2020 Maiatza

 
«Zuek garbi zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezuaren bidez» (Jn 15, 3)

Azken Afaria Apostoluekin egin ondoren, Jesus Afaltegitik irten eta Oliamendirantz abiatzen da. Hamaikak ditu lagun: Judas Iskariote joana da eta laster salduko du.

Unea dramatikoa eta benazkoa da. Jesusek azken agurreko hitzaldi luzea egiten du: beretarrei funts handiko gauzak esan nahi dizkie, ahaztuko ez dituzten hitzak utzi.

Bere apostoluak juduak dira, ezagutzen dituzte Liburu Santuak, eta irudi ezagun bat ekartzen die gogora, mahatsondoarena, alegia; eta irudi horrek testu sakratuetan hebrear herria irudikatzen du, Jainkoak laborari arduratsu eta trebe bailitz zaindu nahi duena. Hemen Jesusek, Aitaren maitasunaren zuhaitz-izerdi bizigarria ematen dien mahatsondoa balitz bezala, hitz egiten die ikasleei bere buruaz (ik. Jn 15, 1-2). Eta haiek Berarekin elkartuak egoteko ardura hartu behar dute.

«Zuek garbi zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezuaren bidez».

Jesusekin bat eginak egoteko modu bat Haren Hitza onartzea da. Hitz horrek ahalbidetzen dio Jainkoari gure bihotzean sartzea, berau «garbi egiteko», hau da, egoismotik garbitzeko eta fruitu ugari eta bikainak emateko gai bihurtzeko.

Aitak maite gaitu eta guk baino hobeki daki zerk egiten gaituen bizkor eta libre geure bidea alfer zamarik gabe egiteko, hau da, geure zalekeriak, juzku ezezkorrak, geure interesa bilatzeko grina, dena eta guztiak kontrolpean edukitzeko gogoa baztertzeak. Gure bihotzean badaude helburu eta egitasmo positiboak ere, baina Jainkoaren tokia har dezaketenak, ebanjelioa bizitzeko ausardia eskuzabala guri galaraziz. Horregatik, Jainkoak hainbat gorabeheren bitartez hartzen du parte gure bizitzan, eta batzuetan esperientzia mingarriak permititzen ditu, berorien atzean beti Haren maitasunezko begirada gordetzen delarik.

Eta poz betea da Ebanjelioak hitzematen dien fruitu gozoa, beren burua Jainkoaren maitasunagatik kimatzen uzten dutenei[1]. Eta poz berezi horrek lorea ematen du malko artean ere, gainezka eginarazten dio bihotzari eta inguruko lurra ureztatzen du.

«Zuek garbi zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezuaren bidez».

Hitza bizitzeak atera egiten gaitu geure baitatik eta anai-arreben bila joanarazi, lehenik hurbilenekoetara geure hirietan, familietan, bizi garen ingurunean. Adiskidetasun bat da, eta berori harreman positiboen sare bihurtzen da eta senidetasuna eraikitzen duen elkar maitasunaren agindua gauzatzera bultzatzen du.

Ebanjelioaren esaldi hau meditatuz, honela idazten du Chiara Lubich-ek: «Orduan, nola bizi behar dugu, Jesusen laudorio hori guk ere geureganatzeko? Jainkoaren Hitz bakoitza praktikan jarriaz, uneoro hartaz elikatuz, geure bizitza etengabeko berrebanjelizatze-lan bihurtuz; era horretan Jesusen pentsamendu eta sentimen berberak izatera iristeko, Hura berriz munduan biziarazteko, Ebanjelioak ematen duen garbitasun jainkotiarra eta zehar-ikuspena agerian jartzeko, sarriro gaiztakerian eta bekatuan kateatuta dabilen gizarteari.

»Horrez gain hil honetan, ahal bada (besteek gure asmoekin bat egiten badute), saia gaitezen batik bat elkar maitasunaren agindua aditzera ematen duen hitz hori praktikan jartzen. Zeren eta Joan ebanjelariarentzat […] lotura dago Kristoren Hitzaren eta agindu berriaren artean. Berak dioenez, elkar maitasunean bizitzen da hitza bere efektuekin: bihotz garbia, santutasuna, errugabetasuna, fruitu onak, Jainkoaren hurbiltasuna. Gizakia bakarka ez da gai munduaren zirikaldiei luzaroan eusteko; elkar maitasunean, berriz, aurkitzen du giro sanoa, bere egiazko kristau bizitza babesteko gauza dena»[2].

LETIZIA MAGRI


[1] Ik. Jn 15, 11.

[2] C. Lubich, Palabra de vida, mayo de 1982, en Palabras de vida (ed. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madrid 2020 (próxima publicación).

Normas(500)