2018 Abendua

 
«Poztu zaitezte Jaunarengan beti» (Flp 4, 4).

Paulo apostoluak Filipo hiriko kristauei idazten die, bera estualdi larrian jartzen duen pertsekuzioa jasaten ari denean. Eta hala ere, bere adiskide maite hauei aholkatzen die –are ia agintzen die– «pozik daitezela beti».

Baina eman daiteke horrelako agindurik? Geure inguruan begiratzen badugu, ez da erraz soseguz egoteko motiborik aurkitzen, eta askoz gutxiago pozteko.

Bizitzako kezken, gizarteko bidegabekerien eta herrien arteko tirabiren aurrean, ahalegin handia da animoz lur ez jotzea, ez etsitzea eta geure baitara ez kiribiltzea.

Baina Paulok horretara gonbidatzen gaitu gu ere:

«Poztu zaitezte Jaunarengan beti»

Zein da bere sekretua?

«[…] badago arrazoi bat, kontrako guztiak gorabehera, pozik egon behar izateko. Benetan harturiko kristau bizitza da horretara garamatzana. Bizitza horrek Jesus gure baitan bete-betean biziarazten du, eta berarekin ezin dugu pozik ez egon. Bera da benetako pozaren iturria, zeren eta zentzua ematen dio geure bizitzari, gidatu egiten gaitu bere argiaz, beldur orotatik libratzen gaitu bai lehengoari begira bai gerokoari; indarra ematen digu eduki ditzakegun oztopo, tentaldi eta probaldi guztiak gainditzeko»[1].

Kristauaren poza ez da sustraitzen optimismo hutsean, ongizate materialaren segurtasunean, ez eta gazte eta osasuntsu izatearen pozean; gehiago da bihotzaren sakonean Jainkoarekin pertsonalki aurkitzearen fruitu.

«Poztu zaitezte Jaunarengan beti»

Poz honek, jarraitzen du Paulok, gai egiten gaitu besteak bihotz onez onartzeko, prest jartzen gaitu geure ingurukoei denbora emateko (ik. Flp 4, 5).

Gehiago oraindik, beste egokiera batean Paulok irmoki Jesusen esan hau errepikatzen du: «Zorion gehiago du emateak hartzeak baino» (Eg 20, 35).

Jesusekin egotetik sortzen da, orobat, bihotzeko bakea, berau delarik bakarrik, bere indar desarmatuaz, inguruko pertsonak erakartzekob gai.

Sirian, gerrako arrisku eta estutasunak eta guzti, gazte talde ugari bat bildu zen orain gutxi Ebanjelioa bizitzeko esperientziak partekatzera, eta elkar maitasunaren poza dastatzera; eta ondoren senidetasuna egin daitekeela aldarrikatzeko deliberamenduz joan ziren handik.

Eta bertan parte hartu zuten batzuek idazten digute: «Bata bestearen ondoan hainbat historia kontatzen dira, atsekabezko eta itxaropenezko historiak, Jainkoaren maitasunean fede heroikoa dutenak. Batzuek dena galdu dute eta beste batzuek beretar maiteak hiltzen ikusi dituzte […].Gazte hauengan indartsua da beren inguruan bizia sortzeko konpromisoa: laguntza emateko ekintzak antolatzen dituzte, milaka pertsona inplikatuz; herri txiki baten erdigunean eskola eta loretoki bat berreraiki dituzte, gerragatik bukatu gabe gelditu zirenak; dozenaka errefuxiatu-familiari sostengua eskaintzen diete […]. Chiara Lubich-en hitzak datoz bihotzaren azalera: “ Kristauaren pozak antza du malko batean dirdai egiten duen eguzki-printza batekin, odol-mantxa batean loraturiko arrosa batekin, atsekabetik destilaturiko maitasun-esentzia batekin […] horregatik Paradisuko zati baten indarra du apostolutzarako” [2]. Siriako gure senideengan lehen kristauen kemena aurkitzen dugu; gerra izugarri honetan Maitasun den Jainkoagan duten konfiantza eta itxaropenaren testigantza ematen dute eta bideko lagunei helarazten. Mila esker, Siria, kristau izate bizia irakasten duzuelako».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, «Invito alla gioia», Città Nuova n. 31 (1987/22), p. 11.

[2] Id., «La alegría», en el Jubileo de los jóvenes, Roma 12-4-1984.

Normas(500)