2017ko iraila

 
«Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat» (Mt 16, 24).

Jesus bere bizitza publikoan bete-betean sartua dabil Jainkoaren Erreinua hurbil dela iragarriz, eta Jerusalema joatea prestatzen ari da. Ikasleek, Haren misioaren handitasuna igarrita eta Harengan Israel herri osoak espero zuen Bidalia ikusiz, uste dute Erromaren boteretik, azkenik, liberatzea eta mundu hobe bakez eta oparotasunez bete baten egunsentia ikustea.

Baina Jesusek ez ditu lilurabide horiek elikatu nahi; argi eta garbi esaten du Jerusalema joateak ez duela arrakastara eramango, baizik bazterketa, sufrimen eta heriotzara; jakinarazten du, orobat, piztu egingo dela hirugarren egunean. Hitz horiek ulertzeko eta onartzeko hain zailak izanik, Pedrok erreakzio bizkorrean arbuiatu egiten du proiektu hain ulergaitza; eta gainera konbentzitu egin nahi du Jesus.

Pedrori haserre erantzun ondoren, Jesusek ikasleei gonbidapen txundigarri hau egiten die:

«Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat».

Hitz horien bidez, zer eskatzen die Jesusek orduko eta oraingo bere ikasleei? Guk geure buruak mesprezatzea da bere nahia, eta guztiok bizitza aszetikoan murgiltzea? Jainkoari atsegingarri izateko, gu sufrimenaren bila hastea eskatzen du?

Hitz horrek, hori baino gehiago, Jesusen urratsei jarraitzea aholkatzen du, Ebanjelioaren balore eta eskakizunak onartuz, horrela gero eta Haren antzekoago izan gaitezen. Horrek, bizitza osoa neurri betean bizitzea esan nahi du Berak egin zuen bezala, baita bidean gurutzearen itzala agertzen denean ere.

«Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat».

Ezin dugu hau ukatu: bakoitzak bere gurutzea du. Sufrimena, bere mota guztiak barne, giza bizitzaren parte da, baina ulertezina iruditzen zaigu, gure zorion-desiraren aurkakoa. Baina hortxe, hain zuzen, irakasten digu Jesusek ezusteko argi bat aurkitzen. Eliza batzuetan sartzean bezala gertatzen zaigu: beirateak zein harrigarriak eta argitsuak diren ikusten dugu, kanpotik begiratuta ilunak eta ederrik gabeak baziruditen ere.

Jarraitu nahi badiogu, Jesusek eskatzen digu geure baloreak erabat azpikoz gain jartzea, geure burua munduaren zentro izatetik kenduz eta interes pertsonala bilatzearen logikari uko eginez. Proposatzen digu besteen premiei geurei baino arreta gehiago ematea; geure indarrak besteak zoriontsu egiten erabiltzea Berak bezala; ez baitzuen aukerarik galdu aurkitzen zituen guztiei kontsolamendua eta itxaropena emateko. Egoismotik libratzearen bide horretatik has gaitezke gizatasunean hazten, geure nortasuna bete-betean gauzatzen duen libertatea konkistatzen.

«Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat».

Jesusek Ebanjelioaren lekuko izatera gonbidatzen gaitu, baita bizi dugun gizarte-inguruaren ez-ulertze txiki edo handiek leialtasun hori probaldian jartzen dutenean ere. Jesus gurekin dago, eta guk Berarekin bizitza jokatzea nahi du idealik ausartenaren alde: hots, senidetasun unibertsala, maitasunaren zibilizazioa.

Maitasunean erradikal izate hau giza bihotzaren eskakizun sakona da, eta horren lekuko dira tradizio erlijioso ez-kristauetako pertsonaiek, kontzientziaren ahotsa hondoraino bizitu dutenek. Gandhik idazten du: «Norbaitek bizia kenduko balit, eta ni ezpainetan hiltzailearen aldeko otoitza dudala eta nire bihotzeko leku santuan Jainkoaren oroimenaz eta presentzia biziaz kontziente naizela hilko banintz, orduan bakarrik esan ahalko da bulartsuen ez-indarkeria dudala»[1].

Chiara Lubich-ek Jesus gurutziltzatu eta abandonatuaren misterioan aurkitu zuen bere buruaren nolanahiko zauriak sendatzeko medizina, baita pertsona, talde eta herrien arteko batasun-ezak ere; eta askorekin partekatu zuen aurkikuntza hori. 2007an, Eliza ezberdinetako hainbat mugimendu eta elkartek Stuttgart hirian (Alemania) egin zuten batzarra zela eta, hau idatzi zuen:

«Gutako bakoitzak ere nozitzen ditu bizitzan sufrimenak, Hark izan zituenekin antz pixka bat dutenak. […] Sufrimen horiek sentitzean […] gogora dezagun Hark bereak egin zituela: Haren presentzia dira ia, Haren saminean esku hartzeko modu bat. Egin dezagun Jesusek bezala; ez baitzen harri bihurtuta egon, baizik eta oihu horri hitzok erantsi zizkion: “Aita, zure eskuetan jartzen dut bizia” (Lk 23-46), eta berriro Aitarengan abandonatu zen.

«Hura bezala, gu ere joan gaitezke sufrimena baino haratago eta probaldia gainditu, Hari esanez: “Probaldian maite zaitut Jesus abandonatua; sufrimenean maite zaitut, gogoratzen zaitut, aurkitzen dut zure espresio eta aurpegia”. Eta horren ondoren geure anai-arreba maitatzeari eta Jainkoak nahi duena egiteari ekiten badiogu, gehienetan probatuko dugu sufrimena poz bihurtzen dela […]. Bizi garen talde txikietan […] gerta daitezke batasun-falta txiki nahiz handiak. Sufrimen horretan ere ikus dezakegu Haren aurpegia, samin hori geuregan gainditu eta zerbait egin besteekin senidetasuna berrosatzeko. […] Elkartasuna lantzeak Jesus gurutziltzatua du bide eta eredu»[2].

LETIZIA MAGRI


 

[1] M. K. Gandhi, Antiche come le montagne, Ed. di Comunità, Milán 1965, pp. 95-96.

[2] C. Lubich, «Por una cultura de comunión», Encuentro Internacional «Juntos por Europa», Stuttgart (Alemania), 12-5-2007: http://www.together4europe.org/

Normas(500)