2020 Martxoa

 
«Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia» (Mt 7, 12)

Bizitzako erabaki handietan zenbat aldiz ibili ote gara, zer bide hartu erakutsiko zigun iparrorratz seguru baten bila? Eta kristau bezala zenbat aldiz galdetu ote diogu geure buruari zein den Ebanjelioaren sintesia, eta zein den giltza Jainkoaren bihotzean sartzeko eta Haren seme-alaba bezala hemen eta orain bizitzeko?

Hori dela eta, hona hemen Jesusen hitz eta baieztapen argi bat, erraz ulertzen dena eta berehalaxe praktikan jar daitekeena. Mateoren Ebanjelioan aurkitzen dugu bera: atal bat da mendiko hitzaldiaren barruan, non Jesusek irakasten duen nola modu betean bizi kristau bizitza. Jesusek berak laburbiltzen du baieztapen motz trinko horretan bere mezu osoa.

Egun, esanahi handiko mezu labur eranginkorrak gogoko ditugu eta, har dezakegu Hitz hau aldi oro gogoan edukitzeko tweet baliotsu gisa.

«Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia».

Besteen alde zer egin hobeto ulertzeko, Jesusek besteen azalean sartzera gonbidatzen gaitu; hain zuzen berak egin zuena, zeren eta gu maitatzeko gure giza haragia hartu baitzuen.

Galde diezaiogun geure buruari, zer espero dugun gurasoengandik, seme-alabengandik, lankide, gobernuko arduradun eta espiritu-gidariengandik: onarpena, adi entzunak izatea, kide-harremanetan hartuak izatea, premia materialetan lagunduak; eta horrez gain, egia-zaletasuna, barkamena, animoa, pazientzia, aholkua, orientabideak, heziketa… Jesusen arabera barne jarrera honek, ondorioz dakartzan egite zehatzekin batera, Jainkoaren Legearen eta bizitza espiritualaren eduki osoa betetzen du.

«Urrezko lege» hau irakaspen unibertsala da, gizadiak historian zehar garatu dituen kultura, erlijio eta tradizioetan[1]. Oinarria ematen die balore benetan gizatiar guztiei, bakezko bizikidetza sortzen dutenei harreman pertsonal eta sozial zuzen eta solidarioekin.

«Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia».

Hitz honek kreatzaile eta eskuzabal izatera akuilatzen gaitu, edozein pertsonaren alde iniziatiba hartzera, zubiak egitera lagun ez direnen aldera ere, Jesusek esan eta praktikatu zuen bezala. Eskatzen digu geure baitatik irteteko gaitasuna edukitzea, horrela geure fedearen lekuko sinesgarri izan gaitezen.

Chiara Lubich-ek era honetan animatzen gaitu: «Ekin diezaiogun. Era horretan egindako egun batek bizitza osoa balio du. […] Poz ezezaguna etorriko zaigu. […] Jainkoa gurekin egongo da, zeren eta maite dutenekin baitago. […] Agian batzuetan motel ibiliko gara, tentazioa izango dugu desanimatuta gelditzeko, dena bertan behera uzteko. […] Baina ez! Animo! Jainkoak ematen digu grazia. Etor gaitezen beti berriro hastera. Irauten badugu, pixkanaka mundua aldatzen ikusiko dugu geure inguruan. Horrela ulertuko dugu Ebanjelioak bizitzarik liluragarriena eskaintzen duela, argia pizten duela munduan, gozatu egiten duela gure bizitza, oinarria ematen duela problema guztiak konpontzeko. Eta ez gara lasai egongo geure esperientzia paregabea bestei helarazi arte: ulertu ahal diezaguten lagunei, familiakoei, esperientzia hori ematera bultzatuak sentitzen garen guztiei.

Berriro piztuko da itxaropena»[2].

«Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia».

Ramiro beteranoa da bere lanpostuan. Jakiten du lankide berriak datozela, eta bere buruari galdetzen dio: «bulego honetan lehenengo aldiz sartuko banintz, nola nahiko nuke aurkitu? Zerk emango lidake gustura sentitzea?». Orduan, haiei tokia egiten hasten da, idazmahaien bila, eta gauza bera esaten die beste lagun batzuei ere. Elkarrekin lantoki egokiak prestatzen dituzte. Eta etorri berriek poz giroa aurkitzen dute eta lan-erkidego elkartuagoa.

LETIZIA MAGRI


[1] Adibidez: «Nola egin diezaioket beste norbaiti niretzat ez-atsegina eta ez-gogokoa den zerbait? » (Budismoa); «Zuetako inor ez da benetan sinestun, beretzat nahi duena lagun hurkoarentzat nahi ez badu» (Islam); «Ez egin hurkoari besteek zuri egitea nahi ez duzunik. Hau da Tora betea. Gainerakoa iruzkin hutsa da» (Judaismoa), etab. Ik. O. Du Roy, Urrezko erregela. Esakun unibertsal bat, Ciudad Nueva, Madrid 2018, 77, 95, 103 or.

[2] C. Lubich, Bizi-hitza, 1978ko apirila in, Ciudad Nueva 1978/4, 21. or.

Normas(500)