2016ko martxoa

 
«Jainkoa zuen artean errege izaten hasia da» (Lk 11, 20)

Hori zen garai hartako juduek itxaroten zutena. Hori hasi zen Jesus hots egiten, herriz herri ibiltzen hasi zenean. «Gainean duzue Jainkoaren erregetza» (ik. Lk 10, 9). Eta ondoren berehalaxe: «Jainkoaren erregetza etorri da zuengana»; «Jainkoaren erregetza zuen artean dago jadanik» (Lk 17,21). Jesusen pertsonagan, Jainkoa bera bere herriaren erdian kokatzen zen eta erabakiz eta indarrez bere esku hartzen zuen historia, berori bere helmugara gidatzeko. Horren seinale ziren Jesusek egiten zituen mirariak.

Bizi-hitz hau hartu dugun Ebanjelioko pasartean, Jesusek sendatu berri du mutu bat, berori gatibu zeukan deabruagandik askatuz. Horrek frogatzen du gaizkia, edozein gaitz, garaitzera etorri dela, eta azkenik Jainkoaren erregetza finkatzera.

Hebrear herriaren hizkeran, «Jainkoaren erregetza» esapideak adierazten zuen, Jainkoak Israelen alde jokatzen duela, hura esklabotzatik eta gaitz guztitik ateratzen duela, hura zuzenbidez eta bakez gidatzen eta pozez eta onez blaitzen: Jainko hori Jesusek «aita» gupidatsu, maitekor eta errukiz betea agerrarazten du, seme-alaba bakoitzaren premia eta sufrimenekin sentibera.

Guk ere beharrezko dugu Jesusen aldarria entzutea: «Jainkoa zuen artean errege izaten hasi da». Geure ingurura begiratuz, maiz iruditzen zaigu, mundua gaizkiak menderatzen duela, indarkeria-zaleak eta ustelduak doazela aurretik. Batzuetan kontrako indarren, gainezkatzen gaituzten mehatxuen mende sentitzen gara. Ezinean sentitzen gara gerra eta inguruko kalamitateak direla-eta, hilketa eta klima-aldaketa, migrazio eta krisi ekonomiko eta finantzarioa direla-eta.

Eta hemen kokatzen da Jesusen aldarria, sinestera gonbidatuz Bera orain bertatik gaizkia menderatzen eta mundu berri bat sortzen ari dela.

Orain 25 urteko martxoan milaka gazteren aurrean, Chiara Lubich-ek bere ametsa aitortzen zuen: «Mundua hobea izan dadila egin, ia-ia familia bakarra aberri bat bakarra osatuko balu bezala, solidaritatez beteriko mundua; are gehiago, mundu batua». Orduan, orain bezala, horrek utopia zirudien. Baina amets hori egia bihur zedin, elkar maitasuna bizitzera gonbidatzen zituen, segurtasun izanez horrela beren artean izango zutela «Kristo bera, Guztiahaldun dena. Eta Harengandik den-dena espero ahal izango duzue».

Bai, Bera da Jainkoaren Erregetza.

Zein da gure eginkizuna? Hura beti gure artean egonaraztea. Horrela -jarraitzen zuen Chiarak- «Hura bera izango da zuekin ariko dena zuen nazioetan, zeren eta Bera itzuliko baita nolabait mundura, zaudeten leku guztietara, zuen elkar maitasunari eta zuen batasunari esker. Eta argi egingo dizue egin behar duzuen guztian, gidatu egingo zaituzte, sostengu izango duzue, zuen indar, zuen adore, zuen poza. Beraren bitartez zuen inguruko mundua bihotz bat izatera etorriko da, eta zatiketa oro konpondua. […] Maita ezazue, bada, elkar eta erein maitasuna lurreko mila bazterretan, pertsona, talde eta nazioen artean medio guztien bidez, horrela askotan aipatzen dugun maitasun-inbasioa gauzatu dadin eta -zuen ekarpenaz- denok espero dugun maitasunaren zibilizazioa finkatu. Horretara izan zarete deituak. Eta gauza handiak ikusiko dituzue»[1].

FABIO CIARDI

[1] (Genfest)Mundu Batuaren aldeko Gazteaken IV. nazioarteko jaialdia, Erromako Palaeur-en, 1990-3-31: cf. C. Lubich, La doctrina espiritual, Ciudad Nueva, Madril 2002, orr. 424, 431.

Normas(500)