Maiatza 2024

 
«Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita» (1 Jn 4, 8).

 

Juanen Lehen Gutuna Asia Txikiko komunitate bateko kristauei zuzenduta dago, euren arteko elkartasuna berritzeko, hainbat doktrinatan banatuta baitaude. Egileak kristau predikuaren «hasieratik» aldarrikatua izan dena kontuan hartzeko eskatzen die, eta lehenengo dizipuluek Jaunarekin bizitzean ikusi, entzun eta ukitu zutena errepikatzen die, beraiek ere lehenengo ikasleekin elkartuta egon daitezen, eta beraz, baita Jesusekin eta Aitarekin. (ik. 1 Jn 1, 1-3).

«Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita».

Jasotako errebelazioaren funtsa gogoratzeko, egileak azpimarratzen du, Jesusengan, Jainkoak iniziatiba hartuz maitatu gintuela, giza existentzia bere muga eta ahultasun guztiekin muineraino beregan hartuz.

Gurutzean, Jesusek berak sentitu eta partekatu zuen bere haragian Aitarengandiko gure banantzea. Bere burua erabat emanez, mugarik eta baldintzarik gabeko maitasunez ezarri zuen berriro. Maitasuna zer den agertu zigun, hitzez eta bere bizitzaz irakatsia ziguna.

Jesusek emandako etsenplutik ulertzen dugu, benetan maitatzeak ausardia, esfortzua eta zoritxarretik eta sufrimendutik igarotzeko arriskua dakarrela. Baina horrela maitatzen duenak Jainkoaren bizitzan parte hartzen du eta bere burua ematen duenaren askatasuna eta poztasuna esperimentatzen ditu.

Jesusek maitatu gaituen bezala maitatuz berekoikeriatik askatzen gara, neba-arrebekin eta Jainkoarekin komunioari ateak ixten dizkiona, eta esperimentatu egin dezakegu.

«Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita».

Jainkoa ezagutzea izan da beti, batzuetan inkontzienteki, giza bihotzaren irrika; sortu eta ezagutzen gaituena, eta gauza guztien egiarik sakonena dakien Hura ezagutzea.

Jainkoa maitasuna bada, Berak bezala maitatuz, egia honetako zerbait antzeman dezakegu. Jainkoaren ezagutzan hazi gaitezke, funtsean haren bizitza bizi dugulako eta haren argian gabiltzalako. Eta hori erabat gauzatzen da maitasuna elkarrekikoa denean, elkar maitatzen badugu, «Jainkoak gugan irauten baitu» (ik. 1 Jn 4, 12). Bi polo elektrikoak ukitzen direnean eta argia pizten eta inguruan dena argitzen denean bezala gertatzen da nolabait.

«Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita».

Jainkoa maitasuna dela aditzera ematea – dio Chiara Lubichek – «gaur egun, tentsio larrian bizi den mundu modernoari eskaintzera deituak gauden iraultza handia da […], lehenengo kristauek orduko mundu paganoari erakusten zioten bezala» [1].

Nola egin? Nola bizi Jainkoarengandik datorren maitasun hori? Bere Semearengandik ikasiz, bereziki «[…] neba-arrebentzako zerbitzuan, batez ere ondoan ditugunentzat, gauza txikietatik hasita, zerbitzu xumeenetatik hasita. Jesusen antzera, maitatzen lehenak izaten ahaleginduko gara, geure buruarekiko atxikimendurik gabe eta guzti honek suposatu ditzaken gurutzeak, txikiak edo handiak, besarkatuz. Horrela, laster iritsiko gara gu ere Jainkoaren esperientzia hori izatera, Harekiko elkartasun hori izatera, Jesusek eraman nahi gaituen barruko argi, bake eta alaitasunezko betetasun horretara» [2].

«Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita».

Santak sarritan bisitatzen du zaharren egoitza bat, giro katoliko bat. «Egun batean, Roberta eta biak Aldo ezagutzen dute, gizon garaia, oso ikasia, aberatsa. Aldok begirada ilun batez begiratzen die bi gazteei: “Zergatik zatozte hona? Zer nahi duzue gugandik? Utz gaitzazue bakean hiltzen!». Santa ez da kikiltzen eta esaten dio: “Zuretzat gaude hemen, elkarrekin denbora pixka bat pasatzeko, elkar ezagutzeko, lagun egiteko”. […] Gehiagotan itzultzen dira. Robertak honela dio: “Gizon hura bereziki itxita zegoen, oso lur jota. Ez zuen Jainkoarengan sinesten. Santa izan zen bere bihotzean sartzea lortu zuen bakarra, samurtasun handiz, ordu luzez entzunez”». Bere alde otoitz egiten zuen, eta behin arrosario bat oparitu zion, eta Aldok onartu. «Geroago Santak jakin zuen Aldo bera izendatuz hil zela. Bere heriotzak eragindako mina arinagoa da lasai hil dela jakitean eta egun batean berak oparitutako arrosarioa esku- artean duela» [3].

 

 

Silvano Malini eta Bizi-Hitzako taldea


[1] Ik. C. LUBICH, Pensamendu espirituala «Aquí me tienes, ante cualquier hermano», 1984-1-19: La vida, un viaje, Madril 1994, 147-148 orr.

[2] C. LUBICH, 1991ko Bizi-Hitza: Ciudad Nueva 266 zk. (1991/5), 28 or.

[3 ] P. LUBRANO, Un volo sempre più alto. La vita di Santa Scorsese, Città Nuova, Erroma 2003, 83-84, 107 orr.

Normas(500)