2017ko uztaila

 
«Zatozte Nigana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden» (Mt 11, 28)

Nekatu eta zamatu guztiok: hitz hauek gogorarazten dizkiguten pertsonak –gizon eta emakume, gazte, neska-mutil eta adineko–, bizitzako bidean hainbat modutako zamak daramatzatenak dira, eta beroriek bizkarretik kentzeko egunaren zain dabiltzanak.

Mateoren Ebanjelioaren pasarte honetan, Jesusek gonbidapen bat egiten die: «Zatozte Nigana…».

Jesusek jendaldea zeukan inguruan, bera ikusteko eta berari entzuteko etorria; haietako asko pertsona xumeak ziren, behartsuak, eskola-gabeak, beren garaiko arau erlijioso konplexu guztiak ezagutzeko eta betetzeko gauza ez zirenak. Gainean zituzten zergak eta erromatar administrazioa, gehienetan jasanezineko zama. Estutasunetan ziren eta bizimodu hobea eskain ziezaieketen norbaiten bila zebiltzan.

Bere irakaspenaren bidez Jesusek arreta berezia agertzen zuen haien alde, eta bekataritzat joak zeudelako gizartetik bazterturik zeudenen alde. Desiratzen zuen uler eta onar zezatela denek legerik nagusiena, Aitaren etxeko atea zabaltzen duena: maitasunaren legea. Izan ere, Jainkoak bere harrigarriak agertzen baitizkie bihotza zabalik eta xume dutenei.

Baina Jesusek gu ere gonbidatzen gaitu gaur berarengana hurbiltzera. Bera, maitasuna den Jainkoaren ageriko aurpegi gisa agertu zen, maitasun den eta neurrigabe maite gaituen Jainkoarena, garenak bezala, geure gaitasun eta mugekin, geure pretentsio eta porrotekin, maite gaituenarena. Bere legean konfiantza izatera gonbidatzen gaitu, lege hori ez baita zapaltzen gaituen zama, baizik eta bizitzen dutenei bihotza pozez bete diezaieketen uztarri arina. Lege honek eskatzen du gu geure baitan ez biltzeko konpromisoa hartzera, baizik eta geure bizitza, egunez egun, besteei gero eta emanagoa egitera.

«Zatozte Nigana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden».

Jesusek, gainera, beste zerbait hitzematen du: «… atseden emango dizuet».

Nolatan hori? Batez ere bere presentziarekin, berau gugan gero eta garbiagoa eta sakonagoa egiten delarik, baldin eta hura geure existentziako puntu irmo gisa aukeratzen badugu; eta gero argi berezi baten bidez, beronek eguneroko urratsak argitzen dizkigularik eta bizitzaren nondik norakoa aurkiarazten, are kanpoko gorabeherak zailak direnean. Horrez gain, Jesusek berak egin zuen bezala maitatzen hasten bagara, maitasunean aurkituko dugu aurrera jarraitzeko indarra eta askatasun betea, zeren eta horrela Jainkoaren biziak gugan bidea irekitzen baitu.

Chiara Lubich-ek hau idazten du: «Beti maitatzeko tentsioan ez dagoen kristau batek ez du kristau izena merezi. Zeren eta Jesusen agindu guztiak bat bakarrean biltzen baitira: maitatu Jainkoa eta lagun hurkoa, honengan Jesus ikusten eta maitatzen dugularik. Maitasuna ez da sentimendu hutsa, baizik eta bizitza zehatz bihurtzen da, senideei, batez ere albokoei, serbitzatzea, eta gauza txikietatik, zerbitzu apalenetatik, hastea. Karlos de Foucauld-ek dio: “Norbait maite dugunean, harengan gaude benetan, harengan gaude maitasunaz, harengan bizi gara maitasunaz; jada ez gara geugan bizi, geure buruari lotu gabe gaude, geure burutik kanpora[1]. Hain zuzen maitasun honi esker egiten du gugan aurrera Jesusen argiak, berak hitzeman bezala: “Ni maite nauenari … agertuko natzaio” (Jn 14, 21). Maitasuna argi-iturri da: maitatuz gehiago ulertzen da Jainkoa, Maitasun delako»[2].

Onar dezagun Jesusek beragana joateko egiten digun gonbidapena, eta onar dezagun Bera geure itxaropen eta bakearen iturritzat.

Onar dezagun bere agindua eta saia gaitezen Hark bezala maitatzen, eguneroko hainbat gorabeheretan, familian, parrokian, lanean: irainari erantzun diezaiogun barkamenaz, eraiki ditzagun zubiak harresiak altxa ordez, eta jar gaitezen zailtasunen zama sentitzen dutenen zerbitzuan.

Aurkituko dugu lege hau ez dela zama, baizik eta hegan altu egitera eramango gaituen hegoa.

LETIZIA MAGRI


 

[1] C. de Foucauld, Scritti spirituali VII, Città Nuova, Roma 1975, p. 110.

[2] Cf. C. Lubich, «Bizi-hitza», 1999ko maiatza in: Ciudad Nueva 354 (1999/5), 26. or.

 

 


Normas(500)