2022 Abuztua

 
«Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?» (Mt 18, 21)

Mateoren Ebanjelioaren 18. kapitulua oso testu aberatsa da, Jesusek bere ikasleei sortu berri den komunitatearen barruan harremanak bizitzeko argibideak ematen dizkie bertan. Pedroren galderak Jesusek esan berri zituen hitzak berriro hartzen ditu: «Zure senideak bekatu egiten badu zure aurka…» (Mt 18, 15)[1]. Jesus hizketan ari da eta, handik gutxira, Pedrok eten egiten du konturatuko balitz bezala Maisuak esandakoa ez duela ondo ulertu. Eta Haren dizipulu batek egin behar duen bideari buruzko galdera garrantzitsuenetako bat egiten dio. Zenbat aldiz barkatu behar da?

«Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?»

Zeure buruari galderak egitea fede-bidearen parte da. Fededun batek ez ditu erantzun guztiak, baina leial izaten jarraitzen du galderak egin arren. Pedroren galdera ez da Jainkoaren aurkako bekatuaz ari, baizik eta senide batek beste baten aurka bekatu egiten duenean egin behar denaz. Pedrok uste du dizipulu ona dela eta zazpi aldiz barka dezakeela[2]. Ez du espero Jesusek ematen duen berehalako erantzuna bere segurtasunak zapuztuz: «Zazpi bider ez, zazpitan zazpi mila bider baino.» (Mt 18, 22). Dizipuluek ongi ezagutzen zituzten Lamec, Kainen seme krudelaren hitzak, mendekuaren errepikapena hirurogeita hamar bider zazpi kantatzen duena[3]. Baieztapen hori aipatuz, Jesusek amaigabeko barkamena kontrajartzen dio mendeku mugagabeari.

«Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?»

Kontua ez da etengabe mintzen duen pertsona bat barkatzea, bihotzarekin behin eta berriz barkatzea baizik. Benetako barkamena, aske sentiarazten gaituena, pixkanaka etortzen da. Ez da sentimendu bat, ez da ahaztea: sinesmendunak egin beharko genukeen aukera da, ez iraina errepikatzen denean bakarrik, baita gogoratzen dugun bakoitzean ere. Horregatik barkatu behar da hirurogeita hamar bider zazpi4.

Chiara Lubichek idazten du: «Horrela ba, […] Jesusek kristauen arteko harremanak zituen buruan batez ere, komunitate bereko kideen artekoak. Beraz, batez ere fedean zure anai-arreba direnekin jokatu behar duzu modu horretan: familian, lanean, klasean eta zure komunitatean, baten kide bazara. Badakizu normala dela jasotako iraina pareko ekintza edo hitz batekin konpentsatu nahi izatea. Eta badakizu, izaera desberdinengatik, urduritasunagatik edo beste arrazoi batzuengatik, maitasun hutsegiteak maiz izaten direla elkarrekin bizi diren pertsonen artean. Bada, gogoan izan etengabe berritutako barkamen jarrerak bakarrik eutsi diezaiekeela bakeari eta senideen arteko batasunari. Beti izango duzu joera anai-arreben akatsetan pentsatzeko, haien iragana gogoratzeko, diren bezalakoak ez izatea nahi izateko … Beharrezkoa da begi berriekin begiratzeko ohitura hartzea eta beren baitan berriak ikustea, beti, berehala eta oso osorik onartzea, damutzen ez badira ere»4.

 

«Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?»

Gu guztiok «barkatuen» komunitate bateko kide gara, barkamena beti behar dugun Jainkoaren dohaina baita. Beti harritu beharko ginateke Aitarengandik jasotzen dugun errukiaren neurrigabetasunaz, beti barkatzen baitigu guk ere senideei barkatzen badiegu[4]. Baldintza politiko, sozial edo ekonomikoetatik eratorri daitezkeen gorabeheretan barkamenak dimentsio komunitarioa har dezake eta egoera batzuetan ez da erraza barkatzea. Kasu gogorrenetan ere barkatzea lortu duten emakume eta gizonen adibide asko daude, sostengatu dituen komunitate baten laguntzarekin.

Osvaldo kolonbiarra da. Heriotza-mehatxua egin zioten eta anaia nola hiltzen zuten ikusi zuen. Gaur egun, bere herrialdeko gatazka armatuan zuzenean inplikatuta egon ziren pertsonak erreabilitatzen dituen herritarren elkarte bateko burua da.

«Mendekuari bortitzago erantzutea erraza izango zen, baina, ez, esan nuen – azaltzen du Osvaldok –: barkamenaren artea ikastea oso zaila da, baina armak edo gerra ez dira inoiz bizitza eraldatzeko aukera bat. Eraldaketaren bidea beste bat da, bestearen giza arimaraino iritsi ahal izatea da, eta, horretarako, ez duzu harrokeria edo botererik behar: apaltasuna behar da, eta hori da lortzen zailena den bertutea»6.

LETIZIA MAGRI


[1] Pasarte honetan Espainiako Gotzainen Konferentziako (EGK) Biblia jarraitu dugu, jatorrizkoarekin hurbilagoa Jerusalemgoa baino [Itzultzailearen oharra].

[2] Zazpi zenbakiak osotasuna, guztia adierazten du: Jainkoak mundua zazpi egunetan sortzen du (ik. Has 2, 2-.4). Egipton zazpi urteko oparotasuna eta zazpiko gabezia (ik. Has 41, 29-30).

[3] «Caín zazpi aldiz mendakatua izango da, Lamec aldiz hirugoita hamazpi aldiz» (Has 4, 24).

4 C. LUBICH, Bizi Hitza, urria 1981, EADn, Palabras de vida/I, ciudad Nueva, Madril 2020, orrk. 228-229.

5 Cf. Aitagurearen otoitza, Mt 6, 9-13.

6 MADDALENA MALTESE (ed.), Unità è il nome della pace: La strategia di Chiara Lubich, Città Nuova, Erroma 2020, 37. or.

Normas(500)