2014ko ekaina

 
"Ni zuekin izango nauzue egunero munduaren azkenera arte" (Mt 28, 20)

San Mateo ebanjelariak, Jesusen historia kontatzen hastean, Jesus hori Jainkoa gurekin -Emanuel – dela gogoratuz, irekitzen du bere Ebanjelioa. Eta Ebanjelioaren amaia goian aipatutako hitzetan egiten du. Hau da Jesusen agintzaria: zeruetara itzuli ondoren ere, gurekin izango dugula beti. Jainkoa gurekin izango da munduaren azkenera arte.

Jaunaren mezua mundu osora zabaltzeko eginkizuna bere ikasleei ezarri ondoren, esaten dizkie Jesusek hitz horiek. Jesusek ondotxo daki ardiak otso artera bezala bidaltzen dituela, eta nekeak eta erasoak jasan beharko dituztela . Horrexegatik, ez ditu bakar utzi nahi euren eginkizunean. Eta, hain zuzen, aldentzen den unean, berekin geratzen denaren hitza ematen die! Ez dute jadanik begiz ikusiko, ez dute haren ahotsik entzungo, ez dute eskuz ukituko, presente izango zaie euren artean lehen bezala, lehen baino areago. Ordura arte toki jakin batean, Kafarnaunen, lakuan, mendian edo Jerusalenen egoten bazen ere, hemendik aurrera bere ikasleak dauden tokian egongo da.

Jesusek gu guztiok ere gogoan ginduzkan, bizitza korapilatsu hau eraman behar dugunok, eta Maitasun gizondua denari· hona zer otu zitzaion: beti gizartean egon nahi nuke, euren nekeak neure egin, euren antzeko izan, txangoetan  bidelagun, euren etxeetan  sartu, euren pozaldiak areagotu …

Horra zergatik nahi izan zuen gurekin gelditu: bere hurbiltasuna, bere maitasuna, bere indarra sumarazteko.

San Lukasen Ebanjelioak esaten digunez, Jesus zerura igotzen ikusi ostean,  “ikasleak pozez beterik itzuli ziren Jerusalena”[1] Nola zitekeen? Bere hitzak egiaztatu zituztelako.

“Ni zuekin izango nauzue egunero munduaren azkenera arte”

Jesusek bere ikasleei zuzendutako azken hitz hauek haren giza­bizitzaren amaiera adierazten dute, eta, aldi berean, Elizaren hasiera. Eliza honetan, askotariko presentzia dugu Jaunarena: Eukaristian, bere hitzetan, bere ordezkarietan (gotzain, apaiz, …) behartsuetan, xumeetan, baztertuetan, … lagun hurko guztietan.

Guri gogoko zaigu Jesusen presentzia berezia halako gune jakin batean, San Mateoren Ebanjelioan adierazten zaigun tokian, azpimarratzea. Honela dio ebanjelariak: “Bi edo hiru lagun nire izenean bildurik dauden batzarrean, han nago Ni haien erdian”[2]. Hitz hauen bidez, edozein gunean kokatu nahi du Jesusek bere burua.

Berak nahi duena, bere agindu berria batik bat, hezur mamitzen badugu, suma dezakegu haren presentzia, baita elizatik at ere, jendetzaren erdian, bizilekuetan, edonon.

Horretarako, hona zer eskatzen zaigun: elkarrekiko maitasun leiala, zerbitzatzen, onartzen, nekeak, zalantzak, pozaldiak, … senideekin elkarbanatzen jakin. Dena estali, dena barkatu, dena eramaten dakien kristau maitasuna, alegia.

Bizi gaitezela guztiok era horretan, gizaki denek, bizialdi honetatik bertatik, Jesus Jauna aurkitzeko egokiera izan dezaten.

Chiara Lubich

Iruzkin hau Ciudad Nueva aldizkariko 387 alean argitaratu zen 2002ko maiatzean.

Normas(500)