2020 Urria

 
«Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu». (Lk 14, 11)

Sarritan, Ebanjelioek Jesusek jateko gonbidapenak atseginez onartzen dituela erakusten digute, adiskidetasuna lortzeko eta harreman sozialak sendotzeko aukerak baitira.

Lukasen Ebanjelioaren pasarte honetan, Jesusek gonbidatuen portaerari erreparatzen dio: pertsona ospetsuentzat gordeak dauden lehen postuetan egoteko lehia dago; bata bestearen gainetik nabarmentzeko irrika nabari da.

Baina berak beste otordu bat du buruan: Aitaren etxean seme-alaba guztiei eskainiko zaiena, ustezko nagusitasun baten izenean «eskuratutako eskubiderik» gabekoa.

Are gehiago: lehenengo postuak, hain zuzen ere, besteen zerbitzura egoteko azken postua aukeratzen dutenentzat gordeko dira. Horregatik aldarrikatzen du:

«Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu». (Lk 14, 11)

Erdigunean geu jartzen garenean, gure irrikaz, gure harrotasunez, gure nahi eta kexuz, idolatriaren tentazioan erortzen gara, hau da, ohorerik eta konfiantzarik merezi ez duten jainko faltsuak gurtzeko tentazioan.

Horregatik, badirudi Jesusek, gure burua goraipatzetik aldentzera gonbidatzen gaituela batez ere, gure egoismoa alde batera utziaz eta Jainkoa bera gure bizitzaren erdian jarriaz. Berak bai har dezakeela ohorezko postua gure bizitzan!

Garrantzitsua da Jainkoari lekua egitea, Berarekiko harremanean sakontzea, Harengandik umiltasunaren ebanjelio-estiloa ikastea. Askatasun osoz azken tokian jartzeko hautua egitea Jainkoak berak Jesusengan aukeratu zuen lekua aukeratzea da. Berak, Jesusek, Jauna izanik, giza izaera partekatzea erabaki zuen guztiei Aitaren maitasuna iragartzeko.

«Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu». (Lk 14, 11)

Irakaskuntza horretatik abiatuta senidetasuna eraikitzen ere ikas dezagun, hau da, gizon eta emakumeen, heldu eta gazteen, osasuntsu eta gaixoen, elkartasunezko komunitatea, zubiak eraikitzeko eta guztion ongia zerbitzatzeko gai direnak.

Jesus bezala gu ere lagun hurkoarengana beldurrik gabe hurbil gaitezke, haren ondoan jarri, une zail eta gozoak elkarrekin bizitzeko, haren ezaugarriak baloratzeko, ondasun materialak eta espiritualak partekatzeko, animatzeko, itxaropena emateko, barkatzeko. Jainkoaren seme-alaben nagusitasunera iritsiko gara karitatean eta askatasunean.

Goranahiez gaixorik dagoen mundu batean, gizartea usteltzen duen mundu batean, hau da benetan kontrako joera hartzea, iraultza guztiz ebanjelikoa da.

Hau da kristau elkartearen legea, Pablo apostoluak ere honela idazten du: «Ez egin deus ere norgehiagokeriaz, apaltasunez baizik, besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz» (Flp 2, 3).

«Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu». (Lk 14, 11)

Chiara Lubichek idatzi zuen bezala: «Konturatzen al zara? Munduan, gauzak beste ordena batean daude. Berekoikeriaren legeak agintzen du […], eta badakigu zein diren ondorio mingarriak […]: bidegabekeriak eta era guztietako prebarikazioak. Hala ere, Jesusen pentsamendua ez da zuzenean abusu guzti horietara zuzentzen, baizik eta sortzen dituen sustraira: giza bihotzera. Harentzat, hain zuzen ere, bihotza eraldatu behar da eta, ondorioz, jarrera berri bat hartu, benetako eta bidezko harremanak ezartzeko beharrezkoa dena. Apalak izateak ez du esan nahi bakarrik handizaleak ez izatea, baizik eta gure ezerezaz jabetzea, Jainkoaren aurrean gure txikitasuna sentitzea eta, haur bat bezala, bere eskuetan jartzea. […].»

«Nola bizi apal izate hori? Praktikatzen, Jesusek egin zuen bezala, neba-arreben maitasunagatik. Jainkoak Berari egindakotzat jotzen du besteei egiten diezuna. Horrela, bada, apala izan: zerbitzatu. […]. Eta gorespena iritsiko da, bai, mundu berrian, beste bizitzan. Baina, Elizan bizi denarentzat dagoeneko gertatzen da egoeren erabateko aldaketa hori, zeren, agintzen duenak zerbitzaria bezalakoa izan behar baitu. Beraz, egoera, dagoeneko, aldatu da. Horrela, sakondu ditugun hitzak bizi diren tokian, Eliza etorkizuneko munduaren zeinu bat da gizateriarentzat»[1].

LETIZIA MAGRI


[1] Cf. C. Lubich, Palabra de vida, octubre 1995: Ciudad Nueva n. 314 (10/1995), p. 33.

Normas(500)