2015eko iraila

 
«Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Mk 12, 31)

Hitz hau, berehala eta atzerapenik gabe bizitzea eskatzen duten Ebanjelioko hitz horietako bat da. Hain argi, garbi eta zorrotza delarik, ez du argibide handirik behar. Hala ere, barruan duen indarra jasotzeko ondo etorriko da bere testuinguruan kokatzea.

Jesus, zein agindu den handiena galdetu dion lege-maisu bati –Bibliaren ikastun bati– ari zaio erantzuten. Eztabaidatutako gaia zen hau, izan ere Eskritura Santuetan 613 agindu hartzen baitziren bete beharrekotzat.

Urte batzuk lehenago bizi izandako irakasle handietariko batek, Shanmay izenekoak, uko egin zion agindurik nagusiena zein zen seinalatzeari. Baina beste batzuek jada, Jesusek geroago egingo duen bezala, maitasuna jartzera jotzen zuten erdi-muinean. Adibidez, Hillel errabinoak honela zioen: «Ez egin lagun hurkoari zeuretzat higuingarri denik; hori da lege osoa. Beste guztia horren azalpen besterik da»[1].

Jesus ez da maitasunaren zentrotasuna onartze horretan gelditzen, baizik eta agindu bakarrean biltzen ditu Jainkoaren maitasuna (Dt 6, 4) eta lagun hurkoarena (ik. Lb 19, 18). Eta galdezka duen lege-maisuari honela erantzuten dio: «Lehenengoa hau da: “Entzun, Israel, Jauna gure Jainkoa da Jaun bakarra! Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz”. Eta bigarrena beste hau: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Ez da agindu hau baino handiagorik».

«Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».

Agindu bakarraren bigarren aldea, lehenengoaren, Jainkoaren maitasunaren, adierazpen da. Jainkoak halako ardura du bere sorkari bakoitzaren alde, non ez dugun Haren guztiekiko maitasunaren adierazle izatea baino modu hoberik, Hari poz emateko eta diogun maitasuna egitez erakusteko. Gurasoak, beren seme-alabak elkarrekin ondo eramaten, elkarri laguntzen eta bat eginda, ikustean pozten diren bezala, Jainkoa ere –guretzat aita eta ama bezala dena– poztu egiten da ikustean, lagun hurkoa geure burua bezala maite dugula, era horretan giza familiaren batasuna bultzatzen dugularik.

Mendeak aurreragotik ari ziren profetak Israel herriari azaltzen, Jainkoak nahiago duela maitasuna, sakrifizioak eta erre-opariak baino (ik. Os 6, 6). Jesusek berak haiek irakatsia aipatzen du, honela esatean: «Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”» (Mt 9, 13). Izan ere, nola maitatuko dugu ikusten ez dugun Jainkoa, ikusten dugun senidea maite ez badugu? (ik. 1 Jn 4, 20). Pertsona bakoitza, laguna nahiz ezezaguna, gure herrikoa nahiz bestekoa, batez ere «xumeak» eta behartsuenak maitatzen, zerbitzatzen eta aintzat hartzen ditugun neurri berean, maitatzen, zerbitzatzen eta aintzat hartzen dugu Jainkoa.

Mende guztietako kristauei zuzentzen dien gonbita da hori, kultua bizitza bihurtzeko, elizetatik irten –berorietan gurtu, maitatu eta goretsi dugu Jainkoa– eta besteengana joateko, eta horrela otoitzean eta Jainkoarekiko elkartasunean ikasi duguna praktikan jartzeko.

«Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».

Nola bizi, bada, Jaunaren agindu hau?

