2022 Uztaila

 
«Gauza bat bakarra da beharrezko» (Lk 10, 42)

Jesus Jerusalemera bidean doa, non bere misioa betetzear dagoen, eta herri batean gelditzen da, Martaren eta Mariaren etxean. Lukas ebanjelariak honela deskribatzen du bi ahizpek Jesusi ematen dioten harrera: Marta, ohiko etxeko-andrearen rola betetzen duena, «lanpetua zebilen etxeko zereginetan» (Lk 10, 40)[1] eta Maria, «Jaunaren oinetan jarrita, honen hitza entzuten zegoen» (ik. 39). Mariaren arreta Martaren urduritasunarekin kontrajarria dago; eta, hain zuzen ere, bere kexuen harira, zerbitzatzeko bakarrik geratu zelako, Jesusek erantzuten du: «Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkaz eta larri; baina bat bakarra da beharrezko. Alderik onena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko» (ik. 41-42)[2]. Pasarte hau bi parabolen artean kokatzen da: samariar onarena – beharbada, lagun hurkoarenganako karitateari buruzko goreneko orria – eta Jesusek bere ikasleei nola otoitz egin erakusten diena – ziur aski Jainko-Aitarenganako harremanean goreneko orria. Beraz, pasarte hau senidearenganako maitasunaren eta Jainkoarenganako maitasunaren arteko bitarteko justua da.

«Gauza bat bakarra da beharrezko».

Ebanjelioko pasarte honetako protagonistak bi emakume dira. Jesus eta Martaren arteko elkarrizketak bere adiskidetasun harremana deskribatzen du, bere Maisuaren aurrean kexatzea ahalbidetzen duena. Baina zein da Jesusek nahi duen zerbitzua? Berak nahi duena da Marta ez hainbeste ahalegintzea, emakumeei esleitutako rol tradizionaletik ateratzea eta bere Hitza entzuten hasi dadila Maria bezala, kategoria berri bat hartu duena, dizipuluaren kategoria alegia. Askotan, testu honen mezua bizitza aktiboaren eta bizitza kontenplatiboaren arteko kontra jarrerara murriztu da, ia bi ikuspegi erlijioso alternatibo bezala. Baina Martak eta Mariak Jesus maite dute eta zerbitzatu nahi dute. Izan ere, Ebanjelioak ez du esaten karitatea baino garrantzitsuagoa denik otoitz egin eta Hitza entzutea; aitzitik, bi maitasun horiek modu banaezinean lotzeko era aurkitu behar da. Bi maitasun – Jainkoarenganako maitasuna eta hurkoarenganako maitasuna – ez direnak kontrajartzen, osagarriak direnak baizik, Maitasuna bat delako.

«Gauza bat bakarra da beharrezko».

Beraz, beharrezkoa den bakarra zer den ondo ulertzea falta da. Horretan lagun diezaguke esaldiaren hasierak: «Marta, Marta…» (41. libk.). Izenaren errepikapena, ia gaitzespen baten iragarle gisa jo daitekeena, egia esan «bokazio-deiaren» berezko moduari dagokio. Hau da, badirudi Jesusek Martari harreman modu berri batera deitzen diola, zerbitzari batena izan beharrean, berarekin harreman sakonean sartzen den lagun batena izango den lotura batera. Chiara Lubichek idazten du: «Jesus egoera honetaz baliatu zen gizakiaren bizitzan beharrezkoena zer den azaltzeko. […] Jesusen Hitza entzutea. Eta pasarte hau idatzi zuen Lukasentzat, Hitza entzuteak bizitzea ere esan nahi du. […] Eta horixe egin behar duzu zuk ere: Hitza jaso eta zugan eraldaketa bat egin dezan utzi. Ez hori bakarrik, baizik eta hari leial iraun, bihotzean gorde zure bizitza molda dezan, lurrak hazia bere baitan gordetzen duen bezala ernatu eta fruitua eman dezan. Hau da, Hitzaren ondorio diren bizitza berriko fruituak eman»[3].

«Gauza bat bakarra da beharrezko».

Zenbat aukera ditugun guk ere Maisua etxeko intimitatean hartzeko, Marta eta Mariak bezala hain zuzen ere, bere oinetan benetako dizipulu gisa entzuten has gaitezkeelarik. Sarritan, antsietateak, gaixotasunak, betebeharrek, baita poz eta alaitasunek ere, arreta galarazten digute egiteko dauden hainbeste gauzaren zurrunbiloan, eta ez digute denborarik uzten Jauna ezagutzeko, ezta entzuteko ere.

Hitz hau aukera bikaina da parterik onena aukeratzen trebatzeko, hau da, bere Hitza entzuteko eta, horrela, gure eguneroko bizitzan horren arabera jardutera garamatzan barne-askatasuna eskuratzeko: zerbitzuari eta entzuteari zentzua ematen dion maitasun-harreman baten emaitza den ekintza.

LETIZIA MAGRI


 

[1] Lk 10, 40. Perispáomai aditzak 2 esanahi ditu: «erabat lanpetua, gainkarga handiarekin egotea» edota «oharkabe egotea».

[2] Bertsikulo hauetan Espainiako Gotzainen Konferentziako (EGK) Biblia jarraitzen dugu Jerusalemgoaren ordez, italiar bertsiora hobeto egokitzen baita.

[3] C. Lubich, Bizi hitza, 1980 uztaila, Ead., Palabras de vida/1, Ciudad Nueva, Madril 2020, orrk. 181-182.

 

Normas(500)