2016ko apirila

 
«Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten» (Mt 25, 40)

Zergatik ditugu hitzok hain maiteak eta zergatik dute sarriro oihartzuna hil bakoitzerako aukeratzen ditugun Bizi-hitzetan? Beharbada Ebanjelioaren muin direlako. Jaunak, azkenean Bere aurrean aurkituko garenean, esango dizkigunak dira. Beroriei buruz joango da bizitzako azterketarik garrantzitsuena, zeinetarako egunero prestatuz joan gaitezkeelarik.

Jesusek galdetuko digu, ea eman diegun jateko eta edateko gose eta egarri zeudenei, ea arrotza etxean hartu dugun, ea biluzik zegoena jantzi, gaixoa edo kartzelatua bisitatu…dugun. Egite on txikiak dira, baina betikotasuna balio dute. Ezer ez da txiki, maitez egiten badugu, Berari egiten badiogu.

Izan ere Jesusek egin zuena ez zen izan soilik pobre eta baztertuengana hurbiltzea, gaixoak sendatzea eta sufritzen zutenak kontsolatzea; horrez gain begikoen gisara maite izan zituen anai-arreba deitzeraino, eta bat egin zen beraiekin solidaritate misteriotsuz.

Gaur ere Jesus presente dago bidegabekeria eta indarkeria nozitzen dutenengan, lan bila edo egoera ez-egonkorrean dabiltzanengan, gerrengatik beren herritik irten beharrean direnengan. Zenbat pertsona ari diren gure inguruan hainbat arrazoirengatik sufritzen, eta hitzik gabe ere laguntza eskatzen. Jesus bera dira eta maitasun gauzatu bat eskatzen digute, premia berriei erantzuteko moduko «errukizko egintza» berriak asmatzeko gai den maitasuna.

Ez dago inor kanpoan utzia. Pertsona zahar eta gaixo bat Jesus bera bada, nola ez eman hari behar duen laguntza? Haur etorkin bati hizkuntza irakasten badiot, Jesusi berari irakasten diot. Neure amari etxea garbitzen laguntzen badiot, Jesusi laguntzen diot. Espetxeratu bati itxaropena eramaten badiot, atsekabetu bat kontsolatzen badut edo min eman didanari barkatzen, Jesusekin jartzen naiz harremanean. Eta horrelako bakoitzean zera izango da fruitua: ez soilik besteari poz ematea, baizik eta guk geuk poz handiagoa sentitzea. Ematen dugunean hartu egiten dugu, barruko betetasuna dugu sentitzen eta pozik gara jartzen, zeren eta jakin gaberik ere Jesusekin aurkitzen baikara: Chiara Lubich-ek idatzi bezala, bestea, Jainkoarengana iristeko azpitik pasa behar dugun arkua da.

Honela ekartzen zuen gogora Chiarak Bizi-hitz honen zirrara bere esperientziaren hasieran: «Lagun hurkoa pentsatzeko eta maitatzeko gure aurreko modua behera etorri zen. Kristo nolabait edonorengan baldin bazegoen, ezin genuen bereizkeriarik egin, ezin genuen inor gogokoago izan. Txiki-txiki eginda gelditu ziren pertsonak sailkatzen dituzten giza kontzeptuak: herritar ala erbestetar, zahar ala gazte, eder ala itsusi, sinpatiko ala ez-sinpatiko, aberats ala txiro. Kristo zegoen bakoitzarekin batera, Kristo zegoen bakoitzarengan. Eta anai-arreba bakoitza benetan “beste Kristo” bat zen […].

«Horrela bizituz konturatu ginen, lagun hurkoa dela guretzat Jainkoarengana iristeko bidea. Gehiago oraindik, anai-arreba gertatu zitzaigun Jainkoarengana iristeko azpitik pasa behar dugun arkua.

«Hori izan zen gure esperientzia jada lehen egunetatik. Zenbat Jainkoarekiko-elkartasun sentitzen genuen gero gauean, otoitzean edo erretiroan, egun osoan anai-arrebengan hura maitatu eta gero! Eta nor zen kontsolamendu horren, geure baitako batasun hain berri eta zerutar horren emailea, Kristo izan ezik, bere Ebanjelioko “eman eta emango zaizue” hura (Lk 6, 38) bizi izan zuen Kristo izan ezik? Egun osoan anai-arrebengan maitatu genuen, eta orain Berak gintuen maite»[1].

FABIO CIARDI

[1] C. Lubich, Escritos espirituales / 4. Madril: Ciudad Nueva, 1997, orr. 206-207

Normas(500)