2021 Urria

 
«Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak» (Err 8, 28)

Hilabete honetan bizi nahi dugun Hitza Paulo apostoluak Erromatarrei zuzendutako gutunetik aterata dago. Testu luze bat da, gogoeta eta irakaspenez betea, Erromara joan aurretik idatzia, Paulok oraindik ezagutzen ez zuen komunitate hartara bisita prestatzeko.

8. kapituluak, bereziki, Izpirituaren araberako bizitza eta betiereko bizitzaren promesa azpimarratzen ditu, gizabanakoei, herriei eta unibertso osoari itxaroten diena.

«Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak».

Esaldi honetako hitz bakoitza esanahiz beteta dago.

Paulok aldarrikatzen du, batez ere kristau gisa, Jainkoaren maitasuna ezagutu dugula eta jabetzen garela giza itxaropen oro Jainkoaren salbazio-asmo handiaren parte dela.

Denak laguntzen du, dio Paulok: sufrimenduak, jazarpenak, hutsegiteak eta ahultasun pertsonalak, baina batez ere Jainkoaren Izpirituaren eraginak, berau hartzen duten pertsonen bihotzean.

Gainera, Izpirituak gizateriaren eta sorkuntzaren intziriak jaso eta bere egiten ditu (Ik. Err 8, 22-27), eta hori da Jainkoaren asmoa gauzatuko den bermea.

Gure aldetik, maitasun honi aktiboki erantzun behar diogu gure maitasunarekin, edozein premiatan Aitarengana joaz eta, Harengan konfiantza dutenentzat prestatzen duen, zeru berrian eta lur berrian itxaropen testigantza emanez (ik. Ap 21, 1).

«Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak».

Nola hartu, orduan, proposamen indartsu hori gure bizitza pertsonalean eta eguneroko bizitzan?

Chiara Lubichek iradokitzen digu: «Lehenik eta behin, ez dugu inoiz gauzen kanpoko itxura hutsean gelditu behar, hau da, materialean eta profanoan, baizik eta, gertaera bakoitza Jainkoaren mezu bat dela sinistu behar dugu, Bere maitasuna adierazteko bidaltzen digun mezua. Orduan ikusiko dugu bizitza marrazki zoragarria dela, Jainkoaren maitasunak gure fedearen oinarrian ehuntzen duena, eta ez korapiloak eta hari nahasiak baino erakusten ez dituen ehuna.

Bigarrenik, konfiantza osoz eta erabat abandonatu behar gara maitasun horretan, une oro, gauza txikietan eta handietan. Are gehiago, egoera arruntetan Jainkoaren maitasunaren eskuetan jartzen baldin badakigu, berak emango digu indarra une zailetan ere Beragan konfiantza edukitzeko, hala nola froga handi batean, gaixotasun edo heriotzaren une berean.

Orduan, proba dezagun horrela bizitzen, eta, jakina, ez modu interesatuan, hau da, Jainkoak bere asmoak agertzeko eta horrela bere kontsolamendua izan dezagun, maitasunagatik baizik, eta ikusiko dugu konfiantzaz abandonatze hori guretzat eta beste askorentzat argi eta bake amaigabea dela»[1].

Erabaki zailetan Jainkoaren esku uztea. Guatemalako O. L.k horrela kontatzen digu: «Sukaldari aritzen nintzen zaharren egoitza batean. Pasillotik pasatzean, emakume zahar bat entzun nuen ur eske. Sukaldetik irtetea debekatzen ninduten arauak hautsita, edalontzi bat ur eman nion, maitasunez. Emakumearen begiak argitu egin ziren. Erdia edanik, eskutik heldu eta esan zidan: “Gera zaitez nirekin 10 minutuz!”. Ez nukeela egin behar azaldu nion, kaleratua izan nintekeelako. Baina begirada hura… geratu egin nintzen. Elkarrekin otoitz egiteko eskatu zidan: “Gure Aita…”. Eta amaieran: “Abestu zerbait, mesedez”. Hauxe bururatu zitzaidan: “Ez dugu ezer eramango, maitasuna bakarrik…”. Beste egoiliarrak begira genituen. Emakumeak, pozik, esan zidan: “Jainkoak bedeinka zaitzala, alabatxo”; eta berehala itzali egin zen. Nolanahi ere, kaleratu egin ninduten sukaldetik irteteagatik. Nire familia urruti bizi da eta nire laguntza behar du, baina ni bakean eta pozik nago: Jainkoari erantzun nion, eta emakume horrek ez zuen bakarrik eman bere bizitzako urratsik garrantzitsuena».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Palabra de vida, agosto de 1984, en Ead., Palabras de Vida/1 (1943-1990), Ciudad Nueva, Madrid 2020, pp. 313-314.

Normas(500)