2020 Ekaina

 
«Zuek onartzen zaituztenak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du» (Mt 10, 40)

Mateoren Ebanjelioak kapitulu honetan kontatzen du nola aukeratzen dituen Jesusek Hamabiak eta bidaltzen bere mezua hots egitera.

Bat banaka dira izendatuak, eta horrek adierazten du nolako harreman pertsonala eraiki duten Maisuarekin, honi bere misioa hasi zuenetik jarraituz. Ezagutu dute haren estiloa, batez ere gaixo, bekatari eta deabruduntzat hartutakoekiko hurbiltasunean oinarritua: denak pertsona baztertuak, gaitzetsiak eta saihestu beharrekoak. Soilik bere herriaren alde maitasun-zeinu zehatz horiek egin ondoren, hasten da Jesus Jainkoaren Erreinua gertu dagoela hots egiten.

Horrela, bada, apostoluak Jesusen izenean dira bidaliak Haren «mandatari» bezala, haien bidez onartua izan dadin.

Sarritan, Bibliako pertsonaia handiek, ezustean datorkien eta beren planetan ez dagoen bisitariren batekin bihotz zabal izatean, Jainkoaren beraren bisita hartzen dute.

Gaurko egunez ere, komunitate-lotura sendoak dituzten kulturetan, batik bat, ostatuz hartuak sakratua izaten jarraitzen du, ezezaguna izanda ere, eta leku nagusia ematen zaio.

«Zuek onartzen zaituztenak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du».

Jesusek irakasten die Hamabiei, bideari ekin behar diotela, oinutsik eta ekipaje txikiarekin: zakuto arina, tunika bakarra … Ontzat eman behar dute ostatuz etxeetan hartuak izatea, prest egon besteen laguntzak apalki onartzeko; laguntza eta hurbiltasuna doan eskaini behartsuei eta denei bakea eskaini opari gisa. Jesusen antzera, eraman oneko izango dira ezulertuak eta erasotuak izatean, ziur izanik Aitaren maitasuna izango dutela lagun.

Horrela, berorietako norbaitekin aurkitzeko zoria izan dezanak probatu ahalko du egiaz Jainkoaren samurtasuna.

«Zuek onartzen zaituztenak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du».

Kristau guztiek misio bat dute dizipulu direlako: ezagutu duten Jainkoaren maitasuna testigantzan ematea bihotz apalez, lehenik bizieraz eta gero baita hitzez ere, horrela errealitate pozgarri bihur dadin askorentzat, guztientzat. Eta beren hutsegite eta guzti, Jainkoak onartuak izatea aurkitu dutenez gero, beren lehen testigantza, hain zuzen, anai-arrebak samurtasunez onartzea izango da.

Normalean arrakasta eta autonomia egoistaren bila dabilen gizarte batean, kristauak deituak daude senidetasunaren ederra erakustera, senidetasun horrek elkarren beharra dugula aitorrarazten digularik eta bata bestearekiko harremana pizten.

«Zuek onartzen zaituztenak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du».

Honako hau idazten du Chiarak ebanjelioaren araberako harreraz: «[…] Jesus izan da zeruko Aitak gutako bakoitzari dion maitasun txit abegitsua agertu diguna, eta guk ondorioz elkarrentzat eduki beharko genukeena. […] Horregatik, saia gaitezen bizi-hitz hau bizitzen batik bat geure familietan, elkarteetan, komunitate eta lan-taldeetan, geugandik kenduz: juzkuak, bereizketak, errezeloak, honentzako edo harentzako erresumin eta intolerantziak, hain errazak eta maizkoak direnak eta giza harremanak hainbeste hozten eta nahasten dituztenak, eta elkar maitasuna herdoilak bezala blokeatzen dutenak. […] Hurkoa eta gu ez bezalakoa dena onartzea kristau maitasunaren funtsa da. Abiapuntua da, lehen eskailera-maila, maitasunaren zibilizazioa, elkartasunaren kultura, eraikitzeko, Jesusek horretara deitzen gaituelarik batik bat gaur»[1].

LETIZIA MAGRI


[1] Cf. C. Lubich, Palabra de vida, diciembre de 1992, en Palabras de Vida (ed. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madrid 2020 (próxima publicación).

Normas(500)