2018 Apirila

 
«Bene-benetan diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du» (Jn 6, 47).

Esaldi hau, Jesusek jendetzarekin eduki zuen elkarrizketa luze baten parte da; jendeak ikusi du ogiak ugaltzearen seinalea eta jarraitu egiten dio, Harengandik laguntza materiala hartuz joateko bada ere. Jesusek, momentuko premiatik abiatuz, poliki-polki bere hitzaldia bere misiora eramanez doa: Aitak bidalia izan da, gizakiei benetako bizia, betikoa, emateko, hau da, Maitasuna den Jainkoaren bizi bera.

Palestinako bideetan Berarekin gurutzatzen diren guztiengana hurbiltzen da, haien janari-, edan-, sendaketa- nahiz barkamen-eskeak saihestu gabe; are gehiago, edozein premia partekatzen du haiekin, eta bakoitzari itxaropena itzultzen dio. Horregatik eska dezake ondoren beste urrats bat, entzuten diotenak gonbida ditzake eskaintzen digun bizia onartzera, Berarekin harremanean sartzera, Beragan uste ona jartzera, Berarengan sinestera.

Hain zuzen Ebanjelioko esaldi hau iruzkinduz, idatzi zuen Chiara Lubich-ek hau: «Jesusek hemen gizakiaren desira handienari erantzuten dio. Gizakia bizirako egina izan da; horrexen bila dabil indar guztiz. Baina bere oker handia du berori sorkarien artean, edo sortutako gauzen artean, bilatzen duela, eta beroriek, mugatuak eta iragankorrak izanik, ezin diotela egiazko erantzunik eman gizakiaren desirari. … Jesusek bakarrik ase dezake giza gosea. Hark bakarrik eman diezaguke hiltzen ez den bizia, Bera delako Bizia»[1].

«Bene-benetan diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du».

Kristau bizitza, ezer baino lehen, Jainkoarekin eta Jesusekin pertsonalki aurkitzearen fruitu da, eta Jesusek ez du nahi gu bere biziaren hartzekodun egin besterik.

Jesusengan sinestea haren etsenplua jarraitzea da, eta geuregan tolestuak ez bizitzea, geure beldurretan, geure programa mugatuetan; baizik eta geure arreta besteen premiei ematera: pobrezia, gaixotasuna eta albora gelditzetik datozen premia zehatzei, baina batez ere entzuna, elkartean bildua, onartua izateko premiari.

Era honetan komunikatu ahalko dugu geure bizitzan besteekin maitasuna, Jainkoaren dohain gisa hartu duguna. Eta gure bidea indartzeko Hark, dohain handi gisa Eukaristia eman digu, besteari bizia emateko nork bere burua ematearen seinalea.

«Bene-benetan diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du».

Zenbat aldiz egunean ematen diegun konfiantza inguruan ditugunei: geure seme-alabei irakasten dien irakasleari, geure helmugara garamatzan taxilariari, tratamendua eman behar digun medikuari … Ezin da konfiantzarik gabe bizi, eta berau indartu egiten da tratuaz, adiskidantzaz, denborarekin sendotzen den harremanaz.

Beraz nola bizi hil honetako Bizi-hitza?

Chiara Lubich-ek, iruzkinarekin jarraituz, gonbidatzen gaitu geure aukera eta atxikimendu osoa Jesusi atergabe ematera: «… Eta jada badakigu zein den hara iristeko bidea. … praktikan jartzea ahalegin bereziz Haren hitz horiek, bizitzako gorabehera ezberdinak gogorarazten dizkigutenak. Adibidez, lagun hurko batekin topo egiten dugula? «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (ik. Mt 22, 39). Sufrimenduren bat dugula? Nire ondoren etorri nahi duenak … har beza bere gurutzea» (ik. Mt 16, 24), eta abar. Orduan Jesusen hitzak argi bihurtuko dira eta Jesus guregan sartuko da bere egiaz, indarraz eta maitasunaz. Gure bizitza gero eta gehiago Harekin bizitzea izango da, Harekin batera dena egitea. Eta zain dugun heriotza fisikoak berak ere ez gaitu izutuko, zeren eta Jesusekin jada izan du hasiera guregan bizitza egiazkoak, hiltzen ez den bizitzak»[2].

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, «La vida que no muere», en Ciudad Nueva n. 269 (8-9/1991), p. 32.

[2] Ibid.

 

Normas(500)