2018 Urtarrila

 
«Zure eskuina, Jauna, izugarri indartsu» (Ir 15, 6).

Hil honetako Bizi-hitzak Moisesen gorazarreko txatal bat hartzen du, eta Itun Zaharreko pasarte horretan Israelek goresmen ematen dio Jainkoari bere historian izan duen esku hartzeagatik. Kantika horrek, Jainkoak bere herriaren alde, Egiptoko esklabutzatik atera eta agindutako Lurrera iritsi arteko bide luzean, egin duen salbamen-ekintza erabakigarria aldarrikatzen du.

Zailtasun eta sufrimenezko bidea da hura, baina Jainkoaren gidaritza segurupean egiten da eta Haren salbamen-asmoaren zerbitzura jartzen diren gizaki batzuen, Moises eta Josueren, lankidetzaren bitartez.

«Zure eskuina, Jauna, izugarri indartsu».

Boterean/indarrean pentsatzen dugunean, indarkerian pentsatzen dugu erraz, pertsona eta herrien artean abusu eta gatazkak sortu ohi dituelako. Baina benetan, Jainkoaren hitzak agerpenez esaten digu, benetako indarra/ahalmena, Jesusengan agertu zen bezala, maitasuna dela. Hark bere giza esperientzia osoa egin zuen heriotzaraino, guri askapenerako eta Aitarekin elkartzeko bidea irekitzeko. Hari esker agertu zen Jainkoaren gizakiarekiko maitasun indartsua.

«Zure eskuina, Jauna, izugarri indartsu».

Geure buruari begiratuz gero, geure mugak aitortu behar ditugu tolesik gabe. Giza ahulezia ukaezina da, dituen adierazpen guztietan: fisikoan, moralean, psikologikoan eta sozialean. Eta hementxe, hain zuzen, izan dezakegu Jainkoaren maitasunaren esperientzia. Izan ere, Hark bere seme-alaba dituen gizaki guztientzat nahi du zoriona, eta horregatik prest dago beti bere laguntza indartsua eskaintzeko, denen ona eta bakea eta senidetasuna eraikitzeko, bere eskuetan esanekotasunez jartzen diren guztiei.

Esaldi hau jakinduriaz hautatua izan da, hil honetan «kristauen batasunerako Otoitz-astea» ospatzeko. Zenbat sufrimendu elkarri emateko gai izan garen mende hauetan, pitzadura eta susmo txarrak sakonduz, elkarte eta familiak bananduz.

«Zure eskuina, Jauna, izugarri indartsu».

Beharrezkoa dugu otoitzaz batasunaren grazia, Jainkoaren dohain bezala, eskatzea; aldi berean eskain dezakegu geure burua Jainkoaren maitasunaren zerbitzari izateko, zubiak eraikitzeko. Elizen Kontseilu Ekumenikoa 2002an Genevan biltzean, gonbitea egin zitzaion Chiara Lubich-i bere pentsamendua eta esperientzia eskaintzera, eta hau esan zuen:

«Elkarrizketa era honetan egiten da: lehenik maila berean jartzen gara solaskidearekin, hura dena delarik; gero entzun egiten diogu, geure baitan hutsune osoa eginez … Horrela, geugan onartzen dugu bestea eta konprenitu … Izan ere horrela, maitasunez entzuna izatean, bestea ere erakarria sentitzen da gure hitzak entzutera»[1].

Hil honetan erabil ditzagun geure eguneroko kontaktuak, afektu eta adiskidetasunezko harremanak finkatu eta berreskuratzeko geureaz besteko Elizetako pertsona, familia edo taldeekin.

Eta zergatik ez zabaldu geure otoitza eta ekintza geure eliz elkartearen barruan dauden sakabanaketei ere? Bai eta politikan, gizarte zibilean eta familietan ditugunei ere? Guk ere eman ahalko dugu pozik lekukotasun hau: «Zure eskuina, Jauna, izugarri indartsu».

LETIZIA MAGRI


[1] Ik. C. Lubich, «La unidad y Jesús abandonado, fundamento para una espiritualidad de comunión», Ginebra 28-10-2002.

Normas(500)