2022 Martxoa

 
«Barkatu gure erruen zorra, guk ere geure zordunei barkatu diegun ezkero» (Mt 6, 12)

Hilabete honetako Bizi-Hitza Jesusek bere ikasleei irakatsi zien otoitzetik, Aitaguretik, aterata dago. Hebrear tradizioan sakonki errotutako otoitza da. Juduek ere «Aita gurea» zioten eta diote Jainkoari.

Lehen irakurraldi batean, esaldi honetako hitzek konprometitu egiten gaituzte: eska al diezaiokegu Jainkoari gure zorrak ezabatzeko, testu grekoak iradokitzen duen bezala, gu, guganako hutsegiteren bat dutenekin gauza garen bezala? Gure barkamen gaitasuna beti da mugatua, azalekoa, baldintzazkoa.

Jainkoak gure neurriaren arabera tratatuko bagintu, benetako kondena litzateke!

«Barkatu gure erruen zorra, guk ere geure zordunei barkatu diegun ezkero».

Hala ere, hitz garrantzitsuak dira, batik bat Jainkoaren barkamenaren beharraz jabetu arazten dutelako. Jesusek berak bere ikasleei – eta bataiatu guztiei – esandakoak dira, horrela Aitari bihotz-apaltasunez hitz egiteko erabili ahal ditzaten.

Semearengan seme-alaba garela jabetzetik sortzen da dena, Jesusen imitatzaile eta neba-arreba garela jabetzetik; Bera izan baitzen lehena Jainkoaren maitasunezko nahiari gero eta gehiago atxikiz bizitzako bidea egiten.

Jainkoaren dohaina eta bere maitasun neurrigabea onartu ondoren bakarrik eska diezaiokegu guztia Aitari, baita gero eta Haren antzekoago egin gaitzala ere, gure neba-arrebei, egunez egun, bihotz zabalez barkatzeko Berak duen gaitasun berberarekin.

Barkamen ekintza bakoitza erabaki aske eta kontziente bat da, beti umiltasunez berritu beharrekoa. Ez da inoiz ohitura bat, bide zorrotza baizik, Jesusek egunero otoitz egitera deitzen gaituena, ogiagatik egiten dugun bezala.

«Barkatu gure erruen zorra, guk ere geure zordunei barkatu diegun ezkero».

Zenbat aldiz gerta dakiguke, gurekin bizi diren pertsonek – familian, auzoan, lantokian edo ikastetxean –, jokaldi makurren bat egin izatea eta zenbat kostatzen zaigun harreman positibo bati berrekitea! Zer egin? Hemen eska dezakegu Aita imitatzeko grazia:

«Goizean altxa gaitezen “amnistia” osoarekin bihotzean, dena estaltzen duen maitasun horrekin, bestea den bezala hartzen dakien maitasun horrekin, bere mugekin, bere zailtasunekin, hain zuzen ere ama batek gaizki jokatzen duen seme edo alabarekin egingo lukeen bezala: beti desenkusatzen du, beti barkatzen du, ez du harengan itxaropenik galtzen… Gerturatu gaitezen bakoitzarengana begirada berri batekin, akats horiek inoiz egin ez balitu bezala.  Has gaitezen berriz aldi bakoitzean, jakinda, Jainkoak, barkatzeaz gain ahaztu egiten duela: horixe da guri ere eskatzen digun neurria»[1].

Helmuga altua da, eta konfiantzazko otoitzaren laguntzaz egin dezakegu aurrera.

«Barkatu gure erruen zorra, guk ere geure zordunei barkatu diegunez gero».

Gainera, Aitagurearen otoitz guztiak «gu-aren» eta «senidetasunaren» perspektiba du: ez dut niregatik bakarrik eskatzen, baita besteengatik eta besteekin ere. Nire barkamen-gaitasuna besteen maitasunak sostengatzen du, eta, bestalde, nire maitasunak, nolabait, senidearen akatsa neurea bezala senti dezake: agian nire esku ere egongo da, agian ez dut nire esku zegoen guztia egin onartua, ulertua… sentitu zedin.

Palermon, Italiako hiri batean, komunitate kristauek elkarrizketa-esperientzia bizia bizi dute, eta horrek zenbait zailtasun gainditzea eskatzen du. Biagio eta Zinak horrela kontatzen dute: «Egun batean gure lagun den artzain batek bere Elizako familia batzuekin elkartzera gonbidatu gintuen, ezagutzen ez gintuztelako. Bazkarian partekatzeko gauzak eraman genituen, baina familia horiek aditzera eman ziguten ez zitzaiela topaketa hori gustatzen. Fintasunez, Zinak prestatuak zituen espezialitate batzuk probatzen eman zien, eta azkenean elkarrekin bazkaldu genuen. Bazkaldu ondoren, gure Elizan ikusten zituzten akatsak esaten hasi ziren. Hitzezko gerra batean sartu nahi ez genuenez, esan genuen: gure Elizen artean zein akats edo desberdintasunek eragotz dezake elkar maitatzea? Haiek, etengabe erasotzen ohituak, harrituta eta armarik gabe geratu ziren horrelako erantzun batekin, eta Ebanjelioaz eta batzen gaituenaz hitz egiten hasi ginen, ziur asko banatzen gaituena baino askoz gehiago delarik. Agur esateko ordua iritsi zenean, ez zuten nahi gu joatea. Une horretan Aitagurea errezatzea proposatu genien, eta otoitz egiten genuen bitartean Jainkoaren presentzia biziki hauteman genuen. Itzuliko ginela agindu arazi ziguten, komunitateko gainerako kideak aurkeztu nahi zizkigutelako, eta hala izan da urte guzti hauetan».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Bizi Hitza, 2004 abendua: Ciudad Nueva 415 (2004/12), 22-23 orr.

Normas(500)