2018 Urria

 
«Espirituak gidatzen bazaituzte, ez zaudete legearen mende» (Ga 5, 18).

Paulo apostoluak gutun bat idazten die kristau Galaziakoei, gaurko Turkiaren erdialdeko eskualdea berori, berak ebanjelizatua eta maite-maite zuena. Elkarte honetako kristau batzuek defendatzen zuten, kristauek Moisesen legeko arauak bete behar zituztela, Jainkoari atsegingarri izateko eta salbamena lortzeko.

Paulok, aldiz,  baieztatzen du jada ez gaudela «legearen menpean», zeren eta Jesus bera, Jainkoaren Seme eta gizadiaren Salbatzailea, bere heriotza eta piztueraren bidez Aitarenganako Bide gertatu baita denentzat. Harengan sinesteak zabaldu egiten digu bihotza Jainkoaren Espirituaren eraginera, bizitzako bideetan gidatzen eta laguntzen gaituenera.

Beraz, Paulok dioenez, gauza ez da «legea ez betetzea», baizik hobeki legea bere azken sustrai exijenteenera eramatea, geure burua Espirituak gidatua izaten utziz. Hain zuzen, lerro batzuk gorago, Paulok idazten du: «Zeren lege osoa betetzen baita, agindu bakar hau betez gero: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Ga 5, 14).

Baiki, Jainkoaganako eta lagun hurkoaganako kristau maitasunean seme-alaben askatasuna eta erantzukizuna aurkitzen ditugu: Jesusen etsenpluaren arabera, denok maitatzera deituak gaude, maitatzen lehenengoak izatera, eta besteak geure burua bezala maitatzera, baita etsai gisa ikusten ditugunak ere.

«Espirituak gidatzen bazaituzte, ez zaudete legearen mende».

Jainkoagandik datorren maitasunak pertsona erantzukizundun izatera bultzatzen gaitu familian, lanean eta gabiltzan edozein lekutan. Bake, justizia eta legezko harremanak eraikitzera deituak gaude.

Maitasunaren legea da gu gizarteko izatearen oinarririk sendoena, Mariak kontatzen duen bezala: «Eskolak ematen ditut Parisko kanpo aldean, eskualde ez-mesedetu batean eta anitz kulturako ikasle-populazioa duenean. Anitz diziplinatako proiektuak darabiltzat taldean lan egiteko, kideen artean senidetasunean bizitzeko… horrela ikasleentzat sinesgarriak izan asmoz modelo hori proposatzen diegunean. Ikasi dut berehalako emaitzak ez espero izaten, baita ikasle bat aldatzen ez denean ere. Harengan sinestea eta lagun egitea da garrantzitsua, berari balioa eta atsegina emanez. Batzuetan iruditzen zait ez dudala ezer aldatzea lortzen, eta besteetan, aldiz, froga ukigarria daukat eraiki ditugun harremanek fruitu ematen dutela; horrela gertatu zen eskolako jardunetan modu eraikitzailean esku hartzen ez zuen neska ikasle batekin. Soseguz eta irmo azaldu nion, bakoitzak bere partea jarri behar duela elkarrekin harmonian bizitzeko. Eta orduan hau idatzi zuen: “Barkamena eskatzen dut neure portaeragatik, ez da berriz gertatuko. Badakit zuk ekintza zehatzak eta ez hitz hutsak eskatzen dituzula gugandik, eta hori egiteko konpromisoa hartu nahi dut. Zu, ikasleoi balore bidezkoak eta geure burua hobetzeko gogoa helarazi nahi dizkiguzun pertsona zara”» [1].

«Espirituak gidatzen bazaituzte, ez zaudete legearen mende».

Maitatuz bizitzea ez da gure ahaleginen fruitu huts. Eman zaigun Espirituak –berori eskatzen jarrai dezakegularik– ematen digu indarra, egoismoaren esklabutzatik gero eta libreagoak izateko, eta horrela maitatuz bizitzeko.

Hau idazten du Chiara Lubich-ek: «Maitasuna al da mugitzen gaituena, bizitzera deituak gauden egoerei eta hautapenei nola erantzun iradokitzen diguna? Maitasunak bereizten irakasten digu: hau ondo dago, egin egingo dut; hau gaizki dago, ez dut egingo. Maitasunak, bestearen ona bilatuz jokatzera bultzatzen gaitu. Ez gabiltza kanpotik gidatuak, Espirituak gure barruan jarri duen bizi berri sortzaileak baizik. Gure indarrek, bihotzak, gogoak eta gaitasun guztiek “egin dezakete bide Espirituaren arabera”, zeren eta maitasunak bateratzen baititu, eta Jainkoak guretzat eta gizartearentzat daukan proiektuaren menean jartzen erabat. Libreak gara maitatzeko»[2].

LETIZIA MAGRI


[1] Educar en los suburbios de París, testimonio de Maria A., Castel Gandolfo 3-3-2018

[2] C. Lubich, «Quella voce dentro», en Città Nuova n. 50 (2006/10), p. 9.

Normas(500)