2020 Otsaila

 
«Mutilaren aitak deiadarka: “Sinetsi nahi dut. Lagundu sinesgabe honi”». (Mk 9, 24)

Jesus Jerusalemerantz doa bere ikasleekin. Hasia da haiek prestatzen datorren momentu erabakigarrirako: agintari erlijiosoen arbuioa, erromatarren eskutik hiltzera kondenatua eta gurutzean iltzatua izatea, jarraian piztuera etorriko delarik.

Gai ulergaitza da hau Pedro eta jarraitu dioten guztientzat, baina Markosen ebanjelioak lagun egiten digu geroz gehiago deskubritzen Jesusen misioa: gizaki guztien salbamen erabatekoa burutzea sufrimenaren ahuleziaren bidez.

Bidean doala, Jesus pertsona askorekin aurkitzen da eta bakoitzaren premietara hurbiltzen. Hemen aita baten laguntza-eskea onartzen ikusten dugu, bere semetxo larriki ezindua, seguru asko epileptikoa, sendatzeko eskatzen dionean.

Miraria gerta dadin, Jesusek ere aita honi gauza bat eskatzen dio: izan dezala fede.

«Mutilaren aitak deiadarka: “Sinetsi nahi dut. Lagundu sinesgabe honi!”» [1]

Aitaren erantzuna, Jesusen inguruan bildutako jende taldearen aurrean ozenki esana, itxuraz kontraesanduna da. Gizon horrek, guri ere maiz gertatzen zaigun bezala, bere fedearen ahulezia sentitzen du: Jainkoaren maitasunean, eta hark seme-alaba bakoitzarekiko duen zorion asmoan, konfiantza osoa jartzeko ezina.

Beste aldetik, berriz, Jainkoak konfiantza jartzen du gizakiarengan, eta ez du ezer egiten berorren esku hartzerik gabe. dagokigun parte hartzea eskatzen digu, nahiz eta txikia izan: Haren ahotsa kontzientzian sumatzea, Harengan ustea ona izatea eta guk ere maitatzeari ekitea.

«Mutilaren aitak deiadarka: “Sinetsi nahi dut. Lagundu sinesgabe honi!”».

Inguruan dugun kulturak, hein handi batean, modu guztietako agresibitatea aldarrikatzen du, arma eraginkor gisa arrakasta lortzeko.

Ebanjelioak, aldiz, paradoxa bat aurkezten digu: geure ahulezia, mugak eta ezinak aitortzea, abiapuntu gisa, Jainkoarekin harremanean hasteko eta Harekin konkistarik handienean esku hartzeko: senidetasun unibertsalean.

Jesusek bere bizitza osoaz zerbitzatzearen logika irakasten digu, azken lekua aukeratzea: hori da jarrerarik onena, itxurazko galera garaipen partekatu eta iraunkorra, ez egoista eta iheskorra, bihur dadin.

«Mutilaren aitak deiadarka: “Sinetsi nahi dut. Lagundu sinesgabe honi!”».

Fedea, etengabe eskatu ahal dugun eta behar dugun oparia da, horrela Jainkoarekin itxaropenerako bideak askorentzat zabaltzen lankide izateko.

Chiara Lubich-ek idatzi zuen: «Sinestea, Jainkoak begiratzen eta maitatzen gaituela sentitzea da, eta jakitea gure otoitz bakoitza, hitz, urrats, gertaera ilun, pozgarri edo neutro bakoitza, gaixotasun bakoitza, den-dena […] Jainkoak begiratzen duela. Eta Jainkoa Maitasun bada, Harengan uste ona izatea ez da ondorio logikoa besterik. Era horretan eduki dezakegu konfiantza, Harekin hitz egiteko, geure gauzak, asmoak eta egitasmoak Hari azaltzeko. Gutako bakoitzak laga dezake bere burua Haren maitasunean, ulertua, kontsolatua, lagundua izateko segurtasunez. […] Eska diezaiokegu: “Jauna, egizu egon nadila beti zure maitasunean. Egizu ez nadila bizi une batean ere maite nauzula eta gaituzula sentitu eta sumatu gabe, eta fedez –edo esperientziaz ere bai– jakin gabe”. Eta gero ekin maitatzeari. Maitatzearen eraginez gure fedea diamantezkoa, guztiz sendoa, bihurtuko da. Jainkoaren maitasuna ez dugu soilik sinetsi egingo, sentitu ere egingo dugu geure baitan eta “mirariak” ere ikusiko ditugu geure inguruan»[2].

LETIZIA MAGRI


[1] Hil honetarako eskaintzen dugun Bizi-hitz hau bera aukeratu du Alemaniako hainbat Elizetako kristau talde batek urte osoan bizitzeko.

[2] C. Lubich, Palabra de vida de octubre de 2004: Ead., Parole di vita (ed. F. Ciardi), Città Nuova, Roma 2017, pp. 732-734 (próxima publicación en castellano).

Normas(500)