2014ko maiatza

 
“ … Kristoren izenean: egitzazue bakeak Jainkoarekin” (2 Kor 5,20)

Hori da Paulok korintoarrei emandako aholkua, Ebanjelio osoaren muin den mezu handiaren jarraian datorrena: Jainkoak Kristoren bitartez berekin adiskidetu du mundua (ik 2 Kor 5,19).

Jainkoak, bere Semearen gurutzeko heriotzaz, bere maitasunaren adierazgarririk handiena eman digu. Kristoren gurutzearen bidez berekin berradiskidetu gintuen.

Gure fedearen funtsezko egia horrek gaur ere indarrean jarraitzen du. Hori da gizon-emakume guztiek espero duten goi-agerpena: Jainkoa denen ondoan dagoela bere maitasunaz, eta kartsuki maite duela pertsona bakoitza. Gizadi osoa iragarpen horren premian da, baina berori hari soilik aldarrika diezaiokegu aurretik geure buruari behin eta berriz iragarri badiogu, maitasun horretan bilduak sentitu arte, bai eta den-denak alderantzizkoa pentsaraz dezanean ere.

Baina Jainkoaren maitasunean dugun fede hau ezin da gelditu norberaren barnean gordea, Paulok ondo azaltzen duenez: Jainkoak guri eman zigun besteak Harekin berradiskidetzera eramateko eginkizuna (ik Kor 5,18), kristau bakoitzaren esku utziz Jainkoak sorkariei dien maitasunaren testigantza emateko erantzukizun handia.

“ … Kristoren izenean: egitzazue bakeak Jainkoarekin”

Gure portaera osoak sinesgarri egin beharko luke iragartzen dugun egia hau. Jesusek argi eta garbi esan zuen: oparia aldarean eskaini baino lehen, bakeak egin behar ditugula geure senideekin, hauek gure kontra zerbait balute (ik 5,23-24).

Eta honek guztiak lehen-lehenik gure elkarteetan balio du: familiak, erakundeak, Elizak. Deituak gaude hesiak haustera, pertsonak eta herriak bat etortzea oztopatzen duten hesiak.

“Kristoren izenean” hitzek esan nahi dute “Haren ordez”. Haren ordez jardunez, harekin eta hura bezala biziz, maita dezagun elkar hark maitatu gintuen bezala, muga eta aurreiritzirik gabe, irekiak, baizik, lagun hurkoa onartzera eta haren alde onak estimatzera, elkarren alde bizia emateko prest. Hau da Jesusen agindu nagusia, kristauen ezaugarria, gaur lehen kristauen garaian bezala balio duena.

 “ … Kristoren izenean: egitzazue bakeak Jainkoarekin”

Hitz hau bizitzeak esan nahi du, adiskidetzaile izatera etorri behar dugula.

Eta orduan, keinu eta hitz bakoitza, hartzen dugun jarrera bakoitza, maitasunean blaitua badago, Jesusena bezalakoa izango da. Haren antzera, poza eta itxaropena, bat etortzea eta bakea eramango dugu geurekin, bai eta mundu hori Jainkoarekin adiskidetua ere (ik 2 Kor 5,19), kreazio osoak espero duena.

Chiara Lubich

Iruzkin hau 1997ko urtarrilean argitaratu zen lehen aldiz. Fokolareen Mugimenduaren argitalpena.

Normas(500)