2021 AZAROA

 
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko» (Mt 5, 9)

Mateoren Ebanjelioa bere garaiko judutar girotik zetorren kristau batek idatzi zuen; horregatik ditu tradizio kultural eta erlijioso horri dagozkion hainbeste adierazpen.

  1. kapituluan Jesus Moises berri bat bezala aurkezten da mendira igotzen Jainkoaren Legearen esentzia iragartzeko: maitasunaren agindua. Irakaskuntza honi solemnitatea emateko, Ebanjelioak esaten digu bera eserita dagoela, maisu bat bezala.

Ez hori bakarrik: Jesus bera da, gainera, iragartzen duenaren lehen lekukoa. Hori bereziki nabarmentzen da Zoriontasunak – bere bizitza osoko programa – aldarrikatzen dituenean. Horietan, kristau maitasunaren erradikaltasuna erakusten du, bedeinkapen eta alaitasun osoko fruituekin. Hori da zoriontasuna.

«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko».

Biblian, bakeak – hebreeraz Shalom – pertsonak bere buruarekin, Jainkoarekin eta inguratzen duenarekin duen harmonia egoera adierazten du; gaur egun ere pertsonen arteko agurra da, osotasunezko bizitza bat opatzeko modua. Bakea, ororen gainetik, Jainkoaren dohaina da, baina gure atxikimenduaren arabera ere badago.

Zoriontasun guztien artean, hots hau da aktiboena, zeren axolagabekeriatik irtetera gonbidatzen baikaitu, geure baitatik hasita inguruan adiskidetasunaren eraikitzaile bilakatzeko, adimena, bihotza eta besoak ekinean jarriz. Besteez arduratzeko ahalegina eskatzen du, norberekoikeriak eragindako zauri eta trauma pertsonal eta sozialak sendatzea eta norabide horretan ahalegin guztiak sustatzea.

Jainkoaren Seme Jesusek bezala, bere eginkizuna bete zuen bere bizitza gurutzean eman zuenean, berriro gizakia Aitarekin elkartu eta berriro senidetasuna lurrera ekartzeko. Horregatik, edozein bakegile Jesusen antzekoa da eta, Hura bezala, Jainkoaren seme-alabatzat aitortua.

«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko».

Jesusen oinatzei jarraituz, guk ere bihur dezakegu egun bakoitza «bakearen jardunaldian» gure inguruan maiz gertatzen diren gerra txiki edo handiei amaiera emanez. Amets hori gauzatzeko, garrantzitsua da adiskidetasun- eta elkartasun-sareak eraikitzea; laguntza eskaintzeko eskua luzatzea, baina baita laguntza hori onartzeko ere.

Denise eta Alessandrok dioten bezala: «Elkar ezagutu genuenean ondo konpontzen ginen elkarrekin. Ezkondu ginen eta hasieran oso polita izan zen, gure seme-alaben jaiotza barne. Denborak aurrera egin ahala, gorabeherak hasi ziren; ez zegoen inolako elkarrizketarik gure artean, eta edozer zen etengabeko eztabaidagai. Elkarrekin jarraitzea erabaki genuen, baina akats, gorroto eta liskar berdinetan murgiltzen ginen. Egun batean, lagun-bikote batek arazoak dituzten bikoteei laguntzeko tailer batean1 parte hartzea proposatu zigun. Pertsona trebeak eta prestatuak ez ezik, «familien familia» bat aurkitu genuen eta gure arazoak partekatzeko gunea: jada ez geunden bakarrik! Argi bat piztu zen berriro, baina lehen urratsa besterik ez zen izan: etxean ez zen erraza, behin eta berriro erortzen ginen. Besteaz arduratzeak eta berriz hasteko konpromezuak laguntzen digu eta lagun berri horiekin harremana mantentzeak bidea elkarrekin egiten jarraitzeko.».

«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko».

Bakeak, Jesusen bakeak, Chiara Lubichek dioen bezala, «bihotz eta begi berriak eskatzen ditu, denak maitatzeko eta denengan senidetasun unibertsalerako hautagaiak ikusteko».

Eta honako hau gehitzen du: «Geure buruari galde diezaiokegu: “auzotar liskarzaleengan ere bai?; Nire karrera oztopatzen duten lankideengan ere bai?; Beste alderdi politiko baten kideen edo futbol talde arerio bateko jarraitzaileengan ere bai?; Baita nirea ez den erlijio edo nazionalitateko pertsonengan ere? Bai, pertsona oro nire neba edo arreba da. Bakea hortik hasten da, lagun bakoitzarekin ezartzen dakidan harremanetik.» «Gaizkia gizakiaren bihotzean jaiotzen da — idazten zuen Igino Giordanik —, eta gerraren arriskua baztertzeko, eraso eta esplotazio espiritua eta gerra eragiten duen berekoikeria baztertu behar dira: kontzientzia bat berreraiki behar da»2. «Mundua aldatu egiten da gu aldatzen bagara, […] batez ere batzen gaituena azpimarratzen badugu, bakearen pentsamoldea sortzen lagun dezakegu eta gizateriaren onerako elkarrekin lan egin. […] Azkenean maitasuna da gailentzen dena, beste edozer baino indartsuagoa delako. Saia gaitezen horrela bizitzen hilabete honetan, bakearen eta justiziaren kultura berri baten legamia izateko. Gugan eta gure inguruan gizatasun berri bat birsortzen ikusiko dugu»3.

LETIZIA MAGRI

Normas(500)