2019 Uztaila

 
«Doan hartu duzue; eman doan» (Mt 10, 8)

Mateoren Ebanjelioan, Jesusek gonbidapen hori egiten die beretarrei, Berak «bidaliei».

Sufritzen ari den gizadi desbideratu batekin egin du topo bere pertsonan, eta errukia izan du harekin. Horregatik, biderkatu egin nahi du apostoluen bidez bere salbamen-, sendatze- eta askapen-lana. Beroriek Jesusen inguruan bildu dira, Haren hitzak entzun dituzte eta misio bat, helburu bat bizitzan, jaso dute, eta Beragatik bidean jarri dira: Jainkoak pertsona bakoitzari dion maitasunaren testigantza emateko.

«Doan hartu duzue; eman doan».

Zer da doan jaso dugun eta geure aldetik berriz eman behar dugun hori?

Apostoluek Jainkoaren errukiaren esperientzia izan dute Jesusen hitz, egite eta erabakien bitartez eta Haren bizitza osoaren bidez. Beren ahulezia eta muga guztiak gorabehera, maitasunaren eta elkarrekiko harrera onaren lege berria bereganatu dute.

Batez ere, Jainkoak gizaki guztiei egin nahi dien oparia hartu dute: Hark egin duen bere buruaren entrega, Haren konpainia bizitzako bideetan eta Haren argia erabakiak hartzeko orduan. Preziorik ez duten opariak dira, ordainak emateko dugun gaitasun oro gainditzen dutenak: hau da, «doan hartuak».

Dohain horiek Apostoluek hartu zituzten eta kristau guztiek hartzen dituzte, berauek ere ubide izaten has daitezen, ondasun horiek egunero aurkitzen dituzten pertsona guztiengana hel daitezen.

«Doan hartu duzue; eman doan».

urtean Chiara Lubich-ek idatzi zuen: «Ebanjelio osoan zehar, Jesusek ematera gonbidatzen du: ematera behartsuei, eskatzen duenari, mailegua nahi duenari; jaten ematera gose denari, soinekoa eskaintzera tunika eskatzen duenari; doan ematera … Bera izan zen lehenengoa ematen: osasuna gaixoei, barkamena bekatariei, bizitza guztioi. Norberarentzat pilatzeko joera berekoiari eskuzabaltasuna kontrajartzen dio; norberaren beharretan bakarrik pentsatzeari, besteen premiez kezkatzea; edukitzeko kulturari, ematekoa […]. Hil honetako bizi-hitzak lagun diezaguke gure egite bakoitzaren balioa berraurkitzen: etxeko lanena, nekazaritzakoena edo lantegikoena, bai eta administrazio-izapideen, eskola-lanen, edo arlo zibil, politiko eta erlijiosoen kudeaketarena ere. Dena bihur daiteke zerbitzu artatsu eta arretazko. Maitasunak begi berriak emango dizkigu besteek behar dutena sumatzeko, eta haiei sormen eta eskuzabaltasunez laguntzeko. Eta horren guztiaren emaitza gisa, dohainak izango dira partekatuak, maitasunak maitasunari deitzen baitio. Poza haziz joango da, zeren eta «zorion gehiago baitu emateak hartzeak baino» (Eg 20, 35) [1].

Horixe da, hain zuzen, Vergence, Kongoko neskatila batek kontatzen duena: «Eskolara nindoan eta gose handia nuen. Bidean nire osabarekin egin nuen topo, eta dirua eman zidan ogitarteko bat erosteko; baina pixka bat aurrerago gizon oso pobre bat ikusi nuen. Berehala dirua hari ematea bururatu zitzaidan. Nirekin zetorren lagunak esan zidan ez egiteko hori, neure buruagan pentsatzeko. Baina nik esan nion: nik bihar izango dut zer jan, baina berak zer? Beraz, ogitartekoa erosteko dirua berari eman nion, eta poz handia sentitu nuen bihotzean».

«Doan hartu duzue; eman doan».

Jesusek eta Ebanjelioak ematen duten arrazoia beti hartzea da, gero besteei emateko eta inoiz ere ez norberarentzat pilatzeko. Hau, guretzat ere, gonbidapen bat da, eman zaigun guztia (indarrak, talentuak, gaitasunak, ondasun materialak) aitortu eta besteen zerbitzura jar dezagun.

Luigino Bruni ekonomialariaren arabera, «doakotasuna edozein ekintzari lagun diezaiokeen dimentsioa da. Hori dela eta, ez dago “doakoa den gauzarik”, kontrakoa baizik, zeren eta doakotasunaren prezioa ez baita zero, prezio infinitoa baizik, berari doakotasunezko beste ekintza batekin bakarrik erantzun diezaiokegularik»[2].

Horrela, bada, doakotasunak gainditu egiten du merkatuaren, kontsumismoaren eta indibidualismoaren logika, eta dei egiten partekatzera, sozializatzera, senidetasunera, ematearen kultura berrira.

Esperientziak baieztatzen du, maitasun desinteresatua bokazio bat dela arrazoi osoz, eta ustekabeko ondorio positiboak dakartza, berauek gizartean olio-orban gisa zabaltzen direlarik.

Horrela gertatu zen Filipinetan 1983an. Une hartan, herrialdearen egoera politikoa eta soziala oso zaila zen, eta pertsona asko irtenbide positibo baten bila zebilen. Horien artean neska gazte talde bat zegoen, eta beren ekarpena modu sortzailean egiteko erabakia hartu zuten: ireki zituzten armairuak eta behar ez zuten guztia atera. Bigarren eskuko merkatu txiki batean dena saldu eta diru multzo bat lortu zuten, eta berarekin Bukas Palad izeneko (bertako hizkuntzan «esku betekoa» esan nahi du) zentro sozial bat jarri zuten martxan, zerotik abiatuta. Ebanjelioaren esaldia, «doan hartua, eman doan» bihurtu zen harrezkero ekimen honen leloa. Lan horretan, zerbitzu profesionalak era desinteresatuan eskaintzen zituzten hainbat mediku elkartu zitzaizkien, bai eta bihotza, besoak eta etxeko ateak ireki zituzten beste asko eta asko ere.

Horrela, pobreenen aldeko gizarte-ekintza handia sortu eta garatu da, bere zerbitzuak gaur Filipinetako hainbat hiritan eskaintzen dituena. Baina urte hauetan lortu eta finkatu den helbururik garrantzitsuena hau izan da: proiektuaren hartzaileak berak direla berreskuratzearen protagonista, pertsona gisa beren duintasuna berreskuratzen baitute eta adiskidetasun- eta elkartasun-harremanak eraikitzen. Beren eredu eta konpromisoarekin, beste pertsona askori laguntzen diete pobreziatik ateratzen eta bizikidetza berri baten erantzukizuna hartzen beraien eta beren familien gain, beren auzo eta komunitateen eta munduaren gain[3].

LETIZIA MAGRI


[1] Cf. C. Lubich, «Palabra de vida, octubre 2006», Ciudad Nueva n. 435 (10/2006), p. 22.

[2] Cf. http:// www.edc-online.org/it/pubblicazioni/articoli-di-luigino-bruni.

[3] http://bukaspaladfoundation.org/.

Normas(500)