Urtarrila 2024

 
«Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa… eta lagun hurkoa zeure burua bezala» (Lk 10, 27).

Kristauen batasunaren aldeko otoitz Asteak [1], aurten, goian aipatutako esaldia eskaintzen du gogoetarako; honen jatorria Itun Zaharrean dago (Dt 6, 4-5; Lb 19, 18). Jerusalemerako bidean, Jesus legearen doktore batek geldiarazten du, eta galdetzen dio: «Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?» (Lk 10, 25). Horrela, elkarrizketa bat irekitzen da, eta Jesusek, bere aldetik, hau galdetzen du: «Zer dago idatzita Legean?» (Lk 10, 26), eta horrek solaskidearen erantzuna sortzen duelarik: Jainkoarenganako maitasuna eta hurkoarenganako maitasuna, oro har, Legearen eta Profeten sintesitzat hartzen dira.

«Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa… eta lagun hurkoa zeure burua bezala» (Lk 10, 27).

«Eta nor da nire hurkoa?», jarraitzen du legearen doktoreak. Maisuak samariar onaren parabola kontatuz erantzuten du. Ez ditu lagun hurkoa irudika dezaketen pertsona motak zerrendatzen, baizik eta gure edozein ekintzak izan behar duen erruki sakoneko jarrera deskribatzen du. Gu geu egin behar gara besteen hurko.

Galdera hau egin behar diogu geure buruari: «Eta ni, noren lagun hurkoa naiz?». Samariarrak egin zuen bezala, gure neba-arrebek izan ditzaketen beharrizanetan arduratu behar gara, sortzen diren egoeretan sakoneraino inplikatuz, inolako beldurrik gabe, guztiak lagundu, sostengatu eta adoretzeaz arduratuko den maitasunez.

Beharrezkoa da bestearengan beste ni bat ikustea, eta besteari geure buruari egingo geniokeena egitea. «Urrezko araua» deitzen dena da, erlijio guztietan aurkitzen duguna. Gandhik modu eraginkorrean azaltzen du: «Zu eta ni osotasun bat gara. Ezin dizut minik egin neu zauritu gabe» [2].

«Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa… eta lagun hurkoa zeure burua bezala» (Lk 10, 27).

«Lagun hurkoaren premien aurrean axolagabe edo etsita geratzen bagara, bai ondasun materialen mailan, bai ondasun espiritualen mailan, ezin dugu esan hurkoa geure burua bezala maite dugunik. Ezin dugu esan Jesusek maite izan zuen bezala maite dugunik. Jesusek irakatsi zigun maitasunean inspiratu nahi duen elkarte batean, desberdintasunek, maila ezberdinek, marjinazioak eta zabarkeriak ezin dute lekurik izan. […] Gure lagun hurkoarengan arrotz bat ikusten dugun bitartean, gure lasaitasuna asaldatzen edo gure planak zapuzten dituen norbait bezala, ezin dugu esan Jaungoikoa bihotz-bihotzez maite dugunik» [3].

«Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa… eta lagun hurkoa zeure burua bezala» (Lk 10, 27).

Bizitza une honetan gertatzen zaizuna da. Gure ondotik pasatzen den horretaz ohartzeak, besteari entzuten jakiteak aukera interesgarriak ireki diezazkiguke eta ustekabeko ekimenak eragin.

Honela gertatu zitzaion Victoriari:

«Elizan, nire ondoan eserita zegoen emakume afrikar baten ahots ederrak txunditu ninduen. Poza eman zidan eta parrokiako abesbatzarekin bat egitera animatu nuen. Hitz egiten hasi ginen. Ekuatore Gineako lekaimea da eta pasaeran dago Madrilen. Bere kongregazioan jaioberriak eta abandonatutako haurrak jasotzen dituzte, eta helduarora arte laguntzen diete unibertsitate- ikasketen bidez edo lanbide bat irakatsiz. Jostun-tailerra ondo antolatuta dago, baina ez dago josteko makina nahikorik».

Makina gehiago aurkitzen laguntzeko eskaintzen naiz Jesusengan fidatuz, entzuten gaituenaren ziurtasunarekin eta erreserbarik gabe maitatzera bultzatzen nauela.

Nire lagun batek maitasun-kate honetan parte hartzeaz pozten den artisau bat ezagutzen du. Josteko zortzi makina konpontzeaz arduratzen da eta lisatzeko makina bat ere aurkitzen du. Lagun bikote batek Madrilera eraman ditzake oporretarako lekua aldatuz eta ia 1.000 kilometro eginez. Horrela, «itxaropenaren makinak» Malaboraino iristen dira lehorreko eta itsasoko bidaia luze baten ondoren. Ginean sinistu ezinik daude! Beraien mezuek erabateko esker ona erakusten dute».

 

Patrizia Mazzola eta Bizi-Hitzako taldea


[1] Hau iparraldeko hemisferio osoan ospatzen da urtarrilaren 18tik 25era, eta hegoaldeko hemisferioan, Mendekoste astean. Aurtengo otoitzaren testuak Burkina Fasoko talde ekumeniko batek prestatu ditu

[2] C. LUBICH, El arte de amar, Ciudad Nueva, Madril 2006, 19 or

[3] C. LUBICH, Bizi hitza, 1985 azaroa, EAD., Palabras de vida/1 (1943-1990) (ed. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madril 2020, 357-358. orr

Normas(500)