2013ko martxoa

 
«Zuetan bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehenengo harria» (Jn 8, 7).

Jesus tenpluan irakasten ari zela, lege-maisu eta fariseuek adulterioan harrapaturiko emakume bat ekarri zioten eta esan: «Moisesek legean emakume adulteriogileak harrika hiltzeko agindu zigun; zuk zer diozu?» (Jn 8, 5).

Era horretan tranpa jarri nahi zioten. Izan ere harrikatzearen kontra agertzen bazen Jesus, sala zezaketen legearen kontra joateaz, legeak zioenez hoben horren testigu zirenak harrika ekin behar baitzioten bekatariari, eta gero herriak jarraitu. Eta alderantziz, Jesusek hiltzeko sententzia ematen bazuen, kontraesanean jarriko zuen bere burua bekatariekiko Jainkoaren errukiaz esaten zuenarekin.

Jesusek, alabaina, makurturik atzamarrez lurrean idazten zuen – asaldatu gabe zegoela adieraziz –, eta zutituz esan zien:

«Zuetan bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehenengo harria».

Hitz haien aurrean, salatzaileak banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Maisuak esan zion emakumeari: «Non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork ere gaitzetsi?» Hark erantzun: «Inork ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Nik ere ez zaitut gaitzesten; zoaz, eta ez egin berriro bekaturik».(ik. Jn 8, 10-11).

«Zuetan bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehenengo harria».

Hitz hauen bidez Jesusek ez du adulterioa bezalako gaizkia zilegigarri egiten. Bere hitzek «zoaz, eta ez egin berriro bekaturik» argi eta garbi diote zein den Jainkoaren agindua.

Jesusek gizakiaren hipokresia jarri nahi du agerian, gizaki hori senide bekatariaren juez egiten baita, bere burua bekataritzat hartu gabe. Horrela bere hitzen bidez esaera ezagun hura azpimarratu nahi du: «Ez gaitzetsi inor, Jainkoak ere ez zaitzaten gaitzets; izan ere, zuek besteak nola epaitu, hala epaituko zaituzte Jainkoak» (Mt 7, 1-2).

Horrela mintzatzean Jesus ere, besteak apelaziorik gabe eta errudunaren bihotzean erne daitekeen damua kontuan hartu gabe gaitzesten dituzten haiei zuzentzen zaie. Eta argi eta garbi agertzen du nola jokatzen duen errudunarekin: erruki izanez. Gizon haiek emakume adulteriogileagandik urrundu zirenean, «bi gelditu ziren han – dio Agustin Hiponako gotzainak -: errukarria eta errukia» .

«Zuetan bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehenengo harria».

Nola jarri praktikan Hitz hori?

Gure edozein senideren aurrean, gu ere bekatari garela gogoratuz. Denok dugu bekatua geurekin. Eta geure ustez erru handietan erori ez bagara ere, kontuan hartu behar dugu beti, egon gaitezkeela besteak hain behera erortzera, eta horrela Jainkoagandik urruntzera, eraman dituen zirkunstantzien pisuaz jabetu gabe. Zein izango ote zen gure portaera haien tokian?

Guk ere hautsi dugu, batzuetan, Jainkoarekin elkartu behar gintuen maitasun-lokarria; ez gara leialak izan Harekin.

Jesusek, bekaturik izan ez duen gizaki bakarrak, emakume adulteriogileari harririk jaurti ez bazion, guk ere ezin diogu bota inori, nornahi delarik.

Horrela, bada, izan dezagun gupida denekin, egin diezaiogun kontra gupidarik gabe gaitzestera bultzatzen diguten joerei; beharrezko dugu barkatzen eta ahazten jakitea. Alden ditzagun bihotzetik, ira eta gorrotoa gorde dezaketen juzku- eta erresumin-arrastoak, senideengandik urruntzen gaituztenak.

Juzgu eta gaitzespenaren ordez, maitasuna eta gupida badugu norbaiten alde, laguntza emango diogu bizitza berriari ekiteko, animo emango diogu une bakoitzean berriro hasteko.

Chiara Lubich
1998ko martxoan argitaratua in: Ciudad Nueva, 341. zkian., 33. or

Normas(500)