2016ko uztaila

 
«Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz, Jainkoak Kristoren bitartez barkatu dizuen bezala» (Ef 4, 32).

Ez dago ezer ederragorik «maite zaitut» entzutea baino. Norbaitek maite gaituenean ez gara bakarrik sentitzen, segurantzaz goaz bidean, eta are zailtasun eta egoera kritikoei egin diezaiekegu aurre. Eta horrez gain maitatzea elkarrekikoa bihurtzen bada, indartu egiten dira itxaropena eta konfiantza, babestuak sentitzen gara. Denok dakigu haurrek, ongi haziak izateko, maitasuna, maite dituen norbait, behar dutela inguruan. Baina hori adin guztietan da horrela. Horregatik gonbidatzen gaitu Bizi-hitzak elkarrentzat «onak» izatera, hau da, elkar maitatzera; eta Jainkoa bera jartzen digu eredu.

Hain zuzen Jainkoaren etsenpluak oroitarazten digu elkar maitatzea ez dela sentimendu hutsa; «bestearen ona nahi izate» guztiz zehatza eta estua baizik. Jesusengan, Jainkoa gaixo eta behartsuengana hurbildu zen, gupida izan zuen gizataldeaz, errukia bekatariekin, eta barkatu egin zien gurutzean josi zutenei.

Guretzat ere hurkoaren ona nahi izateak esan nahi du hari entzutea, hari benetako arreta adieraztea, haren pozak eta probak partekatzea, hartaz arduratzea, haren bidelagun izatea. Hurkoa ez da inoiz arrotz bat, nire atal den eta zerbitzu egin nahi diodan anaia edo arreba baizik. Eta horren alderantzizkoa gertatzen da, bestea kontrako eta etsai gisa ikusten dugunean, edo harentzat kaltea nahi izatera, hura kolpatzera edo are garbitzera gatozenean, zoritxarrez eguneroko kronikek kontatzen diguten bezala. Horretaraino iritsi gabe, guri ere ez al zaigu gertatzen, ezinikusiak eta deskonfiantzak, liskarrak edo besterik gabe interesik eza edo ezaxola metatzen ditugula kalte egin digutenen aurka, ez-atsegin zaizkigunen edo gure ingurune sozialekoak ez direnen aurka?.

Batzuek besteen ona nahi izateak esan nahi du –irakasten du Bizi-hitzak– errukiaren bidea hartzea, prest egonez elkarri barkatzeko oker jokatzen dugun bakoitzean. Gai honi buruz, kontatzen du Chiara Lubich-ek, bere kristau komunitate berriaren esperientzia hasi berritan, egina zuela elkar maitasunezko akordio bat bere lehen lagunekin, Jesusen agindua praktikan jartzeko. Hala ere, «ez zen beti erraza izaten neska taldearentzat, batez ere hasieran, maitasunaren erradikaltasuna bizitzen. Besteak bezalako pertsonak ginen, nahiz eta Jainkoaren dohain bereziak lagunduak; eta gure arteko harremanetan ere pausa zitekeen hautsa, eta batasuna maskaldu. Adibidez, besteen hutsegite eta ez-perfekzioez konturatzen ginenean gertatzen zen  juzgu txarra egiten geniola elkarri, horrela elkarrekiko maitasuna hoztuz.

»Egoera horri aurre egiteko, egun batean pentsatu genuen hitzarmen bat, “erruki-hitzarmena” deitua, geure artean zigilatzea. Erabaki genuen goizero aurkitzen genuen hurkoa –fokolare, eskola-lagun edo lankide…– berri ikustea, erabat berri, bere hutsegite eta akatsak batere gogoratu gabe, eta dena maitasunaren bidez estaliz. Eta denengana bihotzeko amnistia osoz, barkamen orokorrez, hurbiltzea. Konpromiso fuerte bat zen, denok batera hartu genuena, eta beti maitatzen lehenak izaten laguntzen ziguna, barkatzen eta ahazten duen Jainko errukitsuaren antzera»[1].

Erruki-hitzarmena! Ez ote litzateke berori ontasunean hazteko modu bat izango?

FABIO CIARDI


[1] C. Lubich, Hurkoaganako maitasuna, musulman talde bati hitzaldia, Castel Gandolfo, 2002-11-1.

 

Normas(500)