2019 Ekaina

 
«Zuen gain jaitsiko den Espiritua Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete» (Eg 1, 8).

“Apostoluen Eginak” liburua idaztean Lukas ebanjelariak hasiera ematen dio, Jesus Piztuak, Aitarengana behin betiko itzultzeko Apostoluak utzi baino lehen, beroriei egin zien promesa honekin: Jainkoagandik berarengandik jasoko dutela behar duten indarra, Haren  erreinua giza historian iragartzen eta eraikitzen jarraitzeko.

Gauza ez da «estatu-kolpe» bat akuilatzea, edo botere politiko edo sozial bat beste baten kontra martxan jartzea, baizik eta Jainkoaren Espirituak, bihotzetan hartua denean, eragiten duen ekintza sakona,  «gizakiak berri» egiten dituena.

Handik gutxira, Espiritu Santua jaitsiko da Mariarekin batzartutako ikasleen gainera, eta haiek, Jerusalemgo hiri santutik abiatuta, «lurraren bazterreraino» zabalduko dute Jesusen mezua.

«Zuen gain jaitsiko den Espiritua Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete».

Apostoluak, eta beraiekin Jesusen ikasle guztiak, «lekuko» gisa dira bidaliak.

Izan ere kristauak, Jesusen bitartez, Jainkoaren seme-alaba izateak zer esan nahi duen deskubritzen duenean, jakiten du halaber bidalia dela. Gure bokazioa eta seme-alaba izatea misioarekin gauzatzen dira, besteengana senide gisa joanez. Denok gaude, geure bizitzarekin eta, beharrezko bada, hitzarekin lekuko izanez, apostolu izatera deituak.

Lekuko gara, Jesusen bizimodua geure egiten dugunean. Hau da, egunero, geure familian, lanean, ikasketetan edo aisialdian, pertsonengana harrera gogoz eta partekatu nahiz hurbiltzen garenean, bihotzean Aitaren proiektu handi hau dugularik: senidetasun unibertsala.

Marilena eta Silvanok kontatzen dute hau: «Ezkondu ginenean, familia abegikorra izan nahi genuen denentzat. Lehenengotariko esperientzia bat Eguberri bezperan egin genuen. Ez genuen nahi Eguberri-zoriontzea elizatik irtetean presaka emandako agur bat izatea soilik, eta bururatu zitzaigun geure bizilagunen etxeetara oparitxo batekin joatea. Denak harrituta eta pozik agertu ziren, batez ere askoren partetik saihestua zen familia bat: bihotza ireki ziguten eta beren zailtasunak kontatu, eta esan ziguten ez zela inor joan beren etxera urte askotan. Bisitak bi ordu baino gehiago eman zuen, eta hunkituta gelditu ginen pertsona haien poza ikustean. Horrela, poliki-poliki, denei irekita egoteko ahaleginarekin bakarrik, pertsona askorekin jarri ginen harremanean. Ez da beti erraza izan, zeren eta batzuetan ustekabeko bisitaldi batek planak aldatzen baitzizkigun, baina beti kontuan izaten genuen, ezin genituela senide-harremanak sortzeko aukera horiek galdu. Behin tarta bat oparitu ziguten eta berori, Brasilera bidaltzeko opariak aurkitzen lagundu zigun emakume batekin partekatzea bururatu zitzaigun. Izugarri gustatu zitzaion ideia, eta guri bere familia ezagutzeko aukera eman zigun. Agurtzerakoan zera esan zigun: «Nahiko nuke nik ere besteak ikustera joateko ausardia hori eduki».

«Zuen gain jaitsiko den Espiritua Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete».

Bataioan kristau guztiok jaso dugu Espiritu Santua opari gisa, baina Hark hitz egiten du baita ere ontasuna eta egia benetan bilatzen duten pertsona guztien kontzientzian. Horregatik denok egin diezaiokegu lekua Jainkoaren Espirituari eta Hark gidatuak izatea onartu.

Nola dugu ezagutuko eta Hari entzungo?

Izan dakiguke lagungarri Chiara Lubichen pentsamendu hau: «[…] Espiritu Santua guregan dago, bere tenpluan bezala, eta argi eta gida ematen digu. Hura, Jesusen hitzak ulertarazten dituen egia-espiritua da, eta hitz horiek biziak eta oraingoak egiten ditu, maitemindu egiten gaitu Jakinduriarekin, zer eta nola esan behar dugun iradokitzen digu. Bere maitasun berberaz sutzen gaituen Maitasun Espiritua da, Jainkoa bihotz, arima eta indar guztiaz maitatzeko gai egiten gaitu, eta gure bidean gurutzatzen diren guztiak maitatzeko ere bai. Ebanjelioarekin koherente izateko eta beti egiaren lekuko izateko ausardia eta indarra ematen digun sendotasun Espiritua da. […] Jainkoaren maitasun horrekin eta horregatik urruti hel gaitezke eta gure aurkikuntzaren partaide beste pertsona asko egin: “lurraren bazterrak” ez dira soilik geografiakoak. Adibidez, Ebanjelioa benetan ezagutzeko pozik izan ez duten gure inguruko pertsonak ere adierazten dira hor. Horraino iritsi behar du gure testigantzak. […] Jesusenganako maitasunagatik eskatzen zaigu, halaber, norbait bakoitzarekin “bat egitea”, geure buruaz erabat ahaztuz, halako batean besteak, gugan bizi den Jainko-maitasunak irabazita, gurekin “bat egitea” nahi izan dezan arte, elkarren artean laguntza, idealak, proiektuak eta afektuak trukean ipiniz. Orduan bakarrik eskaini ahalko dugu hitza. Eta dohain bat izango da, elkarrekiko maitasunarengatik»[1].

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, «Seréis mis testigos», en Ciudad Nueva 399. zkia (6/2003), 24-25 or.

Normas(500)