2018 Abuztua

 
«Maite zaitut, betidanik maite, horregatik natzaizu etengabe leial» (Jr 31, 3).

Jainkoak Jeremias profeta bidaltzen dio Israelgo herriari, berau Babiloniako erbestearen esperientzia mingarria probatzen ari denean, eta identitate eta hautapen zuen guztia galdua duenean: lurra, jauretxea, legea …

Hala ere, profetaren hitzak urratzen du saminezko eta nahasmenduzko oihal hori. Egia da: bere burua hondamendira eramatean, Israel desleial agertu da Jainkoarekin zuen maitasun-itunarekin. Baina hara hemen askatasunerako, salbamenerako eta itun berri baterako agintzari berri baten iragarpena, Jainkoak bere herriari maitasun betikoz eta sekula ez aldatuaz prestatzen diona.

«Maite zaitut, betidanik maite, horregatik natzaizu etengabe leial».

Jainkoaren leialtasunaren alderdi betiko eta aldaezina, Haren maitasunaren ezaugarri bat da. Bera da gizaki ororen Aita, maitasunean ekimena hartzen duen Aita eta betiko konprometitzen dena. Haren leialtasuna gutako bakoitzarengana dator, eta posible egiten digu oztopa gaitzakeen kezka oro Haren esku uztea. Maitasun betiko eta eraman handiko horri esker, modua dugu Harekiko eta besteekiko harremanean hazteko eta hobetzeko.

Guztiz kontziente gara ez garela finko mantentzen Jainkoa eta senideak maitatzeko konpromisoan, berau egiatia denean ere. Baina Haren gurekiko leialtasuna doakoa da, aurretik datorkigu beti, gure «ekarpenekin» zerikusirik izan gabe. Segurtasun pozgarri horri esker, posible zaigu geure horizonte mugatutik liberatzea, egunero bidean berriz jartzea, eta gu ere «ama-txera» horren lekuko bihurtzea.

«Maite zaitut, betidanik maite, horregatik natzaizu etengabe leial».

Jainkoaren gizakiarekiko begirada horrek nabarian jartzen du, orobat, senidetasun asmo handi bat, bere betea Jesusengan aurkituko duena. Bera, Jainkoaren maitasunean zuen konfiantzaren lekuko izan baitzen bere hitzaz eta batez ere bere bizitza osoko etsenpluz.

Guztiekiko maitasunean Aitari imitatzeko bidea zabaldu zigun (ik. Mt 5, 43 hur.) eta agertu ere bai, ingurunean onarpen- eta elkarrizketa-harremanak eraikitzen laguntzea dela gizon-emakume ororen bokazioa.

Nola biziko dugu Bizi-hitz hau hil honetan?

Chiara Lubich-ek, ama baten bihotza edukitzera gonbidatzen gaitu: «[…] Ama batek onartu egiten du beti, lagundu beti, itxaron beti, estali egiten du dena. […] izan ere, ama baten maitasuna oso antzekoa da Kristoren karitatearekin, berau Paulo apostoluak azaltzen duen bezala. Ama baten bihotza badugu edo, zehazkiago esateko, modurik garaienean ama den Mariaren bihotza edukitzeko asmoa badugu, prest egongo gara beti besteak edozein gorabeheratan maitatzeko eta, horrela, Berpiztua guregan bizirik mantentzeko. […] Ama honen bihotza badugu, den-denak maitatuko ditugu: ez bakarrik gure Elizako kideak, baizik baita beste guztietakoak ere; ez bakarrik kristauak, baizik baita musulmanak, budistak, hinduak, etab. ere; era berean borondate oneko gizakiak eta mundua betetzen duten guztiak ere […]»[1].

«Maite zaitut, betidanik maite, horregatik natzaizu etengabe leial».

Honako hau Ebanjelioa familian bizitzen hasi zen emazte gazte batek kontatzen du: «Lehenago sekula izan ez nuen poza sentitzen nuen, eta maitasun hori etxeko lau hormetatik at isurtzeko irrika. Gogoan dut, adibidez, nola joan nintzen korrika ospitalera, bere buruaz beste egin nahi izan zuen lankide baten andrearekin egotera. Aspalditik ezagutzen nituen haren zailtasunak, baina, neure arazoetan sartuta, ez nintzen kezkatu hari laguntzeaz. Orain bai, neurea egin nuen haren nahigabea, eta ez nintzen lasai gelditu urrats hori ematera bultzatu zuen egoera konpondu zen arte. Gertakari hau izan zen nire mentalitatea aldatzearen hasiera. Ulertarazi zidan, maitatzen baldin badut, izan naitekeela neure ondotik pasatzen den bakoitzarentzat Jainkoaren maitasun beraren ispilu, oso txikia bada ere».

Eta zer gertatuko litzateke, gu ere, Jainkoaren maitasun leialean sostengu harturik, barne-jarrera honetan jarriko bagina, egunean zehar topatzen ditugun guztien aurrean?

LETIZIA MAGRI


[1] Ik. C. Lubich, Buscando las cosas de arriba, Ciudad Nueva, Madrid 1993, pp. 44-45.

Normas(500)