: Kristo hil eta piztuaren indarra esperimentatzea […]»[1].

«Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita bete-betean».

Ebanjelioak berea du paradoxa hau: bihotz gozokoak jabetuko dira hitzemandako lurraz (ik. Mt 5, 5); Mariak Magnificat kantikan (ik. Lk 1, 46-55) Jaunaren indarra goresten du, berori hain zuzen txiki izatearen eta Jainkoaren ekintzan konfiantza osoa izatearen espazioan adieraz daitekeelarik bete-betean eta behin betiko – norberaren eta gizadiaren historian –.

Eta Pauloren esperientzia hau komentatuz, Chiarak beste hau ere iradokitzen zuen: «[…] kristauok egin behar dugun aukera alderantzizkoa da normalean egin ohi denarekin. Honetan haizearen kontra goaz benetan. Arrakasta, agintea, ospea … izaten da maizenik munduaren bizi-eredua. Paulok, aitzitik, esaten digu ahulezian loriatu behar dugula […] Fida gaitezen Jainkoaz. Berak eragingo dio gure ahuleziari, gure ezerezari. Eta Bera eraginean ari denean, jo dezakegu segurutzat ekintza baliotsuak egiten dituela, on iraunkorra zabaltzen dutenak eta pertsona eta komunitateen premiei erantzuten dienak».

LETIZIA MAGRI


[1] Ik. C. Lubich, «La fuerza de la debilidad», Ciudad Nueva 169 (7/1982), p. 26.

 

Normas(500)