2013ko ekaina

 
«Baina on egiteagatik sufritu behar baduzue, hori gauza ederra da Jainkoaren aurrean» (1 P 2,20).

Umeentzat         Neska-mutilentzat

Pedro apostolua bere kristau elkarteei irakaspena ematen ari da Ebanjelioaren benetako espirituaren aplikazio zehatzei buruz, bakoitzaren bizitzako baldintza eta egoerari bereziki dagokiona aipatuz.

Hemen federa etorri diren esklaboei zuzentzen zaie, eta horiek, gizarte hartako esklabo guztiek bezala, begirune-falta eta tratu txar benetan bidegabekoak nozitzen zituzten. Hitz horiek, hedaduraz, edozein garai eta tokiko pertsonei zuzenduak daude, begirune-faltak eta injustiziak jasan beharrean gertatzen direnean besteengandik, nagusi nahiz maila berekoengandik.

«Baina on egiteagatik sufritu behar baduzue, hori gauza ederra da Jainkoaren aurrean».

Pertsona horiei Pedrok gomendatzen die, ez emateko biderik horrelako egoeratan sor daitekeen berezko tentazioari, baizik eta jokatzeko Jesusen antzera. Are gehiago, maitasunez erantzuteko aholkatzen die eta zailtasun eta begirune-falta horietan grazia bat ikusteko, hau da, benetako kristau espiritua adieraz dezaten Jainkoak permititu duen okasio bat. Horrela, gainera, maitasunaren bidez eraman ahalko dute Kristorengana tratu txarra ematen dien hura.

«Baina on egiteagatik sufritu behar baduzue, hori gauza ederra da Jainkoaren aurrean».

Pertsona batzuek, hitz horiek nahiz antzeko beste batzuk direla eta, gehiegizko menpekotasunaren alde jokatzeaz salatu nahi dituzte kristauak, joko horrek logaletu egingo bailituzke kontzientziak eta indargetu injustizien aurkako borroka.

Baina ez da horrela. Jesusek, gaizki tratatzen eta aintzakotzat hartzen ez gaituztenak maitatzeko eskatzen badigu, ez da bidegabekeriaren kontra bihozgabe bihurtu nahi gaituelako. Alderantziz, gizarte benetan zuzena nola egin irakatsi nahi digu. Eta hori benetako maitasun-espiritua barreiatuz egin daiteke, gu geu maitasuna ematen lehenak izanez.

«Baina on egiteagatik sufritu behar baduzue, hori gauza ederra da Jainkoaren aurrean».

Nola bizi, bada, hil honetako Bizi-hitza?

Gu ere gaur senti gaitezke era askotan ulertu gabeak eta gaizki tratatuak, bai itsuskeria nahiz mesprezuengatik, edo baita asmo txarreko juzgu, esker txar, laido eta ben benetako bidegabekeriengatik ere.

Beno bada, horrelakoetan ere Jesusek mundura ekarri eta denentzat izan zuen maitasunaren testigantza eman behar diegu denei, baita tratu txarra ematen digutenei ere.

Hori da, bada, hil honetako Hitzak nahi duena: justizia eta egia bidezko denaren arabera defendatuz ere, ez dezagula sekula ahaztu, gure lehen betebeharra kristau gisa bestea maitatzea dela, hau da, Jesusek guretzat izan zuen ulerpen, onarpen eta errukizko jarrera berri hori bera harekin edukitzea. Horrela, geure arrazoiak defendatzen ditugunean ere, ez dugu sekula bestearekiko harremana hautsiko, ez diogu erresumin eta mendekuaren tentaldiari bide emango.

Eta horrela, Jesusen maitasunaren zerbitzari gisa jokatuz, gu ere gauza izango gara lagun hurkoa Jainkoarengana eramateko.

CHIARA LUBICH

Ciudad Nueva aldizkarian argitaratua, 255. zkian. (5/1990), 9-10 or.

Normas(500)