Azaroa 2024

 
«Honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du» (Mk 12, 44).

Markosen Ebanjelioaren 12. kapituluaren amaieran gaude. Jesus Jerusalemgo tenpluan
dago; behatu eta erakutsi egiten du. Bere begiradaren bidez pertsonaiaz beteriko eszena bat
ikusten dugu: jendea joan-etorrian, kultuko arduradunak, tunika luzeetan jantzitako
handikiak, beren eskaintza bikainak tenpluko altxorrean isurtzen dituzten aberatsak. Orduan
emakume alargun bat aurreratzen da; sozialki eta ekonomikoki beharrean bizi direnen
pertsonen kategoriko kide da. Inguruko axolagabetasunaren aurrean, bi txanpon txiki
botatzen ditu altxorrera. Baina Jesusek bai, ikusi du, dizipuluei dei egin eta irakatsi egiten die:

«Honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du».

«Benetan diotsuet…» dira irakaskuntza garrantzitsuei sarrera ematen dien hitzak. Jesusen
begiradak, emakume alargun behartsuan kontzentraturik, norabide berean begiratzera
gonbidatzen gaitu: bera da dizipulu eredua. Jainkoaren maitasunean duen fedea baldintzarik
gabekoa da; bere altxorra Jainkoa bera da. Eta bere burua Haren eskuetan jartzean, ahal duen
guztia eman nahi du, gainera, behartsuagoak direnentzat.
Nolabait ere, Aitarengan konfiantzaz abandonatze hori Jesusen beraren dohainaren
aurrerapen bat da, Jesusek laster beteko duen pasio eta heriotzarena. Jesusek aldarrikatu eta
bizi izan zuen «izpiritu-pobrezia» eta «bihotz garbitasuna» da. «Gure konfiantza
aberastasunetan barik, Jainkoaren maitasunean eta bere probidentzian jartzea esan nahi du.
[…] “Izpirituz behartsuak” gara besteenganako maitasunak gidatzen gaituenean. Orduan,
daukagun guztia beharra dutenen eskura jartzen dugu: irribarre bat, gure denbora, gure
ondasunak, gure gaitasunak. Maitasunagatik dena eman dugunean, pobreak gara, hau da,
hutsik gaude, ez gara ezer, aske gara, bihotz garbia dugu» [1].
Jesusen proposamenak hankaz gora jartzen du gure pentsamoldea; bere gogoeten muina
txikia dena da, pobrea, azkena dena.

«Honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du».

Bizi Hitz honek, batez ere, Jaungoikoaren maitasunean dugun konfiantza osoa
berriztatzera gonbidatzen gaitu; bere begiradatik interpelatzen uztea, itxuratik haratago
ikusteko, juzgatu gabe eta besteen iritziaren menpe egon gabe; pertsona bakoitzaren alde
positiboa balioestera.
Komunitate baketsu bat eraikitzen duen logika ebanjelikoa hartzea iradokitzen digu, elkar
zaintzera bultzatzen gaituelako. Ebanjelioa egunerokoan bizitzera animatzen gaitu,
harrokeriarik gabe; oparotasunez eta konfiantzaz ematera; soiltasunez bizitzera, partekatuz.
Azkenei arreta jartzea eskatzen digu, haiengandik ikasteko.

Burundin jaio eta hazi zen Venantek kontatzen du: «Nire herrian, nire familia lur eta uzta
on batez harro egon zitekeen. Dena zeruko probidentzia dela jakinik, amak primiziak jaso eta
aldian-aldian auzokoen artean banatzen zituen, familia behartsuenetatik hasita, eta guri
geratzen zenaren zati bat bakarrik ematen zigun. Adibide horretatik ikasi nuen interesik gabe
ematearen balioa. Horrela, ulertu dut Jainkoak dudan onena Berari emateko eskatzen zidala,
baita nire bizitza osoa ere».

Letizia Magri eta Bizi Hitzako taldea

 

 

[1] C. LUBICH, «Bizi Hitza», 2003ko azaroa, Ciudad Nuevan. 403 (11/2003), 22-23.

 

Normas(500)