2021 Abuztua

 
«Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena» (Mt 18, 4)

Nor da handiena, boteretsuena, irabazlea gizartean, elizan, politikan edo merkatuan?

Galdera honek harremanak gainditzen ditu, erabakiak markatzen ditu eta estrategiak zehazten ditu. Logika hori erabiltzen dugu – konturatu gabe ere –, agian inguruan ditugunei emaitza positiboak eta eraginkorrak ziurtatzeko nahiarekin.

Hemen, Mateoren Ebanjelioak, Jesusen dizipuluak aurkezten dizkigu, zeruetako erreinuaren iragarpena jaso ondoren, Jainko-herri berriaren protagonista izateko baldintzak jakin nahirik: «Nor da handiena?».

Erantzuna emateko, Jesusek bere ustekabeko keinuetako bat egiten du: ume bat hartu eta jendearen erdian jartzen du. Eta keinu hori hitz argi hauekin laguntzen du:

«Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena».

Lehiakorra eta autosufizientea den mentalitateari, Jesusek gizarteko elementurik ahulena alderatzen dio, defendatzeko eta harro egoteko zereginik ez duena, guztian besteen esku dagoena eta besteen laguntzan berezko konfiantza duena. Baina kontua ez da jarrera pasibo bat onartzea eta proposatzaileak eta arduratsuak izateari uko egitea, baizik eta borondate eta askatasun ekintza bat betetzea. Jesusek eskatzen duena da txikiak egin gaitezela, asmoa eta ahalegina eskatzen du norabidea modu erabakigarrian aldatzeko.

«Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena».

Honela sakondu zituen Chiara Lubichek haur ebanjelikoaren ezaugarriak: «[…] Haurra bere aita eta amarengan konfidantzaz abandonatzen da: beraien maitasunean sinesten du. […]  Benetako kristauak, haurrak bezala, Jainkoaren maitasunean sinesten du, zeruko aitaren besoetan jaurtitzen du bere burua, Harengan konfiantza mugagabea jartzen du. […] Haurrak guztian daude gurasoen eskuetan […]. Gu ere, “haur ebanjelikoak”, gauza guztietan gaude Aitaren eskuetan: […] guk eskatu aurretik ere badaki zer behar dugun, eta eman egiten digu. Jainkoaren erreinua bera ere ez da konkistatzen, baizik eta dohain bezala hartzen da Aitaren eskuetatik».

Chiarak, gainera, azpimarratzen du aita haurrarentzako guztia dela eta harengandik ikasten duela dena. Era berean, «”haur ebanjelikoak” dena Jainkoaren errukian uzten du, eta iragana ahaztuta, bizitza berri bat hasten du egunero, Espiritu beti sortzailearen iradokizunei irekia. Haurrak ez daki bere kabuz hitz egiten ikasten; norbaitek irakastea behar du. Jesusen dizipuluak […] Jainkoaren Hitzetik ikasten du dena, Ebanjelioren arabera hitz egin eta bizitzeraino».

Haurrak aita imitatzeko joera du. «Era berean, “haur ebanjelikoak” […] denak maite ditu, zeren Aitak “zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria” (Mt 5, 45); maitatzen lehena da, Berak oraindik bekatariak ginenean maitatu gintuelako; dohainik maitatzen du, interesik gabe, zeruko Aitak hala egiten duelako»[1].

«Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena».

Kolonbian, Vicente eta bere familia pandemiaren probatik pasatu dira, berrogeialdi zorrotz batekin. Honela idazten du: «Etxeratze-agindua hasi zenean, egunerokotasuna kolpetik aldatu zen. Nire emazteak eta bi seme zaharrenek unibertsitateko azterketak prestatu behar zituzten, eta txikia ez zen urrutitik ikastera ohitzen. Etxean inork ez zuen besteaz kezkatzeko astirik. Kaos hau lehertzeko zorian zegoela ikusirik, Ebanjelioaren gure “bizitza berrian” maitasunaren artea praktikan jartzeko aukera nuela ulertu nuen. Sukaldea jaso, bazkaria prestatu eta otorduak antolatzen hasi nintzen. Ez naiz sukaldari aditua, ezta oso ona ere garbiketa egiten, baina horrek antsietatea murrizten lagun zezakeela ulertu nuen. Noizbehinkako maitasun ekintza bat bezala hasi zena, luzatu egin zen hilabeteetan zehar. Beren zereginak amaitu ondoren, familiako gainerako kideak garbiketaz, arropaz eta etxeaz arduratu ziren. Elkarrekin ikusi dugu Ebanjelioaren hitzak egiazkoak direla, eta maitasun sortzaileak iradokitzen duela gainerako guztia nola antolatu».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, 2003ko urria Bizi hitza: Ciudad Nueva 402 zbkia (2003/10), 22. Orr.

Normas(500)