Apirila 2021

 
«Ni naiz artzain ona; artzain onak bere burua ematen du ardien alde» (Jn 10, 11)

Bibliako kulturaren irudiak, bizitza nomadaren eta artzaintzaren erritmo lasaiarekin, gure eguneroko efizientzia eta lehiakortasun-eskakizunetik urrun daudela dirudi. Eta hala ere, batzuetan, gaur ere, gelditzeko beharra sentitzen dugu, atseden hartzeko leku bat, garen bezala hartuko gaituen norbaitekin elkartzeko beharra.

Jesus, beste inor baino prestuago dagoena bezala agertzen da, guri abegi egiteko, indartzeko, baita gutako bakoitzaren alde bizitza emateko ere.

Bizi-Hitz hau aterata dagoen Juanen Ebanjelioaren pasarte luzean, Jesusek ziurtatzen digu bera dela Jainkoaren presentzia pertsona bakoitzaren historian, profeten ahotik Israeli agindu zion bezala (ik. Ez 34, 24-31).

Jesus artzaina da, bere ardiak -bere herri nekatua eta batzuetan noraezean dabilena- ezagutu eta maite dituen gidaria. Ez da artaldearen beharrak ezagutzen ez dituen arrotza, ezta lapurtzera datorren lapurra ere, edo hil edo sakabanatzen duen gaizkilea, ezta interesagatik bakarrik jokatzen duen mertzenarioa ere.

«Ni naiz artzain ona; artzain onak bere burua ematen du ardien alde»

Jesusek berea sentitzen duen artaldea bere dizipuluek osatzen dute, bataioaren dohaina jaso duten guztiek, baina ez bakarrik beraiek. Berak gizaki bakoitza ezagutzen du, bere izenez deitzen dio eta bakoitza samurtasunez zaintzen du.

Bera da benetako artzaina, ez soilik bizitzarantz gidatzen gaituena, ez soilik galtzen garen  bakoitzean  gure  bila  etortzen  dena  (ik.   Lk 15, 3-7; Mt 18, 12-14);  Bera da bizitza eman zuena Aitaren nahia betetzeko, hau da, Jainkoarekiko erabateko komunio pertsonala eta gure artean senidetasuna berreskuratzea alegia, bekatuak eraginda heriotzaz zauritua dagoena.

Norbera saia daiteke Jainkoaren ahotsa ezagutzen, pertsonalki zuzentzen dioen hitza entzuten, eta konfiantzaz jarraitzen. Batez ere ziur egon gaitezke maite gaituenak, ulertzen gaituenak eta baldintzarik gabe barkatzen gaituenak hauxe ziurtatzen digula:

«Ni naiz artzain ona; artzain onak bere burua ematen du ardien alde»

Gure bizitzan presentzia isil baina ahaltsu hori pixka bat behintzat esperimentatzen dugunean, hura partekatzeko gogoa pizten da bihotzean, besteak zaindu eta haiekin abegitsu izateko gaitasuna areagotzeko gogoa. Jesusen moduan, familiako kideak, lankidea edo bizilagunak hobeto ezagutzen saia gaitezke, eta hurbileko pertsonen beharrek gure erosotasunetik atera gaitzatela utzi.

Maitasunaren sormena gara dezakegu, besteak eta geure burua ere jokoan jarriz. Eskala txikian, senidetasunezko komunitate irekiak eraikitzen lagun dezakegu, pertsona askoren bidea pazientziaz eta erabakitasunez laguntzeko gai direnak.

Ebanjelioaren esaldi hori bera hausnartuz, Chiara Lubichek honako hau idatzi zuen: “Jesusek bere buruaz esango du: “Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino” (Jn 15, 13). Eta berak azkeneraino darama bere eskaintza. Bere maitasuna maitasun oblatiboa da, hau da, benetan bere burua eskaintzeko, bizitza emateko prest dagoen maitasuna. […] Jainkoak, halaber, bere maitasunaren neurria duten maitasun-ekintzak eskatzen dizkigu, intentzioan eta erabakian behintzat. […] Horrelako maitasuna bakarrik da kristau maitasuna: ez edozein maitasun, ez itxurazko maitasun bat, baizik eta bizitza jokoan jartzen duen maitasun handia. Eta orduan Jesusen inguruan elkartuko gara, bere ahotsak erakarrita, lurreko bazter guztietako gizon eta emakumeak.

LETIZIA MAGRI

Normas(500)