2019 Otsaila

 
«Bila bakea eta jarrai haren bidetik» (Sal 34, 15)

Davidek salmo honetan bere poza eta esker ona adierazten du elkartearen aurrean: arrisku eta larritasunean aurkitu da, baina Israelen Jainkoari dei egin dio konfiantzaz eta bakea berreskuratu du.

Goratzarre honetako protagonista Jainkoa da, dei egiten dion behartsu eta zapalduari bere errukia eta presentzia indartsua eta erabakigarria emanez.

Beste batzuek ere salbazio hori bera lortu ahal dezaten, Davidek bihotzeko jarrera batzuk iradokitzen dizkie: gaiztakeriari iskin egitea eta alderantziz beti on egitea. Eta azpimarratzen du lagun hurkoari izen ona ez kentzeko beharra, zeren eta hitzek gerra erakar baitezakete.

«Bila bakea eta jarrai haren bidetik».

Bibliako hizkeran, esanahi franko ditu bakeak, esate baterako, ongizate fisiko eta espirituala edota gizabanakoen arteko eta herrien arteko akordioa. Baina lehenik eta behin Jaungoikoaren dohaina da, eta berorren bidez bere Aita-aurpegia ezagutzen dugu. Hori dela eta, ezinbestekoa dugu geure bizitzan Jainkoa irmoki eta sutsuki bilatzea, benetako bakearen esperientzia izateko.

Hau bilaketa konprometitua da, eta geure partea egitea eskatzen digu kontzientziaren ahotsari jarraituz, zeinek beti ere ongiaren bidea, ez gaizkiarena, aukeratzera bultzatzen baikaitu. Frankotan nahikoa izango genuke Jainkoak atzemanak izaten uztea, Hark aspalditik gutako bakoitzaren bila baitihardu.

Kristau izatearekin, jada harreman estua dugu bataioaz Jesusekin: Bera da bakea hitzeman zigun Jainkoa hurbila; Bera da bakea. Eta Espiritu Santua, gure Kontsolatzailea, hartu dugu dohaintzat, eta berorrek lagundu ere egiten digu esperientziaz Jaungoikoarekin izan ditugun bakearen fruituak besteekin partekatzen. Berak erakutsiko digu bidea, inguruan ditugun pertsonak maitatzeko eta horrela, oinarririk gabeko salaketei, azaleko iritziei eta gaizki esanei iskin eginez, gatazkak gainditzeko eta bihotza irekiz besteak onartzeko.

Agian ezingo ditugu lurreko hainbat lurralde odolez estaltzen dituzten arma guztiak isilarazi, baina esku har dezakegu pertsonalki harreman zaurituak sendatzen familian, geure kristau elkartean, lantokian edo gizarte-sarean.

Maitasunaren indarraren lekuko izateko erabakia hartu duen elkarte txiki edo handi baten konpromisoak berreraiki ditzake zubiak talde sozialen artean, elizen eta alderdi politikoen artean.

«Bila bakea eta jarrai haren bidetik».

Horrez gain, uste osoz bakea bilatzeak modu egokian jokatzea emango digu, kreazioa onik gordetzeko, hau ere Jaungoikoak bere seme-alabei eginiko oparia baita, eta halaber belaunaldi berriekiko erantzukizuna.

Chiara Lubichek honela ziotson 1990ean Nikkio Niwano-ri, Rissho Kosei-kai mugimendu budista japoniarraren sortzaileari: «[…] Gizakia ez badago Jainkoarekin bakean, lurra bera ere ez dago bakean. Pertsona erlijiosoek lurraren “sufrimendua” sumatzen dute, gizakiak hura Jainkoaren planari jarraitzeke, egoismo hutsez, ondasun-irrika ase ezinez erabiltzen duenean. Egoismo eta irrika horrek gehiago kutsatzen dute ingurunea beste edozein kutsadurak baino, berau haien ondorio besterik ez delarik. […] Konprenitzen badugu kreazio guztia maite gaituen Aita baten opari dela, askoz errazago jarriko gara harreman harmoniatsuan naturarekin. Eta horrez gain konprenitzen badugu, opari hori giza familiako kide guztientzat dela -ez batzuentzat bakarrik-, arreta eta errespetu handiagoa emango diogu gizateria osoarena, oraingo eta gerokoarena, den horretan».

LETIZIA MAGRI

Normas(500)