Kontuan har dezagun, batez ere, Jainkoaren maitasuna barruan duen binomio banaezin baten parte bat dela. Denbora eman behar zaio maitasuna zer den eta nola maitatu behar den ezagutzeari, eta horretarako lekua eman behar zaie otoitza, «kontenplazioa» eta Harekin elkarrizketa egiteko momentuei: Maitasuna den Jainkoagandik ikasten dugu maitatzen. Jainkoarekin gaudenean ez diogu lagun hurkoari denbora kentzen; aitzitik geure burua prestatzen dugu, hura gero eta modu eskuzabalago eta egokiagoan maitatzeko. Aldi berean, besteak maitatu ondoren Jainkoarekin berriro egotera gatozenean, benetakoagoa, egiazkoagoa, da gure otoitza; eta geurekin izan ditugun eta berriro Harengana daramatzagun pertsona guztiez ugaltzen da.

Horrez gain, lagun hurkoa geure burua bezala maitatzeko, nork bere burua bezala ezagutu behar du hura. Besteak maitatua izan nahi duen modura etorri beharko genuke hura maitatzera, eta ez niri gustatuko litzaidakeen modura. Gaur gure gizarteak, beste munduetatik datozen pertsonen presentzia dela-eta, gero eta kultur-aniztunagoak direnean, handiagoa bihurtzen da erronka. Herrialde berri batera doanak ezagunak izan behar ditu hango tradizioak eta baloreak; horrela bakarrik uler eta maita ditzake bertako hiritarrak. Eta beste hainbeste egin behar du migratzaile berriak hartzen dituenak, migratzaile frankotan desorientatuak, hizkuntza berri batekin borrokan eta gizarteratze-arazoekin dabiltzanak.

Ezberdintasun/aniztasuna hor dago ere familia bat beraren barruan, lantokian nahiz auzokideen komunitatean, nahiz eta berori kultura bereko pertsonek osatu. Agian ez al litzaiguke gustatuko guri denbora emateko prest dagoen norbait aurkitzea, guri entzuteko, azterketa bat prestatzen laguntzeko, lan-postua aurkitzeko, etxea berriztatzeko? Ba segur aski besteak antzeko premiak dauzka. Jakin egin behar da antzematen, kasu egiten, benetan entzuten, haren larruan sartzen.

Maitasunaren kalitatea ere kontuan hartzekoa da. Maitasunari egin zion gorazarre ospetsuan, Paulo Apostoluak haren berezitasun batzuk aipatzen ditu, gogoratzea komeniko zaizkigunak: eraman onekoa da, bihozbera, ez du bekaizkeriarik, ez harropuzkeriarik, bestea bere buruaren aurretik jartzen du, ez dio inori begirunerik galtzen, ez dabil bere interesaren bila, ez da haserrekorra, ez du kaltea gogoan hartzen, dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten (ik. 1 Ko 13, 4-7).

Zenbat aukera eta zenbat xehetasun honako hau bizi izateko:

«Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».

Eta azkenik gogora dezakegu giza existentziaren arau honetan oinarritzen dela «urrezko erregela» famatua, erlijio guztietan eta are kultura «laikoko» maisu handietan aurkitzen duguna. Hinduek eta musulmanek, budistek eta erlijio tradizionaleko sinestedunek, kristauek eta borondate oneko gizon-emakumeek bila genitzake geure kultur tradizioen edo geure kredo erlijiosoen jatorrietan antzeko gonbitak lagun hurkoa maitatzera, eta horrela elkarri lagundu beroriek bizitza egiten.

Lan egin behar dugu elkarrekin mentalitate berria sortzen, bestea balioztatzen duen mentalitatea, pertsonarekiko begirunea irakasten duena, gutxiengoak zaintzen dituena, ahulenei kasu egiten diena, norbere interesei kasu egiten zentratzen ez dena, besteenei baizik.

Denok kontzienteki kontuan hartuko bagenu, lagun hurkoa geure burua bezala maitatu behar dugula hark guri egitea nahiko ez genukeena guk berari ez egiteraino, eta guk besteari egin behar geniokeela hark guri egitea nahiko genukeena, orduan amaituak lirateke guduak, jada ez legoke ustelkeriarik, senidetasun unibertsala ez litzateke utopia bat, eta maitasunaren zibilizazioa gauzatua litzateke laster.

 FABIO CIARDI


[1] Talmud de Babilonia, Shabat 31a.

Normas(500)