Hilabete honetako Hitza Paulo apostoluak tesalonikarren komunitateari ematen dizkion
azken gomendio batzuetatik hartua dago: «Ez itzali Espirituaren indarra, ez gutxietsi profezia
dohainik. Aztertu gauza guztiak eta hartu ona dena. Zaindu zeuen buruak edonolako
gaiztakeriatik» (1 Ts 5, 19-22). Profezia eta bereizketa, elkarrizketa eta entzutea. Horiexek
dira Paulok fedearen bideari ekin berri zion komunitate bati emandako aginduak.
Espirituaren askotariko dohainen artean, Paulok asko estimatzen zuen profeziarena [1].
Profeta ez da etorkizuna aurreikusten duena, baizik eta historia pertsonala eta kolektiboa
Jainkoaren ikuspuntutik ikusteko eta ulertzeko dohaina duena.
Baina dohain guztiak dohain handienak gidatzen ditu, karitateak, senitarteko maitasunak
(ik. 1 Ko 13). Agustin Hiponakoak dio karitateak bakarrik ahalbidetzen duela egoera
bakoitzaren aurrean zein jarrera hartu bereiztea [2].
«Aztertu gauza guztiak eta hartu on dena».
Gure dohain pertsonalei ez ezik, gure aurrean zabaltzen diren ikuspegi eta iritzien
konplexutasunak duen potentzialari ere begiratu behar diegu, inguruan ditugun
pertsonengan, kontrastatzen garenekin, eta baita kasualitatez topatzen ditugun pertsonengan
ere. Garrantzitsua da bihotzaren benetakotasuna denekin mantentzea eta baita gure
ikuspuntu mugatuaz jabetzea ere.
Bizi Hitza hau lelo gisa har genezake edozein elkarrizketa eta konfrontazio egoeratan.
Bestea entzuteak, eta ez nahitaez dena onartzeko, baizik eta esaten duen horretan zerbait ona
aurki daitekeela jakinez, bihotza eta adimena irekitzen laguntzen du. Maitasunagatik gure
burua hustutzea da, horrela elkarrekin zerbait eraikitzeko aukera izateko.
«Aztertu gauza guztiak eta hartu on dena».
Aita Timothy Radcliffe-k, Eliza Katolikoko Apezpikuen Sinodoan parte hartu zuten
teologoetako batek, honako hau adierazi du: «sinodo honetan egin dezakegun gauzarik
ausartena da erantzun argirik ez duten gure zalantzen eta galderei dagokienez zintzo
jokatzea. Orduan elkarrengana hurbilduko gara egiaren bilatzaile eta eskale gisa» [3].
Fokolarinoekin izandako solasaldi batean, Margaret Karramek honela komentatu zuen
gogoeta hau: «Horretan pentsatzen jarrita, konturatu naiz askotan ez dudala adorerik izan
pentsatzen nuena benetan esateko: agian ez ulertua izateko beldurrez, edo, agian
gehiengoaren iritzitik guztiz bestelako zerbait ez esateko. Ulertu dut, “egiaren eskale” izateak
elkarrenganako hurbiltasun jarrera hori izatea esan nahi duela, non denok nahi dugun
Jainkoak nahi duena, non denok batera ongia bilatzen dugun» [4].
«Aztertu gauza guztiak eta hartu on dena».
Mosaico arte eszenikoen taldea 2017an sortu zen Espainian Gen Rosso Local Project-aren
barruan. Beren artearen eta tailerren bidez senidetasunaren esperientzia eskaintzen duten
gazteek osatzen dute. Antíak Mosaicoren parte egiten du eta honela diosku: «Nire balioekiko
lotura da: senitarteko mundu bat, bakoitzak (nahiz eta oso gaztea izan, esperientziarik gabea,
zaurgarria…) proiektu honi bere ekarpena eginez. Mosaikok sinestarazten dit mundu batuago
bat ez dela utopia bat, zailtasunak zailtasun eta horrek dakarren lan handia gorabehera.
Taldean lan eginez hazi egin naiz, elkarrizketa itzel batekin eta nire ideiei, onenak iruditzen
zitzaizkidanak, uko eginez. Izan ere, “ona” piezaz-pieza eraikitzen da guztion artean» [5].
Patrizia Mazzola eta Bizi-Hitzako taldea
[1] Ik. JUAN PABLO II, Audientzia orokorra, 1992-06-24, 7. zk.
[2] AGUSTÍN DE HIPONA, Ep. Jo., 7, 8.
[3] T. RADCLIFFE, Meditazione n. 3, Amicizia, Sinodo dei Vescovi, Sacrofano 2023-10-2.
[4] M. Karram (Fokolareen Mugimenduko presidentea), Fokolarinoekin solasaldia, Rocca di Papa 2024-02-03.
[5] Mosaico GRPL Fuertes sin violencia proiektuaren parte da, eta diziplina anitzeko tailerrak antolatzen ditu gazteekin hiru egunez, indarkeriarik eza, bakea eta elkarrizketa bezalako balioak artearen bidez transmititzen saiatuz. Cf. LAR aldizkaria, 1go alea, Udaberria 2024, 11. or.