2013ko abuztua

 
«Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak» (Lk 6,32).

Umeentzat         Neska-mutilentzat

Lukasen Ebanjeliotik hartua da hil honetako Bizi-hitza. Jesusen esanen zerrenda luzetik harturiko parte bat da, korrespondentzia Mateoren Ebanjelioaren mendiko hitzaldian duena. Esan-multzo horretan, jakina denez, Jainkoaren Erreinuaren exijentziak deskribatzen dira eta nolako ezaugarriak dituzten Erreinu horretakoak direnek, beroriek jatorria eta helmuga Jainkoaren antzeko izatean dutelarik.

Txatal honetan Jesusek maitasunean Aita Jainkoaren antzeko izatera deitzen ditu ikasleak. Haren seme-alaba izan nahi badugu, Hark duen maitatzeko modu berean maitatu behar dugu lagun hurkoa.

«Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak».

Aita Jainkoaren maitasuna bereizten duen lehenbiziko ezaugarria erabateko doakotasuna da, guztiz ezberdina dena munduak duen maitasunarekin. Honek erantzun onean eta sinpatian du oinarria (maite gaituztenak edo sinpatiko zaizkigunak maitatu); zeruko Aitaren maitasuna, berriz, erabat interesik gabea da: bere sorkariei emana dago, beroriek eman dezaketen erantzunari begira egon gabe. Maitasun horrek iniziatiba hartzen du eta berea duen guztia ematen; hori du bere izatea. Beraz eraikitzen eta eraldatzen duen maitasuna da. Zeruko Aitak ez gaitu maite onak eta espiritualki ederrak, eta horregatik arretaren eta onginahiaren merezidun, garelako; alderantziz, maite gaituenean ontasuna eta graziaren edertasun espirituala sortzen du guregan, gu bere adiskide eta seme-alaba eginez.

«Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak».

Aita Jainkoaren maitasunaren beste ezaugarri bat unibertsaltasuna da. Jainkoak denak maite ditu era berean. Maitasun horrek mugarik eta neurririk ez izatea du neurria.

Bestetik, Haren maitasuna ezingo litzateke doakoa eta sortzailea izan, ez balego ase beharreko premia eta hutsunea dagoen edonora erabat bideratua.

Horrexegatik, hain zuzen, maite ditu zeruko Aitak esker txarrekoak, errebeldeak edo urrutiratuak; are gehiago, bereziki erakarria sentitzen da haiengana.

«Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak».

Orduan, nola bizitu hil honetako Bizi-hitza?

Zeruko Aitaren egiazko seme-alaba bezala jokatuz, hau da, Haren maitasunari jarraituz, batez ere azpimarratu ditugun ezaugarri horietan: doakotasunean eta unibertsaltasunean. Ekimena geuk hartuz saiatuko gara maitatzen, maitasun eskuzabalez, solidarioz, denera irekiaz, batez ere inguruan aurki ditzakegun hutsuneetara. Emaitzen kezkarik gabeko maitasunez saiatuko gara maitatzen. Jainkoaren eskuzabaltasunaren lanabes izaten egingo ditugu ahaleginak, Harengandik hartu ditugun dohain natural eta grazien partaide besteak eginez.

Jesusen esan honek gidatuak izaten utziz, begi eta bihotz berriz ikusiko ditugu gure ondotik igarotzen den edonor eta eguneroko bizitzak eskaintzen digun edozein aukera. Eta edonondik (familia, ikastetxe, lantegi, ospitale … ) igarotzen garela, bultzatuak sentituko gara berez Jainkoarena den eta Jesusek lurrera ekarri zigun maitasun horren banatzaile izatera, maitasun hori baita mundua alda dezakeen bakarra.

 Chiara Lubich

Ciudad Nueva aldizkarian argitaratua: 274. zkian. (1992/2), 33. or.

Normas(500)