2015eko azaroa

 
«…guztiak bat izan daitezela» (Jn 17, 21).

Jesusek Aitari zuzentzen dion azken erregu saminez betea da hau. Badaki Hari gehien axola zaiona ari dela eskatzen, zeren eta Jainkoak bere familia bezala sortu baitu gizadia, harekin ondasun oro eta bere Jainkozko bizitza bera partekatzeko. Eta zer nahi dute gurasoek beren seme-alabentzat, haiek elkar maitatzen, laguntzen eta bat eginda bizitzen ikustea baino? Eta zein dute disgusturik handiena, haiek bekaitz eta interes ekonomikoengatik bananduta ikustea baino elkarri hitza ukatu arte? Jainkoak ere familia bat amestu du betitik, seme-alabek Berarekin eta beren artean maitasun-elkartasunean uztartutako familia.

Gure hasieratako kontakizun dramatikoa bekatuaz eta giza familiaren desegite progresiboaz mintzo zaigu. “Hasiera” liburuan irakurtzen dugun bezala, gizonak andrea salatzen du, Kainek anaia hiltzen du, Lamek bere gehiegizko mendekuaz harropuzten da, Babel-ek herrien ezin-ulertua eta sakabanatzea eragiten du … Jainkoaren egitasmoak porrot egin duela dirudi.

Hala ere Jainkoak ez du amore ematen, eta etsi gabe saiatzen da bere familia berriro biltzen. Historia Noerekin hasten da berriro, eta Abraham hautatua izatearekin, eta herri aukeratuaren sortzearekin; eta horrela bere Semea lurrera bidaltzea erabakitzen duen arte, hari misio handi bat emanez: seme sakabanatuak familia bakarrean biltzea, ardi galduak artalde batean elkartzea, herrien arteko zatiketa eta etsaigoen hesiak desegitea, herri berri bakar bat sortzeko (ik. Ef 2, 14-16).

Jainkoak batasuna amesten jarraitzen du, eta horregatik Jesusek berori eskatzen dio, gu guztiontzat erregutu dezakeen oparirik handiena bezala: «Hori eskatzen dizut, Aita, …

«…guztiak bat izan daitezela»

Familia osoak gurasoen marka darama. Eta beste hainbeste Jainkoak sortutako familiak. Jainkoa Maitasun da ez soilik bere sorkariak maite dituelako, baizik eta bere baitan Maitasun delako bere burua ematearen elkarrekikotasunean, eta hiru Pertsona jainkozkoek, bakoitzak bere partetik, besteekiko duten elkartasunean.

Horregatik, gizon-emakumeak sortu zituenean, bere antzeko eta irudiko egin zituen eta beraiengan bere harremanerako gaitasun bera txertatu zuen, horrela pertsona bakoitza bere buruaren besteekiko entreguan bizi dadin. Hil honetan bizi nahi dugun hitzaren esaldi osoak honela dio: «Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita, zu nirekin eta ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela gurekin». Aitaren eta Jesusen artean dagoen batasuna da, ez gutxiago, gure arteko batasunaren eredu. Ezinezkoa dirudi, hain sakona delako. Hala ere ahalezko bihurtzen da, bat garen bezala horrek bat garelako ere esan nahi duelako: gu izan gaitezke bat Aita eta Semea bat diren bezala, hain zuzen beraien bat-izatean sartuak izan garelako, bat-izate hori oparitzen digutelako.

«…guztiak bat izan daitezela»

Hauxe da, hain zuzen, Jesusen egintza: Bera Aitarekin bat den bezala, gu guztiok ere bat egitea, familia bat, herri bakar bat. Horretarako egin zen gutako bat, hartu zituen bizkarrean gure batasun-urraketak eta bekatuak eta gurutzean josi.

Berak erakutsi zigun gu batasunera eramateko egingo zuen bidea: Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana ekarriko ditut denak» (Jn 12, 32). Apaiz nagusiak profetizatu zuen bezala, «hiltzera eramana izango zen […] sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak elkartzeko» (Jn 11, 52). Bere heriotza eta piztueraren misterioan «gauza guztiak batean bildu zituen Beragan» (ik. Ef 1, 10), bekatuak hautsitako batasuna berregin zuen, familia Aitaren inguruan berriz konpondu zuen eta anai-arreba egin gintuen gure artean.

Jesusek bete zuen bere misioa. Guri geure partea gelditzen zaigu, geure atxikimendua, geure «baietza», ematea haren erreguari:

«…guztiak bat izan daitezela»

Zer egin dezakegu guk erregu hori betetzeko?

Lehenik eta behin geure egin berori. Jar ditzakegu geure ezpain eta bihotza Jesusen esku, hitz horiek Aitari zuzentzen jarrai dezan, eta egunero Haren erregua konfiantzaz errepikatu. Batasuna Goi-goitik datorren dohaina da eta fedez erregutu behar da sekula nekatu gabe.

Horrez gain, geure pentsamendu eta desiratan egon behar du beti. Jainkoaren ametsa hori bada, geure amets ere egin nahi dugu. Noizik behin, edozein erabaki edo hautapen hartu aurretik, galde geniezaioke geure buruari: balio du batasuna eraikitzeko, hau da onena batasunari begira?

Eta batasun-urraketak begi-bistakoagoak diren lekuetara joan beharko genuke eta haiek bizkarrean hartu, Jesusek egin zuen bezala. Izan daitezke familiako edo ezagutzen ditugun pertsonen arteko konponduezinak, auzokoen arteko tirabirak, laneko, parrokiako, Elizen arteko akordio-ezak. Ez dezagun liskar eta desadostasunetatik ihes egin, ez gaitezen ardura gabe gera; eraman dezagun geure maitasuna bertara entzutearen bidez, besteari adi egonez, zauritik irteten den samina partekatuz.

Eta batez ere bizi dezagun batasuna Jesus eta haren erreguaren ideala partekatzeko prest dauden guztiekin, gaizki-ulertu eta ez-adostasunei garrantzirik eman gabe, «batasunean hain perfektu ez denarekin konformatuz, batasunik gabe perfektuagoarekin baino lehenago», ezberdintasunak alaitasunez onartuz, eta are beroriek aberastasun kontsideratuz batasunerako, zeina ez den inoiz uniformetasunera murriztuta gelditzea.

Bai, honek guztiak batzuetan gurutzean josiko gaitu, baina hori da hain zuzen Jesusek aukeratu zuen bidea giza familiaren batasuna berregiteko, guk ere Berarekin egin nahi dugun bide berbera.

FABIO CIARDI

Normas(500)