2019 Urtarrila

 
«Izan dezazuela justizia helburu, eta justizia bakarrik» (Dt 16, 20).

Deuteronomio liburua, Moisesek bere bizitzaren buruan ahoskaturiko hitzaldi-sail baten egituran ematen da. Moisesek Jaunaren legeak gogorarazten dizkie belaunaldi berriei, urrutitik begien aurrean kontenplatzen duelarik Agindutako Lurra, beronetara gidatu duelarik Israelgo herria ausardia handiz.

Liburu honetan Jainkoaren «legea», bere seme-alaba guztiez arduratzen den Aita baten «hitzaren» antzean aurkezten da batez ere. Hark bere herriari ematen dion bizitzeko bide bat da, Itun-proiektu bat harekin hitzartzeko. Herriak hura leialki, zigorren beldurrez baino gehiago maitasun eta esker onaren eraginez, gordetzen badu, Jainkoaren hurbiltasuna eta babesa izaten jarraituko du.

Jainkoagandik oparitan harturiko Itun hori zehazki gauzatzeko moduetako bat zera da: deliberamenduz justiziaren bila ibiltzea. Zintzo denak justizia hori jartzen du praktikan, Jainkoak bere herri izateko aukeratu duela esker onez gogoratzen duenean eta Jauna ez den beste ezer adoratzea baztertzen duenean; bai eta etekin pertsonalak, pobreen premien aurrean kontzientzia itsutzen dutenak, arbuiatzen dituenean ere.

«Izan dezazuela justizia helburu, eta justizia bakarrik».

Eguneroko esperientziak injustizia-egoera asko, eta frankotan larriak, planteatzen dizkigu, batez ere ahulenei, gure gizartetik baztertuak bizirauten dutenei, erasaten dietenak. Zenbat “Kain” dabiltzan indarkerian bere anaia edo arrebaren aurka!

Funtsezko justiziaren exijentzia ezberdintasunak eta abusuak erauztea da, lehenik gure bihotzetik eta bizitza soziala garatzen dugun lekuetatik hasita.

Eta alabaina, Jainkoak ez du zuzenbidea egiteko Kain porrokatzen, baizik eta hura babesteko ardura hartzen du, berriro bideari ekin diezaion (ik. Has 4, 8-16). Jainkoaren justiziak bizitza berria ematean du izatea.

Kristauok jakin dugu Jesusen berri. Hark, bere hitz eta egite eredugarriez, baina batez ere bere Piztuerako biziaren eta argiaren dohainez, agertu digu Jainkoaren zuzenbidea bere seme-alaba guztiei dien maitasun azkengabea dela.

Jesusen bidez guri ere irekitzen zaigu errukia eta barkamena praktikan jartzeko eta zabaltzeko bidea, berau delarik, halaber, justizia sozialaren funtsa.

«Izan dezazuela justizia helburu, eta justizia bakarrik».

Eskriturako txatal hau izan da aukeratua, 2019ko «Kristauen batasunerako otoitz astea» ospatzeko, berori ipar hemisferioan urtarrilaren 18tik 25era egiten delarik. Hitz hori proposatzen zaigun bezala onartzen badugu, lan egin ahalko dugu berradiskidetzearen bideak bilatzen, batez ere kristauen artean. Gero, denen zerbitzuan jartzen garelarik, efizientziaz sendatuko ditugu injustiziaren zauriak.

Horrelako esperientzia bat ari dira egiten urte batzuetatik hona hainbat Elizetako kristauek, Palermo hiriko (Italia) espetxeratuak elkarrekin zaintzen jardunez. Iniziatiba hori Salbatorek, elkarte ebanjelikoko kideak, abiatu zuen: «Gure anaia hauen premia espiritual eta gizatiarrez jabetu nintzen. Berorietako askok ez zuten lagun ziezaieketenik familian. Arazoa Jainkoaren eskuetan jarri nuen, eta horretaz nire Elizako eta beste Elizetako senide askorekin komentatu». Eta Eliza anglikanoko Christinek gehitu zuen: «Premian diren senide hauei laguntzeak poza ematen digu, zeren eta horrek gauzatu egiten baitu Jainkoaren Probidentzia, bere Maitasuna gure bitartez denei iristea nahi duena». Eta katoliko den Nunziak: «Aukera bat dela iruditu zaigu, bai senide premiadun hauei laguntzeko, bai Jesusen iragarpena, gauza material txikien bidez ere, egiten esku hartzeko».

Modu bat da hau, Chiara Lubichek 1998an Augsburgoko Santa Ana eliza ebanjelikoan esana gauzatzeko:

«[…] Kristauok geure historiari begirada bat ematen badiogu […], ezin dugu samina baizik sentitu, konturatuz historia hori hainbat bider ez-ulertze, liskar eta borrokazko bide etengabea izan dela. Noski, gorabehera historiko, kultural, politiko, geografiko eta sozialen … erru izan direla, baina baita ere faltan izan delako kristauen artean batasun-osagaia: maitasuna.

»Lan ekumeniko bat halako neurrian izango da emankorra, hain zuzen lan horretan ari direnek, edozein batasun-falta ulertzeko eta birkonpontzeko giltza Kristo gurutziltzatu eta abandonatuagan, bere burua berriro Aitarengan abandonatzen duenarengan, ikusten duten neurri berean. Eta bizituriko batasunak efektua du […]. Jesusen presentzia, hain zuzen, elkarteko hainbat pertsonen artean. “Nire izenean bizpahiru lagun biltzen badira -dio Jesusek-, han nago ni beraien artean” (Mt 18, 20). Jesus, alegia, elkar maite duten katoliko baten eta ebanjeliko baten artean, anglikanoen eta ortodoxoen artean, elkar maite duten emakume armeniar baten eta emakume erreformatu baten artean. Zenbat bake dagoeneko orain bertatik, zenbat argi bide ekumeniko zuzen baterako!» [1].

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Oración ecuménica de Adviento, Augsbusrgo (Alemania), 29 de noviembre de 1988.

Normas(500)