2013ko uztaila

 
«Lege osoa betetzen da, agindu bakar hau betez gero: maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Ga 5,14).

Umeentzat         Neska-mutilentzat

Paulo apostoluaren hitz hauek laburrak dira, ederrak, zehatzak, argigarriak.

Kristau portaeraren oinarriak non egon behar duen esaten digute, portaera horrek inspirazioa non behar duen: maitasunean, alegia.

Agindu honen praktikan ikusten du Apostoluak legearen betetze osoa, honela dioena: Ez adulteriorik egin, ez ostu, ez gutiziatu … Jakina da, maite duenak ez duela horrelakorik egiten: maite duenak ez du inor hiltzen, ez lapurtzen …

«Lege osoa betetzen da, agindu bakar hau betez gero: maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».

Baina maitatzen duenak ez du soilik kalte egitea saihesten. Maitatzen duena ireki egiten da besteengana, ona nahi du, ona egiten du, emana bizi da: bizitza ematera dator maite duenaren alde.

Horregatik idazten du Paulok, lagun hurkoa maitatzean ez dela soilik legea betetzen, «lege osoa» burutzen dela baizik.

«Lege osoa betetzen da, agindu bakar hau betez gero: maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».

Lagun hurkoa maitatzea lege osoa betetzea baldin bada, beste aginduak medio gisa kontsideratu behar dira guri argibidea eta gida emateko, bizitzako situazioa korapilatsuetan jakin dezagun besteak maitatzeko bidea aurkitzen; beste aginduetan jakin behar da Jainkoaren asmoa eta nahia irakurtzen.

Jainkoak esanekoak nahi gaitu, kastuak, neurritsuak, otzanak, errukitsuak, pobreak … horrela elkar maitasunaren agindua hobeto betetzeko.

«Lege osoa betetzen da, agindu bakar hau betez gero: maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».

Galde geniezaioke geure buruari, nola daitekeen izan Apostoluak Jainkoaren maitasunaz ezer ez esatea.

Gauza da, Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko maitasuna ez dabiltzala lehian elkarrekin; aitzitik, lagun hurkoarekiko maitasuna Jainkoarekiko maitasunaren espresio dela. Izan ere, Jainkoa maitatzeak Haren nahia egitea esan nahi du; eta lagun hurkoa maitatzea da Haren nahia.

«Lege osoa betetzen da, agindu bakar hau betez gero: maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».

Nola jarri praktikan Hitz hori?

Argi dago: lagun hurkoa maitatuz, hura benetan maite izanez. Eta horrek esan nahi du, hari emanak bizi behar dugula, baina interesik gabe emanak.

Lagun hurkoa bere asmoetarako manipulatzen duenak ez du hura maite, asmoak espiritualenak baditu ere, adibidez santutasunean aurreratzea. Lagun hurkoa maitatu behar dugu, ez geure burua.

Horren alderantziz, maitatzen duenak zalantzarik gabe santu egiten du egiaz bere burua; “guztiz ona” izango da “Aita guztiz ona den bezala”, egin zezakeen gauzarik onena bete izango baitu: ondo ulertu du Jainkoaren nahia eta praktikan jarri du; legea osorik bete du.

Eta egia ez al da hori, bizitzaren azkenean maitasunaz soilik egingo zaigula azterketa?

CHIARA LUBICH

Ciudad Nueva aldizkarian argitaratua, 179. zkian. (6/1983), 30. or.

Normas(500)