2014ko urtarrila

 
«Jesu Kristo da Elizaren oinarri bakarra» (ik. Ko 3,11)

Urtarrilaren 18tik 25era ospatzen da munduko toki askotan Kristauen batasunaren aldeko otoitz-astea, berori beste toki batzuetan Mendekoste garaian egiten delarik.

Aurten hau da Otoitz asterako hautaturiko esaldia: «Zatitua ote dago, bada, Kristo?» (I Ko 1,13).

Chiara Lubich-ek komentarioa egin ohi zion zortziurrenerako biblia-txatalari. Bere ekarpenarekin jarraitzeko, berak 2005eko urtarrilerako egindako testua eskaintzen dugu, zeinetan honako pasarte hau komentatzen duen: «Jesu Kristo da Elizaren oinarri bakarra»; izan daiteke lagungarri aurten proposatzen zaigun esaldia sakontzeko.

«Jesu Kristo da Elizaren oinarri bakarra»

50. urtean etorri zen Pablo Korinto Greziako hiri handira, bere merkatal portu garraiotsuak ospez betera eta pentsamendu-korronte anitzek animatura. Apostoluak bertan hemezortzi hilabetez hots egin zuen Ebanjelioa, eta kristau elkarte ugari baten oinarriak jarri zituen. Bere ondoren beste batzuk jarraitu zuten ebanjelioa zabaltzeko lanean. Baina kristau berri haiek arriskua zuten Kristoren mezua ematen zieten pertsonei Kristori berari baino gehiago atxikitzeko. Eta horrela talde ezberdinak sortu ziren: «Ni Paulorena naiz» zioten batzuek; beste batzuek, berriz, beren nahierazko apostoluari begira: «Ni Apolorena naiz» edo «Ni Pedrorena naiz».

Elkartea nahasten zuen zatiketa honen aurrean Paulok irmoki aitortzen du, Eliza eraikitzen dutenek (berori eraikin edo tenplu batekin parekatuz) izan daitezkeela asko, baina bat bakarra dela oinarria eta harri bizia: Jesus Kristo.

«Kristauen batasunaren aldeko otoitz-aste» honetan zehar bereziki, Elizek eta Eliz Elkarteek denek batera gogoratzen dute, Kristo dela oinarri bakarra, eta Harekin lotura izanez eta Haren Ebanjelio bakarra bizituz soilik aurki dezaketela batasun osoa eta agerikoa beraien artean.

«Jesu Kristo da Elizaren oinarri bakarra».

Gure bizitza Kristogan oinarritzeak esan nahi du: Harekin dena bat izatea, Hark bezala pentsatzea, Hark nahi duena nahi izatea, Hura bizitu zen bezala bizitzea.Baina nola oinarritu eta errotu geure burua Harengan? Nola bihurtu dena bat Harekin?

Ebanjelioa praktikan jarriz.

Jesus Hitza da, hau da, Jainkoaren Hitz gizon egina. Eta Hura giza izatea bereganatu zuen Hitza baldin bada, gu, geure bizitza osoa Jainkoaren Hitzaz blaitzen dugun andre-gizon garenean, izango gara egiazko kristau.

Bere hitzak bizitzen baditugu, gehiago oraindik, Haren hitzek gu «Hitz bizi» egiteraino bizi bagaituzte, bat gara Berarekin, Harekin besarkatzen gara; jada ez naiz ni bizi, edo ez gara gu bizi, Hitza baizik denongan. Pentsa dezakegu, horrela biziz lagundu egingo dugula kristauen arteko batasuna gauzatzen.

Hala nola gorputzak bizitzeko arnasa hartu behar duen, horrelaxe arimak, bizitzeko, Jainkoaren Hitza bizi du.

Horren fruitu lehenetarikoa hau da: Jesus gugan eta gure artean jaiotzen dela. Horrek aldaketa eragiten du gure pentsamoldean: gu guztion bihotzean (Europa, Asia, Australia, Amerika nahiz Afrikakoak garelarik) Kristoren sentimendu berberak txertatzen ditu gorabeherei, pertsonei eta gizarteari buruz. […]

Hitza bizitzeak askatu egiten gaitu giza baldintzapenetatik, poza ematen digu, bakea, xalotasuna, argia, bizitza betea; Kristorekin elkartzen gaituelarik, urratsez urrats Harekin bat izatera garamatza.

« Jesu Kristo da Elizaren oinarri bakarra».

Baina bada hitz bat beste guztiak biltzen dituena, maitatzea, alegia: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea. Jesusek horretan biltzen du «Lege osoa eta profetak» (Mt 22, 40).

Dudagabea dena zera da: Hitz bakoitza, nahiz eta giza hizkera ezberdinez adierazia izan, Jainkoaren Hitza dela; baina Jainkoa Maitasun delako, Hitz bakoitza karitate da.

Hori horrela, nola bizi hil honetan? Nola elkartu geure burua Kristorekin, «Elizaren oinarri bakar» denarekin? Berak erakutsi zigun bezala maitatuz.

«Maita ezazu eta egin nahi duzuna»[1], esan zuen Agustin doneak, Ebanjelioaren arabera bizitze guztia ia-ia laburbilduz; izan ere, maitatuz ez zara oker ibiliko, Jainkoaren nahia osorik beteko duzu baizik.

Chiara Lubich


[1] Hiponako Agustín, Tratado sobre la Primera carta de san Juan, 7, 8.

Ciudad Nueva aldizkarian argitaratua: 416 zkia. (2005 / 1), 22-23. or.

 

 

Normas(500)