2020 Azaroa

 
«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko». (Mt 5, 4)

Nork ez du inoiz negar egin? Eta nor ez da gurutzatu negar artean sufrimendua gainezka duten pertsonekin? Gaur egun, komunikabideek mundu osoko irudiak etxera ekartzen dizkigutenean, ohitzeko arriskua dugu, gailendu gaitzakeen oinaze-korronte baten aurrean bihotza gogortzeko arriskua,

Jesusek ere negar egin zuen (ik. Jn 11, 35; Lk 19, 41) eta bere herriaren negarra ezagutu zuen, atzerriko okupazioaren biktima zen herriarena. Gaixo, pobre, alargun, umezurtz, baztertu eta bekatari asko joaten ziren Harengana bere Hitz sendagarria entzutera eta gorputzean eta ariman sendatuak izatera.

Mateoren Ebanjelioan, Jesus da Jainkoak Israeli egindako promesak betetzen dituen Mesias, eta horregatik iragartzen du:

«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko».

Jesus ez da hotz geratzen gure nahigabeen aurrean eta pertsonalki inplikatzen da berekoikeriaren gogortasunetik gure bihotza sendatzen, gure bakardadea betetzen eta gure ekintzari indarra ematen.

Honela dio Chiara Lubichek Ebanjelioko Hitz honi egindako azalpenean: […] “hitz hauekin, Jesusek ez dio zoritxarrekoari etsipen soil bat eskaini nahi, etorkizuneko ordain bat aginduz. Orainaldian ere pentsatzen du. Izan ere, bere Erreinua, behin betiko ez bada ere, hemen dago. Jesusengan dago, zeinak, atsekaberik handienaz jasandako heriotzatik berpiztuz heriotza garaitu zuen. Eta gugan ere badago, gure kristau-bihotzean: Jainkoa gugan dago. Hirutasunak gugan jarri du bere egoitza. Horrela, bada, Jesusek iragarritako zoriontasuna errealitate bihur daiteke hemendik aurrera. […] sufrimenduek iraun dezakete, baina bada indar berri bat, norberaren bizitzako zailtasunak eramaten laguntzen diguna eta besteei beren atsekabetan laguntzen laguntzen diguna, Jesusen antzera ikusteko eta onartzeko: erredentziorako bide gisa”1.

«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko».

Jesusen irakaspenei jarraituz, Aitaren maitasun samur eta sortzailearen lekuko eta bitarteko izaten ikas dezakegu, bata bestearentzat. Mundu berri baten sorrera da, giza bizikidetza errotik sendatzen duena eta gizartera Jainkoaren presentzia erakartzen duena, malkoak xukatzeko kontsolamendu iturri agortezina.

Lena eta Philippe libanoarrek, beren bizipena partekatu zuten beraien eliztarrekin: “Lagun maiteok, eskerrak ematen dizkizuegu Pazkoa zoriontzeagatik, hain berezia aurten. Ondo gaude eta birusa saihesteko adi egoten saiatzen gara. Hala ere, “Parrainage Liban”2 ekintzan lehen lerroan gaudenez, ezin izaten dugu beti etxean geratu; bi egunetik behin ateratzen gara, gutxi gorabehera, hainbat familiaren premia larriei aurre egiteko: dirua, arropa, janaria, farmaziako artikuluak, etab. Covid-19a baino lehen, herrialdearen egoera ekonomikoa oso gogorra zen, eta orain okerrera egin du, mundu osoan gertatu den moduan. Baina Probidentziak ez digu huts egiten: azkena joan den astean iritsi zen, herrialdetik kanpo bizi den libanoar batengandik. Hamabi familientzako, hilabete batez, astean hiru egunetako otordu oso bat ziurtatzea eskaini zion Lenari. Jainkoaren maitasunaren egiaztapen polita, eskuzabaltasunean gainditzen uzten ez dena”.

LETIZIA MAGRI


[1] Bizi Hitza, 1981 azaroa: C. Lubich: Palabras de Vida / 1 (1943-1990) (ed. F. Ciardi).Madrid: Ciudad Nueva, 2020, pp. 230-231

2 Lenak dio: «Parrainage Liban Ekintza (Libano babesean hartzea) 1993an sortu zen Bizi hitza bizi duten familia talde baten eskutik, 5 seme alaba eta senarra espetxean zituen ama bati laguntzeko. Orain arte Libano osoko eta erlijio ezberdinetako 200 familia inguru lagundu ditugu. Laguntza ematen duten pertsonek irudimena martxan jartzen dute familia horiek beraien autonomia errekuperatu dezaten: etxeetara bisitak, ostatua eta lana bilatu, ikasketetan laguntzak. Ehun bat pertsona eta enpresa ditugu ekonomikoki babesten gaituztenak eta gure ekintzan sinesten dutenak.».

Normas(500)