2018 Iraila

 
«Onar ezazue otzan-otzan zuengan erein den eta zuek salbatzeko indartsu den mezua» (St 1, 21).
1

Hil honetako Hitza Santiagori –itzal handiko pertsona bera Jerusalemeko Elizan– egozten zaion testu batetik dator, eta bertan koherentzia eskatzen zaio kristauari sinesten eta egiten duenaren artean.

Txatalaren hasieran funtsezko baldintza bat azpimarratzen da: «ugari ageri den gaiztakeria» baztertzea, Jainkoaren Hitza entzuteko eta hark gidatuak izaten uzteko, eta horrela kristau bokazioa bete-betean bururatzerantz bidea egiteko.

Jainkoaren Hitzak indar guztiz berezia du: sormenduna da, fruitu onak ematen ditu pertsonagan eta elkartean, maitasun-harremanak eraikitzen ditu guretako bakoitzaren eta Jainkoaren artean, eta pertsonen artean. Eta, Santiagok dioenez, hitz hori «ereina » izan da jada gure baitan.

«Onar ezazue otzan-otzan zuengan erein den eta zuek salbatzeko indartsu den mezua».

Nola eman daiteke hori? Zalantzarik gabe, Jainkoak jada kreazioan bertan esan zuelako behin betiko Hitz bat: gizakia bere «irudi» dela. Izan ere giza sorkari bakoitza Jainkoaren «zu» bat da, Jainkoarekin maitasun- eta elkartasun-bizitza partekatzera existentziara deitua. Baina, kristauontzat, bataioko sakramentua da Kristorengan sartzen gaituena, Berori giza historian sartu den Jainkoaren Hitza izanik.

Horrela, bada, Hark pertsona bakoitzarengan erein du bere Hitzaren hazia, eta horrek pertsonari egite onetara, justiziara, emana bizitzera eta elkartasunera egiten dio dei. Hazi horrek, gure «lurrean» onartua eta maitez landua izanik, gaitasuna du bizia eta fruituak emateko.

«Onar ezazue otzan-otzan zuengan erein den eta zuek salbatzeko indartsu den mezua».

Jainkoak hitz egiten digun toki ziur bat Biblia da, berori kristauentzat Ebanjelioetan burutzen delarik. Beharrezkoa da Hitza Eskritura maitez irakurriz onartzea; eta gero hura bizi badugu, ikus ditzakegu haren fruituak.

Jainkoari entzun diezaiokegu geure bihotzaren sakonean ere, hor bertan sentitzen ditugularik maiz «ahots» eta «hitz» askoren zirikadak: esloganak eta hautabideen eta bizitza ereduen eskaintzak, edo baita kezkak eta beldurrak ere … Nola ezagutu Jainkoaren Hitza eta hari leku egin guregan bizi dadin?

Beharrezkoa da bihotzaren defentsak eranztea, eta Jainkoak bere ahotsa, finena eta zuhurrena izan ohi dena, askatasun eta ausardiaz entzutera egiten digun gonbidapenari «men egitea». Eta ahots horrek geuregandik irtetera eragiten digu eta elkarrizketaren, eta Berarekin eta besteekin topo egitearen, bideetan arriskatzera; gonbit egiten digu elkarlanera gizadi ederrago bat sortzeko, bertan guztiok gero eta gehiago anai-arreba aitor gaitezen.

«Onar ezazue otzan-otzan zuengan erein den eta zuek salbatzeko indartsu den mezua».

Egiaz, Jainkoaren Hitzak eraman dezake gure eguneroko bizitza, txarkeria pertsonal eta sozialaren ilunpetik askatuz doan historia bat izatera; baina horretako gure atxikimendu pertsonal eta kontzientea eskatzen du, berori akastuna, ahula eta bidez doana izanik ere.

Gure sentimendu eta pentsamenduek gero eta antz handiagoa izango dute Jesusek berak zituenekin, eta Jainkoagan dugun fedea eta itxaropena indartuz joango dira, aldi berean gure begi eta besoak anai-arreben premietara zabalduko direlarik.

Chiara Lubich-ek hori ematen zuen aditzera 1992an: «Batasun handia ikusten genuen Jesusengan zeruko Aitari zion maitasunaren eta bere senide gizakiei zienaren artean. Koherentziarik handiena zegoen bere hitzen eta bizitzaren artean. Eta horrek denak miresten eta erakartzen zituen. Horrelakoak izan behar dugu guk ere. Haurren xalotasunez onartu behar ditugu Jesusen hitzak eta praktikan jarri, duten garbitasun eta distirarekin, duten indar eta erradikaltasunarekin, horrela Berak nahi bezalako ikasle izan gaitezen, hau da, Maisua bezalakoak garen ikasleak: beste Jesus batzuk munduan zehar. Bizi dezakegu abentura handiago eta hoberik?» [1].

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, «Come il Maestro», en Città Nuova n. 36 (1992/4), p. 33.

Normas(500)

 

Eealimentación

  1. M@ Remedios Rguez Rguez

    Buen descansó, para “”TODOS Y CADA UNO “

    Responder