Jesus Betaniara iristear dago, non Lazarok lau egun daramatza hilda. Horren berri izatean,
Marta, Lazaroren arreba, Jesusi bidera irteten zaio korrika. Jesusek oso adiskide zituen, bera,
bere ahizpa Maria eta Lazaro, Ebanjelioak azpimarratzen duen bezala (ik. Jn 11, 5).
Atsekabearen erdian ere, Martak Jaunari adierazten dio berarengan duen konfiantza.
Konbentzituta dago, neba hil baino lehen Jesus han izan balitz, bizirik jarraituko lukeela, baina
baita Jainkoari orain edozein eskaera egingo balio ere, erantzuna jasoko zukeela. «Piztuko da
zure neba» (Jn 11, 23), dio orduan Jesusek.
«Sinesten al duzu hau?»
Lazaroren itzulera oraingo eta hemengo bizitza fisikoari dagokiola argitu ondoren, eta ez
soilik sinestunak heriotzaren ondoren espero duena, Jesusek fedearen atxikimendua eskatzen
dio Martari; ez bere mirarietako bat egin ahal izateko – Juan ebanjelariak «zeinu» deituko
dituena – baizik eta bizitza berri bat eta piztuera emateko, berari, sinestun guztiei bezala.
«Neu naiz piztuera eta bizia» (Jn 11, 25), dio Jesusek. Eta eskatzen dion fedea harekiko
harreman pertsonala da, atxikimendu aktibo eta dinamikoa. Sinestea ez da behin sinatu eta
berriro begiratzen ez den kontratu bat onartzea bezala, baizik eta eguneroko bizitza eraldatu
eta blai egiten duen gertaera bat.
«Sinesten al duzu hau?»
Jesusek bizitza berri bat bizitzera gonbidatzen du orain eta hemen. Egunero
esperimentatzera gonbidatzen gaitu, jakinda berak ekarri digula, Eguberrian ikusi dugun
bezala, gure bila eta gure artera etortzeko ekimena hartuz.
Nola erantzun bere galderari? Begira diezaiogun Martari, Lazaroren arrebari.
Jesusekin duen elkarrizketan, Harenganako erabateko fede-aitorpena sortzen zaio.
Jatorrizko grekerak indar handiagoz adierazten du. Martak esaten duen «sinesten dut» horrek
«sinestera iritsi naiz» esan nahi du, «irmoki sinesten dut» «zeu zarela Mesias, Jainkoaren
Semea, mundura etortzekoa zena» (ik. Jn 11, 27)ondorio guztiekin. Denborarekin ondutako
konbentzimendua da, bizitzan aurre egin behar izan dien egoera ezberdinetan frogatua.
Jaunak niri ere galdera bera egiten dit. Niri ere eskatzen dit Harenganako erabateko
konfiantza eta bere bizimoduarekiko atxikimendua, guztiekiko maitasun bihotz-zabal eta
konkretuan oinarritua. Pertseberantziak nire fedea onduko du eta sendotuko da, eguna joan
eguna etorri, praktikan jarritako Jesusen hitzen egia egiaztatzean, eta guztienganako nire
eguneroko jardunean etengabe adieraziko dena. Hasteko, geure egin dezakegu apostoluek
Jesusi egindako otoitza: «Gehi ezazu sinesmena guregan» (Lk 17, 5).
«Sinesten al duzu hau?»
Hego Ameriketako Patriciak honela dio: «Nire alabetako batek lana galdu zuen lankide
guztiekin batera, gobernuak itxi egin baitzuen lan egiten zuten agentzia publikoa. Protesta
gisa kanpaldi bat antolatu zuten egoitzaren aurrean. Babesa ematen saiatu nintzen haien
jarduera batzuetan parte hartuz, janaria eramanez edo, besterik gabe, haiekin hizketan
geldituz. Ostegun Santuan, beraiekin zegoen apaiz talde batek, zeremonia bat ospatzea
erabaki zuen, entzuteko tarteak eskaini ziren, Ebanjelioa irakurri eta oin-garbitzearen keinua
egin zen Jesusek egindakoaren oroimenez. Han zeuden gehienak ez ziren pertsona erlijiosoak;
hala ere, batasun, senidetasun eta itxaropen handiko unea izan zen. Besarkatuak sentitu ziren,
hunkituak, eta eskerrak ematen zizkieten ziurgabetasunaren eta sufrimenduaren erdian
laguntzen zieten apaiz haiei».
Jesusen hitz hori aukeratu da 2025eko Kristauen Batasunaren aldeko Otoitz Asterako
leloa. Beraz, otoitz egin dezagun eta ahalegindu gaitezen amankomunean dugun sinesmenak
guztiekiko senidetasuna bilatzera bultza gaitzan: hau da gizateriarentzat Jainkoak nahi eta
proposatzen duena, baina gure atxikimendua behar du. Otoitza eta ekintza eraginkorrak
izango dira baldin eta Jainkoarenganako konfiantza honetatik eta ondoriozko gure
ekintzetatik sortzen badira.
Silvano Malini eta Bizi-Hitzako taldea