2019 Martxoa

 
«Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala» (Lc 6, 36)

Lukasen kontaeran Jesusek, bere ikasleei zoriontasunak iragarri eta gero, gizaki bakoitza anai-arreba bezala maitatzeko gonbidapen iraultzailea aldarrikatzen du, are anai-arreba hori etsai denean.

Jesusek ondo dakien zerbait azaltzen digu: anai-arrebak garela, bere seme-alabez beti arduratzen den Aita bakar bat daukagulako. Berak gurekin harremanean jarri nahi du, gure erantzukizunak betetzea eskatzen digu, baina aldi berean maitasun adeitsua digu, zaintzen eta elikatzen gaituena. Ama baten erruki eta samurtasunezko jarrera.

Horrelakoa da Jainkoaren errukia, gizaki bakoitzari, beronen ahulezia guztiak gora behera, pertsonalki zuzentzen diona; bide ertzean daudenak, baztertuak eta arbuiatuak are maiteago dituena. Errukiak gainez egiterainoko amodioz betetzen du bihotza besteengana, bai etxekoengana, bai auzokoengana, baita ingurune sozialekoengana ere.

Jainkoaren seme-alaba garenez, Haren antzeko izan gaitezke dituen ezaugarrietan: maitasuna, harrera ona, bestearen denboren zain egoten jakitea.

«Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala».

Zoritxarrez, geure bizitza pertsonal eta sozialean gero eta etsaitasun eta lehiakortasun handiagoko airea arnasten dugu, elkarrekiko susmo txarrez betea, atzera bota ezinezko epaia egiten duena, besteari beldur diona. Pilatu egiten dira gorrotoak, eta hauek gatazka eta gudutarako bide dira.

Kristau bezala, egin dezakegu ekarpen bat korrontearen aurka: egin dezagun askapen-egintza bat geure buruari eta beste baldintzamenduei dagokienez, eta has gaitezen familian, lantokian, parrokian edo alderdi politikoan hautsita edo etenda dauden loturak berreraikitzen.

Norbaiti min egin badiogu, eska diezaiogun ausardiaz barkamena eta jo dezagun berriz bidean aurrera. Duintasun handiko egintza da hori. Eta norbaitek benetan iraindu bagaitu, saia gaitezen berari barkatzen, berari geure bihotzean tokia egiten, zauria sendatzeko modua aurki dezan.

Baina zer da barkatzea?

«Barkatzea ez da ahaztea […], ez da ahulezia, […] ez da larria dena garrantzirik gabea dela edo gaizki dagoena ondo dagoela esatea, […] ez da axolarik ez izatea. Barkatzea borondate eta buru-argitasunezko egintza da -beraz askatasunezkoa-, eta bere funtsa senidea onartzean du, berori den bezalakoa eta egin digun kalte guztiaren gainetik onartzean, Jainkoak gu bekatari izanik eta gure hutsegiteak eta guzti onartzen gaituen bezala. Barkatzea ofentsari ofentsaz ez erantzutea da, eta Pablok dioena egitea: “Ez zaitzala gaitzak mendera, baizik eta menderatu gaitza ongiaz” (Erm 12, 21)»[1].

Bihotza horrela irekitzea ez da bat-batekoa. Eguneroko lorpena da, seme-alaba bezala Jainkoarekin bat izanez etengabe haztea. Batez ere Aitaren opari bat da, berari eskatu behar dioguna.

«Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala».

M. izeneko emakume filipinar batek kontatzen du: «Nire aita hil zuten 11 urte besterik ez nituela, eta ez zen justiziarik egin, pobreak ginelako. Hazi nintzenean, zuzenbidea ikasi nuen nire aitaren heriotzarentzat justizia lortzeko gogoz. Baina Jainkoak beste plan batzuk zituen niretzat: lagun batek Ebanjelioa bizitzen ahalegintzen ziren pertsona batzuen topaketa batera gonbidatu ninduen. Eta nik ere lan horri ekin nion.

«Egun batean eskatu nion Jesusi irakats ziezadala bere Hitz hori bizitzen: “Maitatu zuen etsaiak” (Mt 5, 44; Lk 6, 27), zeren eta nire aita hil zuten pertsonekiko gorrotoak nigan estira egiten jarraitzen zuela sentitzen bainuen. Hurrengo egunean, (hiltzaileen) taldeko buruarekin aurkitu nintzen lanean. Agur egin nion irribarrez eta bere familia nola zegoen galdetu. Agur horrek txundituta utzi zuen, eta ni neu are txundituagoa gelditu nintzen egin berri nuenagatik. Gorrotoa urtzen ari zen nigan, maitasun bihurtuz. Baina hori ez zen lehen urratsa baizik: maitasuna sortzailea da! (Hiltzaileen) taldeko kide bakoitzak jaso behar zuela gure barkamena, pentsatu nuen. Eta nire anaiarekin haiek ikustera joan nintzen, horrela berriro haiekin harremanetan jartzeko eta Jainkoak maite zituela testigantza emateko. Haietako batek barkamena eskatu zigun egin zuenagatik, eta otoitz egin genezala beraren eta bere familiaren alde».

LETIZIA MAGRI


[1] Ik. C. Lubich, Parole di Vita (ed. F. Ciardi), «Ottobre 1981», Città Nuova, Roma 2017, 218-219. or. (laster argitaratuko da gaztelaniaz).

Normas(500)